astekaria 2017/09/01
arrowItzuli

gizartea

JUAN CARLOS RODRIGUEZ RICO

«Ez baduzu produktu batengatik ordaintzen, zeu zara produktua»

Samara Velte

«Ez baduzu produktu batengatik ordaintzen, zeu zara produktua»

Zenbat eta gailu gehiago eduki elkarri konektatuta, orduan eta aukera gehiago ditu edonork zibereraso baten biktima izateko. Horretaz «kontzientzia gutxi» dagoela uste du Juan Carlos Rodriguez Rico zibersegurtasunean adituak (Donostia, 1961); gaiari buruzko ikastaroak ematen aritzen da enpresetan, baina baita polizia erakundeetan edota Realeko jokalarien artean ere. EHUren aurtengo Udako Ikastaroetan aritu da gaiaz: «Denok erabiltzen dugu egunero Internet, haren inplikazioak garbi izan gabe».

Ia ofizio guztiek erabiltzen dute Internet gaur egun. Ikasketa guztietan txertatu behar al litzateke zibersegurtasuna?

Konbentzituta nago horretaz. Gaur egun, dena dago konektatuta. Ez dut esan nahi medikuek informatikaz edo zibersegurtasunaz jakin behar dutenik, baina gutxienez kontzientzia eduki behar dute, eta jakin, sistema batera sartzen ari direnean modu seguruan ari diren edo ez. Datuetara sartzeko defentsa mekanismo bakarra erabiltzaile izen bat eta pasahitz bat badira, ezin dute ziur egon inork ez duenik ikusi edo espiatu. Hor aise zabaldu daiteke erreten bat.

Erosketak, bankuko ordainketak, aisialdia... dena egin liteke Interneten. Zer egin behar litzateke eta zer ez?

Interneten aurrean ixteak ez dauka zentzurik; etengabe gaude konektatuta. Pentsatu behar duguna da nola eragotz ditzakegun zibererasoak. Adibidez: Interneten bidaia bat erreserbatzera goaz. Ordaintzeko modurik ohikoena kreditu txartela erabiltzea da. Bada: zure txarteleko zenbakiak ematea da egin behar zenukeen azken gauza. Bankuak aspalditik ari dira txartel birtualaren kontzeptua sustatzen, baina ez du arrakastarik izan, jendeak ez duelako ezagutzen. Ideia zera da: aldi baterako txartel bat sortzen duzu, zuk nahi duzun diru kopuruarekin. Bidaiaren erreserbak 200 euro balio badu, 200 euro sartzen dizkiozu, eta ordainketa egiten duzu. Beharbada, norbaitek datu horiek harrapatu ditu erosten ari zinela, baina ezin du zure kontu korrontean eskurik hartu.

«Ziberespioitza» entzutean, gobernuen arteko gerra zibernetikoak datozkie burura askori. Erabiltzaile arrunta nola izan daiteke biktima?

Egia da pentsa genezakeela: «Zergatik sartu nahiko luke norbaitek gure Facebooken?». Sarritan, gure bankuko kontuei buruzko informazioa izaten da azken helburua; akaso ez eurek erabiltzeko, baina bai datu horiek saltzeko. Horregatik da arriskutsua pasahitzena: erabiltzailea ez da gai izaten hamar edo hamabost pasahitz gogoratzeko, eta denetarako berbera erabiltzen du. Hori arriskutsua da; hobe da identifikazio bikoitza erabiltzea, sakelakora SMS bat bidalita, adibidez.

Zer gertatzen da sakelakoko aplikazioekin? Sarritan, begiratu ere egiten ez ditugun baldintzak onarrarazten dizkigute.

Ez baduzu produktu batengatik ordaintzen, zeu zara produktua. Aplikazio bat jaisten uzten dizutenean, zuri buruzko informazioa lortzen dute: zure ohiturak edo geolokalizazioa, adibidez. Zergatik dira hainbeste app doan? Ez dira gobernuz kanpoko erakundeak, mundu guztiak aplikazioak izatea nahi dutenak. Helburua da informazioa lortzea, gero beste enpresei saltzeko. Kasurik onenetan, publizitatea da helburua; okerrenetan, informazio xurgatzeko troiarrak instalatzea. Mikrofonoa edo kamera behar ez dituen aplikazio batek baimenetan aipatzen baditu, zerbaitengatik izango da. Gero zure Google kontura joaten zara, eta harrituta geratzen zara: autoan edo motorrean noan ere badaki!

Sakelakoan antibirusa instalatu behar genuke?

Hitz egiten da horretaz, baina ez dirudi oso eraginkorrak direnik. Aplikazioak diseinatuta dauden moduan, bakoitzak bere kutxatxoa dauka, eta ezin du ikusi zertan ari diren besteak. Arkitektura horrekin, oso zaila da antibirus batek beste programak zertan ari diren jakitea. Gehienetan, marka batzuekin fio dira, eta alerta ematen dizute baldin badakite beste marka batzuek birusen aurrekariak dituztela. Edukitzea ez dago sobran, baina gakoa sakelakoaren erabileran dago: soilik behar ditugun aplikazioak jaistea —eta ezinezkoa da pertsona batek 50 edo 100 behar izatea—, ziurtatzea legezko merkatu batetik jaitsi ditugula, eta baimenak bat datozela aplikazio horren xedearekin.

Duela gutxi, Danimarkak «enbaxada digital bat» zabaldu zuen, Google eta halako enpresei estatuen tratua emateko. Diplomazian jardun behar da haiekin?

Erraldoiak dira. Microsoft, Google, Amazon... merkatu osoan nagusi diren enpresak dira; izan ere, gaur egun, informazioak dauka baliorik handiena, eta enpresok horixe besterik ez dute egiten: informazioa kudeatu. Google bilatzaile gisa hasi zen; gero posta elektronikoa eskaini zuen, konpetentziak baino mega gehiagorekin; gero, aplikazio ofimatikoak; eta dena dohainik, baina korrelazioak eginez. Mapetatik, e-mailetatik eta dokumentuetatik informazioa ateratzen du, eta elkarrekin gurutzatzen du; azkenean, pertsonen profil osoak osatzeraino. Gaur egun, inork ezin du pertsona baten irudi osoagoa egin, Googlek baino: haren ohiturak dakizki, zer gustatzen zaion, nora doan... Facebookeko Atsegin dut ezaguna horren hasiera da. Zer egin dezakegun? Gutxienez, kontziente izan. Eta ez argitaratu ezer Interneten egunen batean damuaraziko bagaitu. Izan ere, damutzeko eskubidea oraintxe ari dira negoziatzen: eskatzen badiozu, akaso enpresak kenduko du informazio hori zerbitzaritik, baina nola dakizu ez duela inork deskargatu eta sarean berriz zabaldu?

Pertsonala publikoarekin nahasten dugu; ordenagailua banaka erabiltzen dugunez, ez zaigu iruditzen mundu guztiarentzat argitaratzen ari garenik.

Gaurkoz, zerbait argitaratzen baduzu eta librea bada, aukera ematen ari zara norbaiti informazio hori hartu eta zutaz zerbait jakiteko. Nik tailerrak egin izan ditut Realeko kadeteekin, eta beti esaten diet: «Jada taldekoak zarete; kontuz zer argitaratzen duzuen, lehenago edo geroago eragina izan baitezake». Gertatu izan da futbolari gaztetxoek sekulakoak esatea sareetan beste taldeei buruz, eta gero aukerak galtzea.

Internetekin, ugaritu egin dira delituak?

Iruzurrak ez dira aldatu, baina baliabideak, bai. Internetekin, gaizkileek kolpean milaka lagunengana iristea lortzen du; azkenean, %0,001ek amua irenstea aski zaie. Lehen, kalean topatu behar zintuzten, konbentzitu; zailagoa zen. Orain etengabe heltzen zaizkigu eskaintzak, eta jendea ez da jabetzen. Kalean gelditzen zaituen edonori alokatuko al zenioke apartamentu bat 30 euroan? «Bai arraroa», esango zenuke: «Honek engainatu nahi nau». Baina Interneten uste dugu sekulako mauka topatu dugula. Xaloegiak gara batzuetan.

BERRIAn argitaratua (2017/08/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA