astekaria 2017/08/25
arrowItzuli

gizartea

Oinordetzan jasotako pobrezia, gora

Ion Orzaiz

Oinordetzan jasotako pobrezia, gora

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lau haurretik bat pobrezia arriskuan bizi da. Hori da Unicef gobernuz kanpoko erakundeak ekainean aurkeztu zuen azken txostenaren ondorio nagusietako bat. Beste bat: EAEko haurren %12 bizi dira enplegurik edo diru iturri finkorik gabeko familietan. Hots, ezinbestekoak dituzte gizarte laguntzak edota karitatea, bizirik irauteko. Ez da kasu bakana. Azken urtebetean egin diren ikerketa eta txosten guztien arabera, pobreziak gora egin du Hego Euskal Herriko lurralde guztietan 2008an krisi ekonomikoa hasi zenetik. Adierazle guztiak bat datoz horretan, baina, bereziki, adingabeen egoera larriaz ohartarazi dute erakundeek, krisiaren eragina modurik bortitzenean pairatu baitute: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, haurren %9 bizi dira muturreko pobrezian, Save The Children erakundeak otsailean argitaratutako datuen arabera. Nafarroan, are larriagoa da egoera: Errealitate Sozialaren Behatokiaren esanetan, %16 adingabe daude egoera horretan. Seitik bat.

Xehetasunei dagokionez, ezberdintasunak agerikoak dira txosten batzuen eta besteen artean —metodologia eta erreferentzia propioak erabiltzen ditu erakunde bakoitzak—, baina denek islatzen dute joera bera. Berriki aurkeztutako Haurren eta nerabeen egoera Euskadin izeneko ikerketan, esate baterako, pobrezia arriskuan diren adingabeen ehunekoa nabarmendu du Unicefek: %25,3. Horrez gainera, «gabezia material larriak» dituztenen egoera ere azpimarratu du: «Ezin dituzte ordainagiriak garaiz ordaindu; ezin dute etxea bero mantendu; ezin diete ezusteko gastuei aurre egin; ezin dute haragia, oilaskoa edo arraina jan gutxienez hiru aldiz astean; ezin dira oporretara joan; eta ezin dute autoa, garbigailua, telebista edo telefonoa eduki». Aurreko zerrendatik, lau baldintza baino gehiago betetzen dituztenak sartu dituzte multzo horretan, eta EAEko adingabe guztien %6,7 direla ondorioztatu dute.

Desoreka handiagoak

Datu guztiak aintzat hartuta, Hego Euskal Herriko egoera ez da inguruko erkidegoena bezain larria, baina familien arteko arrakala handitzen ari dela ohartarazi dute. Save The Children erakundearen Ondasungabeak txostenaren arabera, kezkagarria bihurtu da desoreka: «2008tik aurrera, gora egin du desorekak, biztanleria pobretuaren diru sarrerak murriztu egin direlako, gainerako biztanleen sarrerekin alderatuta; ondorioz, pobrezia erlatiboa %8,3 hazi da, eta pobrezia larria, berriz, ia bost puntu».

Horrek esan nahi du gero eta gehiago direla pobreziaren langatik behera daudenak, gero eta urrunago daudela klase ertainetatik, eta aurreko guztiaren ondorioz, gero eta zailagoa suertatzen zaiela putzu sakonetik ateratzea.

Orain arte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan desorekak goia jo ez badu, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentari eta etxebizitzarako prestazio osagarriari esker izan dela uste dute adituek. Gizarte babeseko laguntza horiek gabeziak dituztela uste duten arren, ezinbestekotzat jo dituzte, zuloa handitu ez dadin.

Nafarroan, krisiaren erdian, kontrako norabidea hartu zuen UPN eta PSNren gobernuak: gizarteratzeko errentaren erreforma ezarri zuten 2012an, diru kopurua murriztu eta errenta jasotzeko baldintzak gogortu zituzten. Erabaki horren ondorioak orain ari dira azaleratzen. Hala, Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak eginiko azken txostenaren arabera, pobrezia mailak askoz modu bortitzagoan egin du gora. Pobrezia arriskua, adibidez, %21,1etik %27,4ra igo zen UPNren azken bi agintaldietan; eta adingabeen kasuan, %35,5era. 2011-2015eko legealdia amaitzean, Nafarroako haurren muturreko pobrezia tasa %16 zen. Inoizko handiena. «Oso argazki kezkagarria utzi digu azken analisi honek, pobreziaren hazkundea nabarmena eta orokortua izan delako», azaldu zuen Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendari Patxi Tuñonek, txostenaren aurkezpenean.

Erakunde publiko horrez gainera, Caritasek ere Nafarroako egoeraren okertze larriaz ohartarazi zuen iaz, Foessa fundazioarekin batera eginiko txostenean: «2012an Espainiako pobrezia tasarik txikiena zuen Nafarroak, baina 2007az geroztik pobrezia mailaren hazkunderik handiena pairatu du».

Ezaguna izanagatik, analisi ofizialetatik at geratu ohi den faktore bat azaleratu dute ikerlanok: pobrezia kronikoa da, eta oinordetzan jasotzen da. Foessa fundazioaren esanetan, haurtzaroan eta nerabezaroan pobrezia sufritu zutenen %80ek arazo ekonomiko bertsuak dituzte helduaroan ere. Unicefen Euskal Herriko batzordeko koordinatzaile Elsa Fuenteren esanetan, aldiz, «familiaren egoera sozioekonomikoak baldintzatzen ditu haur eta nerabeen bizi baldintzak nahiz etorkizuneko aukerak». Horregatik, ezinbestekotzat jo du lanean segitzea, haur horiek atzean gera ez daitezen. «Ume bakar bat ere ez».

BERRIAn argitaratua (2017/08/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA