astekaria 2015/11/27
arrowItzuli

politika

Eta «doan irteten zaie»

Hodei Iruretagoiena

Eta «doan irteten zaie»

Jarraipenak, atxiloketa, tortura, espetxea, bermea, epaiketaren zain egotea, epaiketa, atxiloketa berriz, espetxea...». Hori izan da azken bost urteotako sekuentzia dozenaka gazterentzat. Azaroaren 4an irten zen azkenengoz kartzelatik Aiala Zaldibar: «Ezpata hori gainean genuela bizi behar izan dugu. Orain pozik gaude kalean gaudelako, baina oraindik badago jendea kartzelan Segikoa izateagatik, badago sei urte egin dituen jendea gauza beragatik».

Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaiaren ostean, datu esanguratsuak utzi dituzte Segiren inguruko azken hiru auziek. 2013ko urrian hasi zen 40 gazteren aurkakoa, beste 28rena gero, eta Iruñerriko 10ena azkenik. 78 gazteetatik, 76 absolbitu dituzte. Azken auzian epaitu zuten Oihan Ataun: «Zazpi urtez egon gara honekin. Oso kalte larriak eragiten dituzte, bizitzako maila guztietan: ekonomikoki, sozialki, familian, lanean... Erabat baldintzatzen zaitu».

Gauza batek lotzen ditu hiru auziak, Jaione Karrera abokatuak azaldu duenez: inkomunikazioak eta torturak. «Hasi ziren Iruñerrikoekin, eta hortik atera ziren beste izen batzuk, inkomunikazio aldiko deklarazioetan. Behar izan dute hori prozedura aurrera joateko. Zerrenda beltzak osatu zituzten, eta ikusi zen gazteria konprometitu osoa zutela jopuntuan. Hortik auzipetu zituzten 40ak, eta gero 28ak. Epaiketara iritsi eta inkomunikazio aldiko deklarazioen balioaz zegoen jurisprudentzia sendoa zela ikusita, bertan behera geratu da dena».

«Planifikazio errepresiboa»

Argi ikusi da, Ataunen hitzetan, auziek ez zutela funts juridikorik. «Argi ikusi da bulkada politikoak zeudela atzean. Beldurrarekin, independentismoa deuseztatzen saiatu dira». Iritzi bera du Zaldibarrek ere. 2007 eta 2011 artean, 230 gaztetik gora atxilotu zituzten Espainiako eta Frantziako Poliziek, eta horrek «planifikazio errepresibo bati» erantzun ziola salatu du. Bulkada hori ez da berria, Ataunen esanetan. Espresio ezberdinak hartu ditu garaian garaian: «Y taldeak, Susperren zerrenda famatua...». Eta Segi «terrorista» izendatzea gero.

Atxilotu zituztenean, lehen lerroan jarri zituzten hedabide eta politikari askok, «terrorista» gisa. 2009ko azaroko sarekadan, Espainiako Barne ministroa bera atera zen «ETAren harrobiari burua moztu diogu» esanez. Ataun: «Atxiloketa momentuan sekulako oihartzuna eman zioten, eta orain ez diote ezer. Halakoetan ikusten da: doan irteten zaie».

Gazteek askotan salatu dute tortura egon dela guztiaren oinarrian. Ataunen kasuan, Estrasburgoko Auzitegiak Espainia zigortu zuen salaketa ez ikertzeagatik, baina beste askori ere berdin gertatu zaiela ekarri du gogora. Eta ikertu direnetan, bidean geratu direla salaketak. Kaltetu gisa ikusten du bere burua, ez biktima gisa. «Kontzeptu pasiboa da biktimarena, ekinbiderik gabeko subjektu gisa jartzen zaitu», dio. «Ez dakit estatuek aitortuko duten eragindako sufrimendua. Ez dakit itxaron behar diegun. Euskal Herriak badaki zer gertatu den. Egia, aitortza eta erreparazioa herritik etorriko da».

Auzitegi Nazionala azken zazpi gazteak zigortu ondoren, Gorenaren epaiari itxaron gabe atxilotu eta espetxeratu zituzten. Tartean, Zaldibar. «Azpimarragarri da horretan Ertzaintzaren eta hura gidatzen dutenen jarrera», salatu du. Karrerak jakinarazi du Konstituzionalera jo dutela orain, babes helegitea jartzera, askatasun eskubidearen aurka egin zutelako. Kereila ere jarri zuten Auzitegi Nazionaleko 4. sekzioko epaileen aurka, baina ez diete onartu. Aztertzen ari dira erreklamazioak eskatzea ere, gazteek preso pasatu behar izan dituzte urteengatik.

«Zigorrak, neurrigabeak»

Gorenaren azken sententzian, nabarmentzekoa da Ainhoa Villaverderen eta Ibon Estebanen zigorrak murrizteko arrazoia. Uztailean indarrean sartutako lege moldaketa baten arabera, «erakunde terroristako kide» izatea egotzita ere, epaitutako egitateak «larritasun gutxikoak» badira, epaileek aukera dute zigorra gradu bat edo bi jaisteko. Hau da, sei urtekoa jarri beharrean, adibidez, bi urteko jartzeko. «Hori onartuta, argi geratzen da neurrigabeak izan direla zigorrak», esan du Karrerak. Bai azken auzietakoak, baita antzeko beste askotakoak ere: 18/98koenak, Amnistiaren Aldeko Mugimendukoenak...

Auzi guztien aurkako mobilizazioa ere ez du ahazteko Zaldibarrek, eta bide bat egin dela nabarmendu du: «Desobedientziaren bideak emaitzak eman ditu, eta, noizbait bukatuko badugu honekin, bide horretatik izango da».

BERRIAn argitaratua (2015/11/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA