astekaria 2017/08/25
arrowItzuli

kultura

Garai bakoitzari beretik eman ziona

Amagoia Iban

Garai bakoitzari beretik eman ziona

Erakusketa bat mendeurrenari. John Lee Hooker: Boogiearen erregea jarri diote izenburua. Gaur bertan inauguratuko dute; ofizialki, blues musikako kondairak mendea beteko lukeen egunean. Ofizialki, ez baitago erabat argi zein urtetan jaio zen Hooker. 1912an sortu zela diote batzuek; 1915ean jaio zela besteek; 1917koa dela aipatzen dute gehienek; 1920 eta 1923 urteak ere agertzen dira zenbait biografiatan.

Gaurko dataren alde egiten dure haren oinordekoek; halaxe egin du Clevelandeko Grammy Museoak ere erakusketa antolatzeko. Musikaria jaio zen lurraldean dago museoa: Mississippin (AEB). Badu esanahi sinbolikoa, Mississippi ibaiaren deltako bluesa gitarra elektrikoarekin eraldatuz egin baitzen ezaguna Hooker. Utzi zuen musika ondarea ekarriko dute gogora erakusketan. Musikariaren grabazio bitxiak —erabat ezezagunak ere tartean direla—, musika tresnak haren Gibson ES-335 mitikoa ere bai—, argazkiak, emanaldietarako trajeak eta beste bildu dituzte.

Mendeurrenaren harira, gainera, diskoak ere ari dira plazaratzen. Martxoaren 31n, klasikoak bihurtu diren 1950 eta 1960ko kantekin osatutako Whiskey & Wimmen: John Lee Hookers Finest bilduma eman zuten argitara Universal eta Concord etxeek. Azken horrek, gainera, musikariaren 100 piezako bilduma plazaratuko du laster Craft Recordings zibilupean. Iragarri dutenez, bilduma horretan inoiz argitaratu gabeko grabazioak ere emango dituzte.

Eraginak

William Moore aitaordearen bitartez hasi zen Hooker gitarrarekin liluratzen. Hari zor zion gitarra jotzeko estilo berezia, behin baino gehiagotan errepikatuko zuenez. Beste eragin garrantzitsu bat ere izan zuen: Tony Hollins. Hark eman zion lehen gitarra, eta baita nola erabili erakutsi ere. Hain ezagun egingo zituen Crawlin' King Snake eta Cattfish Blues kantak ere, hari ikasi zizkion.

Ikasi beharrekoak ikasitzat jo, eta 14 urterekin egin zuen ihes etxetik. Memphisen ezarri zen. Han hasi zen jendaurrean jotzen, areto txikietan zein etxe barruko festetan. Detroitera aldatu zen. Hango auto fabriketan egiten zuen lana egunez; ahal zuen toki guztietan jotzen zuen bere gitarra akustikoa gauez. Soinu altuagoaren bila, lehen gitarra elektrikoa erosi zuen. Hegoalde nekazariko bluesa elektrifikatzen hasi zen. Ahots sakoneko eta gitarra jotzeko estilo bereziko musikari haren zaleak ugaltzen hasi ziren. «Gitarrak hitz egiten zidan, eta nik hari ere bai», esan zuen noizbait.

Detroiten liluratutako entzuleen artean zen Elmer Barbee. Musika denda bat zeukan, eta estudio txiki bat ere bai etxean. Gitarra eta ahots soilez, egurrezko zoru gainean oinarekin kolpekatzen grabatu zuen Hooker. Barbeek Sensation Recordsen jabea, Bernie Besman, ezagutzen zuen. Hala zabaldu zitzaion lehen grabaketak egiteko bidea Hookerri, 1948an; hala etorri zen lehen arrakasta: Boogie Chillen. Modern Recordsekin plazaratu zuen, eta 1949ko gehien salduetako bat bihurtu zen. «Rock and rollaren lehen urratsa izan zen hura», Hookerren esanetan.

Besmanek grabaketa gehiago ere egingo zizkion. Alfabetatu gabea zen Hooker, baina hori ez zuen eragozpen AEB osoko gazteek kantatuko zituzten hitzak sortzeko. Blues kanta tradizionalez gain, klasikoak bihurtu ziren kantak sortuko zituen. Dimples, I'm in the Mood, Crawlin' King Snake eta Hobo Blues arrakastatsuak garai hartan argitaratu zituen. Besmanek jaso zituen kantuon irabazi gehienak, hala ere, Hookerren kanten egile gisa agertzen baitzuen bere burua.

Beste etxe batzuekin hasi zen grabatzen, ezizenez. Ez zuen diru askorik ikusi horrela ere, baina, 100 dolar kobratzen zituelako grabazio saioko, eskubideak diskoetxeen esku utzita. Halaxe azaldu zuen ordukoa urte asko geroago: «Haiek diru ederra egiten zuten, baina guk ez genuen jasotzen, ez genekielako ezer».

Hookerrek Vee-Jay Recordsekin sinatu zuen hurrengo kontratua. Bere lanen ehunka mila ale salduak zituen ordurako, baina aleon irabazirik ikusi gabe sartu zen 1960ko hamarkadara. Folk mugimenduaren gorakadarekin, blues musikaren ikurtzat hartu zuten belaunaldi berrikoek, eta Hookerrek beste norabide bat eman zion bere lanari. Sustrai akustikoetara itzuli zen. Folk musikariak bakarrik ez, Atlantikoaz bestaldeko rock taldeetako kideak ere liluratu zituen Hookerrek. Rolling Stones, The Animals, The Yardbirds taldeen bitartez zabaldu zen haren musika Europara. Izar baten distiraz ageri zen.

AEBetako hegoaldean XX. mende hasieran pianoarekin sortu zen boogie-woogie estiloa bere gitarrarekin moldatzeko eragatik ezaguna egin zenak —hortik zetorkion Boogiearen Erregea ezizena— rock-and-rollaren eta bluesaren arteko zubi lanari eutsi zion, AEBetan eta Europan kontzertu andana eskainiz. 1980an, The Blues Brothers filmean agertu zen, eta are ezagunagoa egin zen. 70 urteak ondo beteak zituela plazaratu zuen gehien saritu zioten diskoa: The Healer. Bonnie Raitt, Carlos Santana, Los Lobos eta beste hainbatek kolaboratu zuten disko horretan Hookerrekin, eta 1989ko Grammy saria jaso zuen lan horrengatik. Garai hartan hasi zen bere lanen eskubideen ordaina behar bezala kobratzen. Aberastu egin zen. 1990eko hamarkadan bost disko gehiago eman zituen. Baita Don't Look Back ere, Van Morrisonekin batera. Azken horrekin eta beste hainbatekin emanaldi ugari eskaini zituen.

2001eko ekainaren 21ean hil zen. Data horren inguruan ez da zalantzarik. Egun batzuk lehenago kontzertua emana zen.

BERRIAn argitaratua (2017/08/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA