astekaria 2017/08/18
arrowItzuli

kirola

JOSE LUIS MENDILIBAR

«Helburua zein? Betikoa»

Aitor Manterola

«Helburua zein? Betikoa»

Neguan baino jende gehiago dabil Atxabalpe zelaian Eibarren entrenamendua ikusten. Aldatzen ez dena taldearen lan egiteko modua da:bizi beti. Horixe baita Jose Luis Mendilibar entrenatzailearen (Zaldibar, Bizkaia, 1961) jokatzeko eraren bereizgarrietako bat. Saioa amaitu eta gero, harmailetan eserita eman du liga hasi aurreko bere lehen elkarrizketa.

Entrenatzaile bat ahatz daiteke futbolaz opor garaian?

Ezinezkoa da, azkenean. Aldaketa gutxi batzuk egin ditugu taldean, eta beti egon behar du entrenatzaileak telefonoa gertu duela. Hala ere, opor garaian, egunean ordubete bakarrik egiten diot kasu telefonoari. Oporrak opor dira, eta klubekoek badakite zein ordutan edukitzen dudan telefonoa martxan.

Futbola burutik kendu bai, baina ez erabat, hortaz.

Beti egoten da zer ikusi telebistan, adibidez. Baina jokalariak ikusteko, ekarri nahi dugunen bat edo, ikusita bakarrik ez dut informazio osoa jasotzen, nahiago izaten dudalako zuzenean ikusi jokatzen. Gainera, ez da bakarrik ikustea, pertsona gisa ere ezagutu egin behar da:nola entrenatzen den, egunean zer egiten duen, ez badu asko jokatzen zein jarrera izaten duen eta abar.

Fitxaketa bat egin aurretik ahalik eta alderdi gehien menpean izan behar, ezta?

Hori da. Beti ezin da dena menderatu, baina, denboraz ibiltzen bazara, aukera egoten da. Zailagoa da atzerritik datorrenari halako segimendua egitea.

Fitxatu dituzuen guztiei egin diezue azterketa zehatz hori?

Denei ez, ezinezkoa delako. Azkenean, kale edo bale egitea da gauza guztiak jakin gabe norbait ekartzea, baina beste aukerarik ez dugu izaten zenbaitetan. Jokalariak zein jarrera izaten duen entrenamendu bakoitzaren ondoren, jokatzen ez duenean eta antzeko egoeretan egunero harekin gaudenok bakarrik dakigu. Idazkaritza teknikokoek ez dute hori jakiten, eta zenbakien inguruan hitz egiten dute: hogeita bi jokalariko taldea nahi dutela, luzeagoa, motzagoa... Nik ez ditut bi jokalari gehiago nahi, adibidez, deialditik kanpo geratzen direnak gehiago izaten direlako kasu horietan, eta horien balizko ezinegona kudeatzen lan gehiago gero. Azkenean, beti egoten dira hainbat jokalari gutxi jokatzen, eta zergatik ekarri beste bi gehiago?

Fitxaketak egiteko orduan asko eztabaidatzen duzu Garagarza kirol zuzendariarekin?

Iritzi ezberdinak beti egoten dira, eta ona da hori. Haiek badakite nola jokatzea gustatzen zaidan, eta horretarako zer jokalari mota behar dudan. Baina, batzuetan, gauzak beste era batera ikusten dira kanpotik; adibidez, esaten da Mendilibarrek atzelari bizkorrak behar dituela atzeko lerroa oso aurrean jartzen duelako. Eta nik ez ditut bizkorrak behar ezinbestean; buruz azkarrak gustatzen zaizkit niri, jokaldia lehenago ikusten duetenak. Ekarri nahi dugun jokalari bati ezaugarri horiek dituen antzematea zaila izaten da zelaian bertan, ez dakizulako bere entrenatzaileak zer eskatzen dion; agian badu ezaugarri bat gure gustukoa, baina entrenatzaileak hori erabiltzeko eskatzen ez dioenez, guk fitxatu arte ezin izaten dugu jakin gurera ondo moldatuko den edo ez.

Oro har, jokalariak ulertu egiten du zertan ari den zelaian? Edo egiteagatik egiten du, zertan ari den arrastorik gabe?

Denetarik dago, eta ez dizut izenik emango, baina guk ere era guztietakoak dauzkagu:batzuei ezer ez diezu esan behar, mugimendu oso onak dituztelako, baina beste batzuekin gainean egon behar da, zelaian ondo jarri daitezen.

Aurreko denboraldiko taldetik zein jokalariren hutsunea nabarituko duzu gehien?

Florian Lejeunena. Berak jokatu zituen ia partida guztiak hasieratik, eta, geratu izan balitz, guretzat hobe, baina ez dugu aukerarik izan, dirua jarri dutelako bera eramateko. Beste jokalari batzuk dauzkagu, eta ezin diegu eskatu oraingoei Lejeunek bezala jokatzeko, jokalari bakoitza ezberdina delako. Denei atera behar diet probetxua.

Erdiko atzelari bat bakarrik falta zaizue fitxatzeko?

Bai. Gero, taldetik jokalari batek edo bik utzita joan beharko dute.

Fitxaketak egiteko epea ixteko eguna gainera dator, eta noizko erdiko atzelari berri hori?

Etorri beharko du laster. Nahiago genuke gurekin balego dagoeneko, baina presarik ere ez daukagu. Zaila da jokalari onak ekartzea, eta ea asmatzen dugun.

Lau erdiko atzelariak eskuinak izango dira berriz?

Ezkerrik ba al dago? Esaten didate zer nahi dudan, eta ona izatea erantzuten diet. Ezkerra izan behar du ezinbestean, baina eskuin bat baino txarragoa? Ez.

Aurreko denboraldia aztertu eta gero, zertan hobetu behar du taldeak?

Beti dago zer hobetua, baina ez da hain erraza. Esaten dizute defentsan egin behar dugula hobera, baina, horretarako, erasoan eskasago moldatu beharko genuke. Oso talde ona bada erasoan eta eraginkorra, atzekoek ere laguntzen dutelako izango da, ezta? Hegaleko atzelariak gora egiten dutelako, adibidez. Hori horrela eginda, normala da atzealdean zailtasun handiagoak izatea. Burua eta hankak ezin dira estali biak batera, eta Eibarrentzat zailagoa da, gainera. Oso gustura nago aurreko denboraldian egindako lanarekin. Uste dut aurreko bi sasoietako lan ona ez zela ondo islatu sailkapenean. Duela bi denboraldi, hamalaugarren izan ginen, eta aurrekoan hamargarren, gorago ibilita denbora ia guztian. Gustatuko litzaidake hasi eta buka mantentzea presio eta kontzentrazio hori.

Sailkapenak ez al du ba islatzen oso zehatz talde bakoitzaren lana?

Ezezkoan nago.

Zuen estiloa nagusitzen zenean, gai zineten aurkaria bere zelaian edukitzeko preso, baina, bestea nagusi zenean, eta zuek zeundetenean atzean, ez al zitzaion taldeari iaz abiadura falta bizi ateratzeko?

Bai eta ez. Dena ezin da eduki. Bi aurrelarirekin aritu ginen, eta biak antzekoak;lan ona eman ziguten erasoan eta defentsan. Aurrelari txikiagoa eta bizkorragoa sartuz gero, ezingo genukeen gure jokoa ondo egin erasoan. Jokalari bizkorrak ere baditugu, Peña adibidez, baina ez zuen asko jokatu.

Charles izan daiteke aurrelari ezberdin hori?

Bada ezberdina, baina hain azkarra ez. Area barruan errematatzeko da oso ona, baina ez da, agian, gu atzean sartu eta kontraerasoan ateratzeko egokia. Hegaletatik, azkarrak ez dira Inui eta Pedro Leon, adibidez;baina oso jokalari onak dira. Leonek ez dauka beharrik oso gora heltzeko erdiraketa ona ateratzeko, eta Inui trebea da baloia oinetan duela beste taldekideen jokatzen. Pozik nago haiekin, eta baita Bebe eta Peñarekin, gutxiago jokatu bazuten ere.

Peña eta Bebek, adibidez, aurrera pausoa eman behar dute sasoi honetan, taldeari gehiago laguntzeko?

Taldea ondo badoa, ez naiz aldatu zalea. Gutxien jokatzen dutenei eskatzen diet ondo entrenatzeko, eta partidetan jokatuko dituzten minutu apurretan, lau gauza ondo egiteko. Txarrena litzateke hirugarren partida iritsi, eta talde osoak izatea jokatzeko aukera. Jokoa eta emaitzak onak ez diren seinale litzateke hori. Gustatzen zait hasierako hamaikakoa nahikoa finkatuta edukitzea, eta, gero, hiruzpalau jokalari prest izatea. Horrek esan nahi du taldea ondo ari dela.

Gatozen lehengora, taldea atzerago sartu beharrean egoten den egoerara. Gertatuko da orain ere antzekoa, eta entrenatzaile gisa, hori ere ondo landu behar da, nahiz eta zure estiloaren barrukoa ez izan?

Entrenatzaileok ez ditugu erregistro guztiak menderatzen. Nik jokalariei esan beharko nieke atzean daudenean ez kezkatzeko, eta, zain egonez, kontraerasora ateratzeko. Jokalariak pentsatuko luke: «Zer ari zait esaten hau, beti ari bada eskatzen goian presionatzeko?». Ez da hain erraza hainbeste aldatzea. Demagun beste talde bat dudala, atzean zain egoteko egokia dena, baina horretarako nik neuk egon behar dut konbentzitua hori dela jokatzeko era onena. Hori oso zaila da. Nik 22 urte daramat entrenatzen, eta hasieratik jokatu izan dut orain jokatzen dudan bezala, horrekin erabat konbentzitua nagoelako. Urteeen joanean, gauza txikiak aldatu izan ditut. Agian entrenatzaile txarra izango naiz gauazak asko aldatzen ez ditudalako, baina horrela pentsatzen dut. Badakit tokatuko zaigula atzean sartuta egotea, eta batzuetan lantzen ditugu egoera horiek, talde bat jokalari bat gehiagoz jarriz entrenamenduetako zenbait ariketatan. Egiten dugu, baina garbi izanda gure estiloa lantzea dela garrantzitsuena.

Helburua? Mailari eustea ala beste zerbait?

Mailari eustea, beti bezala. Hamar-hamabi talde egongo gara lehia horretan, ziur nago.

Hirugarren denboraldia duzu jokalari batzuekin, eta horrek behartzen zaitu entrenamenduetako ariketak aldatzera, landu beharrekoa berdina izan arren?

Bai eta ez. Jokalari horiek pozik daudela uste dut, eta iruditzen zait ez dela asko aldatu behar. Beti esaten da urte asko elkarrekin egotea ez dela ona, eta komeni dela jokalariak aldatzea, baina gureak oso gustura dabiltza, eta ez dugu asko aldatu behar. Zelaitik kanpo taldea eramateko moduarekin ere gustura daude:bidaiak, Ipuruako Txokoa...

Zer iritzi duzu Neymar eta 222 milioi horiez?

Jendeak ez dio garrantzirik ematen diruari, ezta zaleek ere, uste dut. Zaleak galdetzen du ea soldata garbia den edo brutoa, eta nik esaten dut zer axola duen horrek, zaleak ez baitu sekula santan halakorik irabaziko. Jendeak eskatzen du fitxaketak egiteko, orain Bartzelonan bezala. Nora doa futbola? PSGko jekea nazkatzen den egunean dirua jartzeaz, zer gertatuko da taldeaz? Diru arloko Fair Play delakoan, UEFAk edo FIFAk kontrolatzen ditu halako dirutza gastatzen dituztenak? Kontrolatzen bada, aurrera, baina ez dakit. Ez dut uste PSGk irabaziko duenik Txapeldunen Liga, gainera, diruaz gain, taldea egiteko beste gauza asko ere behar direlako.

Aurreko asteburuan, bi jokalari epaileari eskuak gainean jarriz eta bultzaka ibili ziren: Alexis Alavesekoa eta Cristiano Ronaldo. Nora doa futbola?

Cristianori jarri diote bost partidako zigorra, eta, hemengo kasuan, uste dut lagunarteko partidetan ere zigorrak jarri egin behar direla, eta txartelak ere beti bezala aterako beharko liratezkeela. Epaileari zerbait egin eta gero, jokalari horrek zigorra behar du, baina nork zigortu behar du? Euskadiko Federazioak, Espainiakoak, UEFAk? Azkenean, lagunartekoei ere seriotasuna eman behar zaie.

Horrelakoak gertatzeko arriskua ez al zen ikusten azken aldiko jarrera batzuetan?

Lehen ere gertatzen zen udako torneoetan, orain 25-30 urte, Hegoamerikako taldeak etortzen zirenean. Baina uste dut lagunartekoak serioago hartu behar ditugula denok. Adibidez, talde batzuek aldaketak egiten dituzte azkeneko hamar minutuetan, etengabe jokoa geratuz, eta hori ez da serioa, erritmoa ezin delako landu behar bezala. Ez dakit nahita ez dituzten egiten zenbait taldek halakoak, gero denboraldi osoan ere denbora galtzen ibiltzen dira eta.

BERRIAn argitaratua (2017/08/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA