astekaria 2017/09/01
arrowItzuli

ekonomia

Barrura begirako lau etxeko lan

Ivan Santamaria

Barrura begirako lau etxeko lan

Urte politikoa abiatu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak, oporren ostean. Kupoari buruzko akordioak eta EAJk Espainiako Gobernuari aurrekontuak aurrera ateratzeko eskaini zion babesak markatu zuten urteko lehen erdia. EAJren eta PPren arteko harremana indartzea ekarri dute Rajoyren eta Urkulluren agintaldi berriek. Espainiako politikagintzaren itzala handia izan da azken hilabeteotan.

Udazkenean, joera horren segida espero liteke, Moncloak Kongresuan duen ahuleziak bere horretan segitzen duelako. Hala ere, esparru ekonomikoari dagokionez, barrura begira zintzilik dituen etxeko lanei aurre egin beharko die Urkulluk. Kupoaren gatazka abiatu zenetik berritu gabe dago Ekarpen Legea, eta hori gaurkotzeak du lehentasuna. Hots, Espainiarekin finantza harremanak kupoaren bidez zehaztuta, orain erabaki behar da geratzen diren diru baliabideak nola banatu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikoen artean.

Kontu publikoekin harremana dute betebehar guztiek, azken finean. Baliabideak nola banatuko diren ezartzea ongi dago, baina, aldez aurretik, zenbat izango diren argitu beharko da. EAJk, PSE-EEk eta PPk hitzartu eta 2014. urtean indarrean jarri zen zerga erreformari jarritako epemuga amaitu zaio, eta beste erreforma baterako jokalekua prestatzen aritu dira eragile politiko eta ekonomikoak. Moldaketa egin nahi da, bai, baina zenbateko sakonera izango duen da argitu beharreko gauzarik garrantzitsuena.

Bi erreforma horiek gauzatzeko gorpuzten diren aliantzek zeresana izan dezakete beste bi alorretan ere bai. Batetik, Ogasun Sailak aurrekontu proiektu berria aurkeztuko du azaroan. Joan den urteko kontuak PPren babesari esker atera zituen aurrera gobernuak. PPkoek esan izan dute zergak igotzea dakarren moldaketa bat aurrera ateratzen bada, ez dituztela berriro ere kontu publikoak sostengatuko.

PPkoekin elkar aritzeak fruituak eman dizkio EAJri Madrilen eta Gasteizen. Edozein moldaketa gauzatzeko, bazkide bat behar dute jeltzaleek eta sozialistek. Hala da ziur aski mahai gainean dagoen erreforma polemikoenarekin ere: DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta eguneratzeko proposamena aurkeztu dio dagoeneko Urkulluren gobernuak Eusko Legebiltzarrari, baina lege batean nola islatuko den oraindik ikusteke dago.

EKARPEN LEGEA

Kontzertuaren eta kupoaren legeekin batera, EAEk duen finantzaketa sistema propioa osatzen du Ekarpen Legeak. Hirugarren hanka da, ziur aski ezezagunena, baina baita herritarrentzat ondorio praktiko handienak dituena ere. Eskualdatuta ez dauden eskumenen truke Espainiari dagokion partea ordainduta, dirua nola banatzen den arautzen du lege horrek. Eta zerga bidez bildutako diru gehiena da Jaurlaritzaren, foru aldundien eta udalerrien artean banatu beharrekoa.

2007. urtean eguneratu zen azken aldiz Ekarpen Legea. Harrezkero, ez da gaurkotu. Egia da EAJk beti nahiago izan duela kontu horri heldu aurretik kupoaren gatazka desblokeatzea; eskema hori ez dute aldatu auzi horren luzapenak, ezta ere PSE-EE agintean egondako tarteak.

Pentsa liteke Jaurlaritza eta foru aldundi guztien gobernuak alderdi berberen esku daudenez konponbidea ia automatikoa litzatekeela. Ez da horren erraza, ordea. Sistema aldatzeko kutxa irekitzen den bakoitzean agertzen dira herrialdeei egindako bidegabekeria zahar eta berrien zerrendak. Araban eta Gipuzkoan, aspaldiko kexa da egungo ereduak kalte egiten diela. Bizkaiak, berriz, iradoki izan du inoiz besteei konpentsazio gisa behar baino gehiago uzten duela. Denek, zeharka, Jaurlaritzari begiratzen diote. Azken finean, banatu beharreko hamar eurotik zazpi kudeatzen ditu Urkulluren gobernuak.

Joan den urtean, epemuga eta guzti jarri zitzaion akordioari. Gerora ez zen bete, eta Udal Legeari egotzi zioten ardura. Lege horrek dio administrazio bakoitzaren eskumenak eta finantzaketa beharrak aztertzeko lantaldea sortu behar dela, eta lantalde horren txostenak izan behar duela Ekarpen Lege berriaren oinarri. Hasiera batean, lege berria aurten izateko epemuga urriaren erdia litzateke, orduan finkatzen baitira hurrengo urterako diru bilketaren aurreikuspenak eta ekarpenak.

ZERGA ERREFORMA

Azken urteotan administrazioen buruhauste nagusietako bat izan da zerga bilketan aurreikuspenak betetzeko ezintasuna. Defizitari eusteko neurriak gehituta, kontu publikoak estutu dituen egoera da. Hiru urtez indarrean egon ondoren, zerga erreforma berrikusteko konpromisoa hartu zuten EAJk, PSE-EEk eta PPk. Arazoak ikusita, beste erreforma bat «premiazkoa» zela ere esan zuen Urkullu lehendakariak joan den otsailean. Erreforma horren xedea enpresek ordaintzen dutena handitzea izan behar zuela ohartarazi zuen Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak.

Sei hilabete geroago, premia horrek nahiko urardotuta dirudi, gobernuaren aldetik behintzat. Hiru aldundiek ontzat jo dute, kritikarik gabe, indarrean egondako erreforma, eta zerga bilketak uztailera arte izan duen hazkunde esanguratsuak (%15) behar sentsazioa arindu du. Erreforma sakon baten aukera urrundu da, baina neurriak udaren bueltarako iragarri dituzte ogasunek. Bizkaian eta Gipuzkoan, gehiengoa bermatuta luke edozein aldaketak, baina ez Araban. Ahal Duguk batzar nagusietan duen zatiketa ikusita, bi bidelagun posible geratzen zaizkie EAJri eta PSEri. Batetik, EH Bildu, erreforma esanguratsua exijitu duena. Bestetik, Alderdi Popularra, edozein igoera errefusatu duena.

AURREKONTUAK

Ekarpen Lege berriak, egotekotan, eta zerga erreformaren sakonerak baldintzatuko lituzkete Eusko Jaurlaritzaren baliabide ekonomikoak heldu den urterako. Aurrekontu proiektua azaroan aurkeztuko du gobernuak, eta ordurako bi moldaketa horiek eginda izatea komeniko litzaioke, datorren urterako indarrean sartuko direla bermatu ahal izateko.

Agintaldi berriko lehen kontuak aurrera ateratzeko PPkoen babesa bilatu eta lortu zuen Jaurlaritzak. Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoa izateko falta zaien eserlekuari etekina ateratzen ari zaio PP, ordezkaritzan atzera eginda ere euskal politikagintzan zer esanik baduela islatzeko, behintzat.

Jokaldia automatikoki errepikatuko den ustea mugatu nahi du Alfonso Alonsoren alderdiak, eta gobernuaren gehiengo falta hori beste alor batzuetan estutzeko baliatu nahi du. Amaia Fernandez PPko idazkariak borondate hori argi adierazi zuen joan den asteburuan Deia-n egin zioten elkarrizketan: «Zerga igoera batek ezinezko bihurtuko luke Urkulluren 2018ko aurrekontuak onartzea». Abisua emanda dago.

DSBE

Babes sozialeko sistemaren harribitxia zen, eta urakanaren begian dago orain DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta, batez ere PP gizarte laguntza eta iruzurra lotzen dituen kanpaina gordina bultzatzen hasi zenetik. Garai bateko adostasun erabatekoa pitzatuta dago, eta giro gaiztotu horretan sistema erreformatzeko proposamena egin zuen udaren aurretik Enplegu sailburu Beatriz Artolazabalek. Luze jo dezake eztabaidak, baina pilota Eusko Legebiltzarrera bota zuen gobernuak, eta udazkenean erabaki beharko du ganberak erreforma posiblea nola landuko duen.

BERRIAn argitaratua (2017/08/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA