astekaria 2017/08/25
arrowItzuli

ekonomia

Jeepa, txinatar izateko bidean?

Jon Fernandez

Jeepa, txinatar izateko bidean?

AEBetako ikur bat bereganatu nahi du Txinako Great Wall konpainiak: Jeep, 4x4 autoen marka. Haizea alde dauka Txinako autogileak, Fiat Chrysler Automobiles (FCA) konpainiarena baita Jeep, eta haren jabeak badaramatza urte batzuk erosle baten bila, talde osoa saltzeko. Sergio Marchionne FCAko burua, orain arte, General Motors estatubatuarrarekin eta Volkswagen alemaniarrarekin ahalegindu da, baina ezezkoa eman diote biek. Astelehenean, ordea, Great Wallek interesa agertu zuen, baina talde amerikar-italiarrak ukatu egin du ezer negoziatzen hasi izana.

Txinatarrak berak ere atzo bertan ukatu zuen negoziazioak ofizialki hasi izana. Beraz, oraingoz, nahiak eta asmoak baino ez dira, gorteatze errituala; edonola ere, Txinako taldeak argi laga du intentzioa, izan, badaukala: «Beti izan dugu gogoa eta intentzioa FCA geure egiteko».

FCA munduko auto ekoizlerik handienetan zazpigarrena da, eta 11 marka produzitzen ditu: besteak beste, Alfa Romeo, Chrysler, Jeep, Lancia, Maserati eta Ram. Marchionnek 2019an hartuko du erretiroa, eta ordurako erosle bat bilatzea du helburu: behin eta berriz azaldu izan du indartu egin behar direla konpainia autogileak, fusionatu, gainera datorkien auto elektrikoen iraultzak eskatzen duen gihar finantzarioa eduki ahal izateko. Ildo horretan, hain zuzen, azken urteetan zenbait bat egite gertatu dira sektorean: azkena Opelena izan zen, joan den martxoan, zeina Peugeot-Citroenek erosi baitzion General Motors estatubatuarrari.

Fiat Marchionnek salbatu zuen, 2004an, kiebratik gertu zegoela; hark gidatu zuen Chryslerrekiko fusioa, 2009an, eta munduko zazpigarren postuan jarri zuen taldea. Baina fusio behar handiagoa du orain, AEBetako auto merkatuak goia jo baitzuen iaz, eta espero baitute aurten salmentak %7 jaitsiko direla herrialdean.

Hortaz, martxan dago FCA saltzeko atzerako kontua, eta Great Wall gose da. Nolanahi ere, konpainia txinatarrari oztopo finantzarioak eta politikoak sor diezazkioke FCA bereganatzeko bidean: batetik, ekonomikoki arriskutsuegia izan daitekeelako talde osoa bereganatzea; eta, bestetik, Donald Trumpen administrazioak trabak jar diezazkiokeelako America First leloaren izenean.

Great Wall ez da behar bezain handia FCA osoa bere egiteko, ez behintzat asko arriskatu barik. Burtsan 15.400 milioi euroko balioa dauka, eta FCAk, 14.000 milioi eurokoa; baina Fiat Chrystler taldeak, gainera, 3.500 milioi euroko zor garbia ere badauka. Hainbat adituk azaldu dute logikoena litzatekeela txinatarrak Jeep marka soilik erostea, hain zuzen ere Great Wall azpisektore horretan delako nagusi Txinan, eta bereziki 4x4 autoen arloan indartu nahi duelako marka. Baina, era berean, zentzurik ez luke FCAk marka bakarra baino ez saltzea, horrek ez lukeelako bermatuko Marchionneren asmo nagusia: iraultza elektrikoaren olatua hartzeko sinergiak lortu eta errentagarri izatea.

Jeepa, gainera, gero eta gehiago saltzen da. Iaz marka horretako 1,4 milioi 4x4 auto saldu zituzten, eta FCAk espero du salmentak 2 milioira igotzea 2020rako. Gorakada handia izan dute salmentek, urtean 900.000 saltzen baitzituzten Fiatek 2009an Chrysler bere egin zuenean.

Great Wall, berriz, maldan behera doa azken boladan, eta hain zuzen ere pattalaldia eteteko, eta gorabidean hasteko erosi nahi du FCA. Nagusi da 4x4 auto arinen arloan (SUV) Txinan, baina hala ere, aurtengo lehen sei hilabeteetan salmentak %4,7 gutxitu zaizkio, diru sarrerak %13,7 txikitu, eta irabazi garbia %49 urritu. Haval H6 da markaren SUV izarra —taldearen salmenten erdiak dira auto horrenak—, eta horren eskariak ere %5,5 jaitsi dira.

Gama handiko SUVak

Lasta bota nahi du Wei Jianjunek, Great Walleko buruak, eta auto garestienen eta luxuzkoenen ekoizpenean zentratu: WEY marka berria sortzeko asmoa agertu du, gama handiko SUVa. Hori lortzeko, gakoa litzateke mundu mailako erreferentea bereganatzea, Jeepa.

Izatez, dagoeneko ekoizten dira Jeepak Txinan. Izan ere, herrialdeko arauen arabera, atzerriko autogileak behartuta daude herrialdeko konpaniekin batera ekoiztera. Gaur egun, beraz, FCAk Txinako Guangzhou Automobilerekin batera ekoizten ditu Jeepak han.

Txinako autogile asko ez bezala, Great Wall enpresa pribatua da, eta SUV ekoizle nagusia herrialdean. Konpainiaren hedapen nahiak erakusten du, oro har, zer-nolako garrantzia hartu duen Asiako herrialde horrek autogintza sektorean mundu mailan. Bereziki auto elektrikoen arloan du indarra Txinak: argindar bidezko autoen munduko merkatu handiena da.

BERRIAn argitaratua (2017/08/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA