astekaria 2017/08/18
arrowItzuli

gizartea

Abuztu erdiko ekaitza

Samara Velte

Abuztu erdiko ekaitza

Udako egun sargorietan puztu eta ilunabarrean lehertzen den ekaitzaren moduan blaitu ditu aurten turismoari buruzko eztabaidak egunkarietako orriak. Egiaz, ez dira berriak gaiaren inguruko kezkak: turismoaren eragina gehien sumatzen duten herri eta auzoetan aspaldikoak dira protestak eta parodiak —Gipuzkoako Urola Kostan egin ohi diren giri egunak, adibidez—, eta unibertsitate eta aholku kabineteetan ere geroz eta gehiago dira, hirien garapenaz kezkatuta, eredu iraunkorragoak asmatzen dabiltzanak.

Baina aurtengo udan, turismoa auzi politiko bihurtu da. Alderdi politikoek txankleten batailari ekin diote, eta euren arteko gudu zelai bihurtu dute eztabaida sozialerako lehengai behar lukeena. Ernaik biharko Donostian deitu duen manifestazioak ere ohi baino arreta handiagoa eragin du. Berez, ekainean iragarri zuen Zuen turismoa, gure miseria lelodun protesta, baina uztail amaierara arte inor gutxik zeukan haren berri. Bartzelonako gertakari batzuek ekarri zuten aldaketa: Arranek, Kataluniako ezker independentistaren gazte erakundeak, autobus turistiko bat geldiarazi zuen eta gurpilak zulatu zizkion, Turismoak auzoak hiltzen ditu kanpainaren barruan. Ekintza hark segituan bete zituen Espainiako komunikabide eskuindarren azalak: «Procés-aren 500 borroka-k» deitu zieten, eta Kataluniako Gobernuaren akuilu lanak egiten dituen CUP alderdiarekin —eta, ondorioz, urriko erreferendumarekin— lotu zuten gertakaria. Ernairen manifestazioaren berri izan zutenean eta Donostian Tourist Go Home (turista, zoaz etxera) zioten margoketak agertu zirenean, berehala gehitu zioten osagaia: «Abertzaleek eta erradikal katalanek bat egin dute turismoaren aurkako kanpainan».

Euskal Herrian ere erreproduzitu dute alderdi batzuek eskema hori, hitz leunagoz bada ere. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako PPk iragarri du «turismoaren aldeko ponentziak» jarriko dituela instituzioetan. Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak nabarmendu dute Euskal Herriko egoera eta Mediterraneokoa oso bestelakoak direla, eta hemen ezin litekeela masifikazioaz hitz egin. Ernairen ekintzak —baita BasqueTourren egoitzan egindako beste margoketa batzuk ere— «erasotzat» jo ditu EAJk, eta Espainiako eskuinak Kataluniako ezkerrarekin egiten duen termino antzekoetan, «turismofobia» sustatzea egotzi dio ezker abertzaleari.

Gatazka soziala

Agerikoa da pertzepzio aski desberdinak eragiten dituela turismoaren auziak. Neurri batean, arazoa ere desberdin kontzentratuta dagoen seinale. Donostian, esate baterako, aho batezko iritzia da Parte Zaharreko egoera gehiegizkoa dela. Bertako auzo elkartea aktiboki aritu da herritarren bizi baldintzak hobetzeko eskatzen. Kezkarik hedatuena, aldiz, etxebizitza merkatuaren ingurukoa da: Donostian, erdigunetik haragoko auzoetan ere murriztu eta garestitu da eskaintza, eta Bilbon ere sumatzen da aldaketa. Atzo bertan, «hiriak jasan dezakeen turismo mailari» buruzko ikerketa bat egiteko eskatu zion Ganemos Goazen Bilbao taldeak udal gobernuari, «higiezinen burbuilatik turismoaren burbuilara igaro» direla argudiatuta.

Horacio Espinosa Zepeda (Guadalajara, Mexiko, 1979) doktorea da Gizarte Psikologian, eta Bartzelonako Hiri Gatazken Antropologiako Behatokiko kidea. «Turismofobia» hitza ezinegon soziala patologizatzeko ahalegina dela uste du: «Gizarte mugimenduekiko beste zenbait termino gutxiesgarrik bezalaxe, jatorri sozialeko arazo bat indibidualizatzen du. Ezinegonaren egiturazko alderdietan arreta jarri ordez, norbanakoa bihurtzen da errudun, ez delako gai izan egoera berrira moldatzeko; kasu honetan, turismora». Ez da adibide bakarra: Veneziako Sindromea aipatu ohi da herritarrez husten diren hiriguneen bilakaera deskribatzeko. «Ondorioz, azpiko diskurtso soziala desegiten da, eta eredu turistikoa aldatzeko antolatzen diren herritarrak kriminalizatzen dira», uste du Espinosa Zepedak.

Egonezinaren arrazoiak antzekoak dira eztabaida sortu den lekuetan: alokairuak igotzea, herritarrek beste auzoetara jo behar izatea, mugimendu horien ondorioz sare sozialak haustea eta zerbitzuak garestitzea. Espinosa Zepedaren arabera, bilakaera horiek ahalbidetzen dituzten egiturak jarri behar dira zalantzan. «Arazoa ez da hezur eta haragizko turista, baizik eta turismo hori masifikatzen duen eredua». Turismoari egiten zaizkion kritiketan, klasismoan erortzeko arriskua dagoela ere ohartarazi du: «Sektore batzuek kalitatezko turismoa eskatzen dute, kaleko zurruteko turismoaren ordez. Tiroa okertzea da; azken batean, kalitatezko turismo delakoa eta turismo masiboa uste baino antzekoagoak dira: leku berdinak bisitatzen dituzte eta leku berdinetan egiten dute lo. Horren ordez, turismoaren industria eta logika kritikatu behar dira». Haren ustez, eskutik doaz sarritan turismo masifikatua eta gentrifikazioa. «Eredu ustiatzailea da arazoa, higiezinen burbuilak sortzen dituelako: putre funtsek etxe osoak erosten dituzte, gero berritu eta merkatu turistikoari eskaintzeko». Alokairu arruntak, aldiz, urrituz eta garestituz doaz.

Irtenbidea? «Turismo eredu iraunkorra bilatu behar dugu, eragin txikikoa eta epe luzera desazkunde turistikoa eragingo duena», azaldu du Espinosa Zepedak, eta nabarmendu du: «Horrek ez du desazkunde ekonomikoa esan nahi, baizik eta masen turismoa ez den eredu bat sustatzea». Gizarte psikologoaren ustez, kontrol publikoa da gakoa: «Ezinbestekoa da alokairuen prezioak eta etxe turistikoak kontrolatzea».

Bost neurgailuak

Bilboko In2destination enpresak ikerketa eta aholkularitza lanak egiten ditu turismoaren sektorean. Nagore Espinosa Uresandi (Coruña, Galizia, 1983) da bertako zuzendaria: «Garapenerako turismo iraunkorra diogunean, sarri ahaztu egiten zaigu garapenaren ideia hori». Turismoak ere ekarpen soziala egin behar du, beste industriek egiten duten bezala. Hori dela eta, In2destinationek bost ardatzen arabera neurtzen du turismo ereduaren egokitasuna. Alde batetik, eragin ekonomikoa legoke: «Turismoak sortzen duena ahalik eta gehiena itzularaztea da helburua, alegia: hiriak soilik sustatu ordez, landa guneak ere ezagutaraztea; edo egonaldiak luzatzea». Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, bi gau baino gutxiago igaro ohi dituzte bisitariek. Beste alde batetik, eragin ekologikoa eta soziala hartu behar dira aintzat. «Biztanleei aditu behar zaie, turismoa nola jasotzen duten jakin». Alde horretatik, zailtasun handiena turismoaren sektoreko lan baldintzak ezagutzea izan ohi da: «Ez dago daturik, turismoak 11 industria biltzen dituelako, eta bakar bat ere ez dagoelako osoki turismoaren menpe».

Hiru irizpide «tradizional» horiez gain, beste bi ere aipatu ditu Espinosa Uresandik: lurraldetasuna eta gobernantza. «Baliabide turistikoen kontzentrazioa aztertu behar da, eta jendeari beste tokietara iristeko erraztasunak eskaini. Interesgarria da hiriguneetatik at ere jarduera ekonomikoa sortzea». Gobernantza, azkena aipatu arren, «guztia hasten den puntua» da: «Turismoa iraunkorra izan dadin, administrazioak eta sektore pribatuak egin behar dute esfortzua. Eta guztia monitorizatu behar da denboran, alarmarako arriskuak identifikatzeko».

BERRIAn argitaratua (2017/08/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA