astekaria 2017/08/18
arrowItzuli

kirola

MIKEL NIEVE

«Ez da nire asmoa itzuli handi batera taldeburu joatea»

Imanol Magro Eizmendi

«Ez da nire asmoa itzuli handi batera taldeburu joatea»

Gaur amaituko dira festak Leitzan (Nafarroa). «Niretzat, ia izan ez balira bezala», aitortu du Mikel Nievek (Leitza, 1984). Espainiako Vuelta du buruan. Larunbat honetan hasiko da, Nimesen (Frantzia). «Irten zaitezke kalera, baina hurrengo egunean entrenatu beharra dago, eta zuk ikusi behar duzu zer komeni zaizun», azaldu du. Sky taldearekin lehiatuko den azken itzuli handia izango da, Oricarekin sinatu berri baitu.

Orica taldean ariko zara datozen bi denboraldietan.

Aukera polita da, eta eskaintza ona egin zidaten. Skyn ez nengoen gaizki, baina niretzat aukera hobea zela iruditu zitzaidan. Erabakiak ez du misterio handirik.

Neil Stephens Oricako zuzendariarekin hitz egin duzu?

Bai. Hark deitu zidan interesa zutela esateko, eta niregandik zer nahi zuten azaltzeko. Gustatu zitzaidan entzun nuena, eta iruditu zitzaidan onartzea zela onena.

Taldearen filosofia gustuko duzula esan duzu. Askok diote Orica talde ezberdina dela. Hainbesterako al da?

Ez dakit; nik ikusi dudanez, eta barnekoek esan didatenez, taldean oso giro ona dute. Lasaia da giroa, eta ez dago presio handirik txirrindularien gainean.

Gazteekin lan egiteko nahi zintuela esan du Stephensek.

Gazteekin baino gehiago, esan nahi zuen taldeko liderrak, Yates anaiak [Adam eta Simon] eta Chaves [Esteban], nahiko gazteak direla, eta itzuli handietan lagundu ahal niela. Une garrantzitsuetan haien alboan egon naiteke.

Orican ere luxuzko morroi izango zara? Morroi hitza ez al da errazegi erabiltzen?

Une batzuetan polita da morroi lanak egitea, baina argi dago Oricaren eta Skyren lehiatzeko moduak oso ezberdinak direla. Batzuetan, liderren alboan egongo naiz, eta, beste batzuetan, nire aukeraren bila aritu ahalko naiz. Alde horretatik, askeago ibiliko naiz.

Ziur?

Dudarik gabe. Skyn oso lotuta lehiatzen gara beti. Orican, berriz, nire garaipenaren bila aritu ahalko naiz. Guztioi gustatzen zaigu hor aurrean ibiltzea eta etapak irabazten saiatzea. Ikusiko da lortuko dudan ala ez, baina aukera hori polita da.

Eta itzuli handi batera lider moduan joatea? Postu oso onak lortu dituzu.

Ez da nire asmoa. Itzuli handi batean lider izateko, beste maila bat eduki behar da. Ez dut neure burua ikusten lehian Tour batean lehen bosten artean gelditzeko edo podiumera igotzeko. Lehen hamarren artean egon naiteke, baina hortik gora jauzia dago. Sailkapenean postu ona lortzeko eskatzen badidate, saia naiteke, baina taldeburu izatea... ez da nire asmoa. Askatasun handiagoa izango dudala diodanean, esan nahi dut libreago ibiliko naizela etapak irabazten saiatzeko.

Urte onak egin dituzu Skyn. Pena duzu taldea uzteagatik?

Noski, maila pertsonalean batez ere, urte hauetan eginiko lagunengatik: taldekideak, laguntzaileak... Harreman politak egin ditut. Baina argi dago badaukagula adin bat, eta aukera dagoenean norberak berarentzat onena dena bilatu behar duela. Noizbait bukatu behar zuen Skyko aldiak.

Eskaintza gehiago jaso al dituzu?

Bai. Talde batek baino gehiagok izan du interesa, baita Skyk ere, taldean jarrai nezan. Oricak, esaterako, Tourrera joan aurretik egin zidan eskaintza; eskertzekoa da hori.

Nola hartu zuen erabakia Chris Froomek? Hark goratu izan zaitu laguntzaile moduan.

Hark ulertzen du nire erabakia. Pena hartuko duela esan zidan, baina maila pertsonalean pozten da, niretzat aukera ona dela ikusten duelako.

Saiatu da zu konbentzitzen taldean jarrai zenezan? Urtean zehar denbora asko egiten duzue elkarrekin.

Ez. Aukerak aztertzeko esan zidan. Skyren eskaintza nuen, Oricarena... Komentatu nion oso litekeena zela aldatzea, eta niretzat onena zena aukeratzeko esan zidan. Azkenean, norbera da bere etorkizunaren jabe.

Ulerkorra izan zen, orduan. Nolakoa da Froome traturako? Badu hotz irudia...

Oso jatorra da, lasaia, umila... Heziketa oso oneko pertsona da: tratu ona du jende guztiarekin. Niri pertsona ona iruditzen zait.

Harekin entrenatzea dioten bezain gogorra al da? Kenny Elissonde zure taldekideak esan zuen lehiatzea baino gogorragoa zela.

Hala da, bai. Hura oso gogor entrenatzen da. Maila oso handia ere badu, sekulako kalitatea, eta indartsu entrenatzen denean oso azkar ibiltzen da. Entrenamenduetan ere oso zaila da haren erritmoari eustea. Oso profesionala da; dena zaintzen du, baita xehetasun txikiena ere. Asko ikasten da haren alboan egonda.

Bi aldiz lagundu diozu Frantziako Tourra irabazten. Oroitzapen politak dira?

Bai, zure lanak emaitza duela ikusten duzulako batez ere. Tourrean haren ondoan egotea eta, batez ere, Parisen denak batera sartzea gauza handia da, are gehiago, aurten bezala, taldekako sailkapena ere irabazita. Egun berezia da, oso polita.

Zein iritzi duzu Tourrean egin zenuen lanaz?

Neure buruarekin gustura bukatu nuen. Hasieratik bukaerara arte ondo aritu nintzen, eta aurrean egon nintzen taldekideei laguntzeko. Maila honetan, ez da erraza hori lortzea.

Taldea gakoetako bat izan da aurten, goraka inork ez baitzuen hautsi tropela.

Indarrak oso parekatuta zeudelako, inork ezin zuen alderik atera; emozioaren aldetik, eskertzen da. Norbaitek indarra izan balu, seguru aurrera joko zuela, eta aldeak ateratzen saiatu. Ez bazen mugitu, seinale da nahikoa zuela hor egonda.

Sky taldeak erabateko kontrola izan du. Aurkariek ere esaten zuten. Nola bizi zenuen?

Gu gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen ginen, kontrolatu behar zenean etapa hasieratik kontrolatzen. Guk ere izan genituen hanketako minak, hain ondo ibili ez ginen egunak, sufritu egin genuen etapak... baina hor aurrean ibilita, disimulatu egiten duzu pixka bat. Lan ona egin genuen bukaeran, baina kostata ere bai: ez da erraza. Taldeko buruek ere oso pozik bukatu zuten.

Tourrean zeresan handia eman zuen Froomeren eta Mikel Landaren arteko egoerak?

Niri, barrutik bizita, grazia egiten zidan esaten zen guztiak. Barruan ez zegoen inolako haserrerik, ez deus elkarren artean. Une batzuk egon zitezkeela? Niri, behintzat, ez zitzaidan iruditu, eta taldean lasaitasun handiz bizi genuen.

Gauzak esajeratu egin ziren?

Bai. Uste faltsu bat zabaldu zen, eta nik, barrutik, ez nuen bizi horrelakorik. Harritu egin ninduen sortu zenak. Guri ez zigun eragin; dena ondo joan zen, eta pena eman zidan Mikelek segundo bategatik podiuma ez lortu izanak.

Jarraituko al du Landak Skyn?

Ez dakit, eta ez diot galdetu. Aukerak aztertu, eta berarentzat erabaki onena hartuko du.

Larunbatean hasiko da Vuelta. Froome ere badoa. Zein da helburua?

Tourreko berbera: Froomeren asmoa Vuelta irabaztea da.

Bi itzuli handi irabaz al daitezke urte berean?

Iaz, Froomek Tourra irabazi zuen, eta bigarren izan zen Vueltan. Gutxigatik ez zuen irabazi, gainera. Aurten, haren helburua hori zen hasieratik; horregatik hartu zuen lasaiago sasoi hasiera. Bi handi irabaztea oso zaila da, baina, zorte pixka bat badu, Froome gai da lortzeko.

Zein lan izango duzu?

Froomeren alboan egotea. Ibilbidea ez dut aztertu oraindik, baina badakit hirugarren astean Andorrara iritsiko garela. Oso gogorra da hura.

33 urterekin, beste modu batean ikusten duzu txirrindularitza?

Argi dago gaztetan beste ezjakintasun bat duzula lasterketetan-eta. Orain konfiantza nabaritzen dut, lasaitasuna... Badakit gauzak ondo eginez gero maila emanen dudala; horrek lasaitasuna ematen du.

Zer da txirrindularitza zuretzat: lana edo kirola?

Biak. Gustatzen zaidana da, kirol aldetik, baina baita lan edo ogibide gisa ere. Ez da dena gustukoa: egun asko kanpoan, sakrifizio dezente...

Okerragoa da aldamiora igotzea eta garbiketan lan egitea.

Zalantzarik gabe! Azkenean, nik txikitatik amesten dudana egiten dut, eta ez daukat kexatzeko arrazoirik. Gogorra izan daiteke batzuetan, baina argi dut pribilegiatu bat naizela.

Euskaltel-Euskaditik irten zinen bere garaian. Datorren urtean, Muriasek pauso bat emango du, Kontinental Profesional izanda. Nola bizi duzue euskal txirrindulariek?

Albiste ona da. Afizionatuetatik jauzia egitea oso zaila da orain, eta euskal talde bat ateratzea oso garrantzitsua da. Beharrezkoa zen euskal afizionatuentzat. Ea urte batzuetan eusterik duen.

BERRIAn argitaratua (2017/08/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA