astekaria 2017/08/18
arrowItzuli

ekonomia

Espaloi zabalegiak

Miren Garate

Espaloi zabalegiak

Fenomenoa ez da berria. Noiz ez da existitu polarizazio ekonomikoa? Txosten batzuek eta besteek, hango eta hemengo erakundeek berresten dute, ordea, aberatsak gero eta aberatsago direla, lehen pobre ez ziren asko pobre, eta pobreak gero eta pobreago. Txiste txar horietako bat bezala formulatu daiteke egoera: zertan dira berdinak Bill Gates, Amancio Ortega, Warren Buffett, Carlos Slim, Jeff Bezos, Mark Zuckerberg, Larry Ellison eta Michael Bloomberg eta munduko 3.600 milioi biztanlerik pobreenak? Bada, zortzi gizonezko horien aberastasuna bigarren multzo oso horrena adinakoa dela, munduko biztanleen erdiarena, alegia. %1ek %99k adina du. Aberastasunari dagozkion desberdintasunak gauza bat dira, eta diru sarrerei lotutakoak, beste bat. Biak ari dira zabaltzen, ordea.

Zalantzarik egin gabe, irmo erantzun du Guillermo Dorronsoro Deusto Business Schooleko dekano eta IK4 zentro teknologikoen aliantzako lehendakariorde exekutiboak. «Argi eta garbi, bai, gero eta polarizazio handiagoa dago euskal gizartean ere, baina herrialde garatu guztiei eragiten dien fenomeno bat da». Eta aldeak gero eta handiagoak zergatik diren azaltzeko, bi arrazoi aipatu ditu. Alde batetik, globalizazioaren ondorioz enpresek duten ziurgabetasuna. Faktore horri eskua emanda dator behin-behinekotasuna, lan merkatuko gaitzik handienetakotzat jotzen dena. Jakinekoa da hamar kontratu berritatik bederatzi baino gehiago iraungitze datarekin sinatzen direla gaur egun. «Orain hamarkada batzuk, nolabaiteko egonkortasuna zuten enpresek, eta gehiegi okertzeko beldurrik gabe egin zitzaketen lauzpabost urterako plan estrategikoak. Kontratu mugagabeak egitea ere ez zen kezka, ikusten baitzuten beren jarduerak bazuela egonkortasuna».

Aldatu da hori. «Ekainaren 30ean gertatutakoa da adibide argiena. Egun horretan, marka bat hautsi zen: ostirala zen, hilabete amaiera, eta egun bakar batean 260.000 kontratu baino gehiago galdu ziren [Espainian], inoizko gehien. Seguru asko, biharamunean berreskuratuko ziren asko eta asko, baina ondo islatzen du zer gertatzen ari den. Horizonte laburragoa dute enpresek, eta kontratuak ere halakoak dira».

Ez ote dira enpresak langileen gain jartzen ari ziurgabetasunaren pisu osoa? «Ni ez nator bat ideia horrekin. Etorkizuna nolakoa den ez dakiten honetan, enpresei ere ezin zaie eskatu akaso bete ezingo dituzten konpromisoak hartzeko. Kontua ez da enpresak gaiztoak direla».

Polarizazioaren bigarren arrazoia, Dorronsororentzat, langabezia tasa da. «Eragiten du jende gehiago egotea baldintza txarrak onartzeko prest. Eta arriskua ikusten dut susperraldi ekonomikoak ondorio asimetrikoak izateko, polarizazioa are gehiago handitzeko. Zergatik? Soldatak berrikusteko orduan, kontratu mugagabeak dituztenek eta ondoen prestatutakoek izango dutelako horretarako aukera gehien; besteek, ordea, ez». Negoziazio kolektiboa izaten da soldata hobeak lortzeko biderik eraginkorrena. «Baina, kasu honetan, sindikatuak ez dira konponbidearen parte. Logikoa den bezala, haiek kontratuak dituztenen eskubideak defendatzen dituzte, eta, zenbat eta sendoagoa izan kontratu hori, orduan eta indar handiagoa dute sindikatuek ere».

Behin-behineko langileen eta behin betikoen arteko dualtasuna murrizteko, kontratu bakarraren formula aholkatu izan du Bruselak. «Arraroa litzateke kontratu horrek orain dauden eskubideak parekatzea; seguru asko, nabarmen okertuko lirateke baldintzak, eta asko kosta da horiek lortzea ere».

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak, berriz, aldi baterako kontratua eta kontratu finkoa dutenen kalte-ordaina berdintzeko agindu du. «Egokia iruditzen zait; nonbaitetik eten behar da polarizazioa. Nolanahi ere, ez dut uste formula magikorik dagoenik, eta tentuz aplikatu behar ditugu neurriak. Ezinbestekoa iruditzen zait, hori bai, arazo hau mahai gainean jartzea, askotan estatistiketan ez baita ikusten».

Batezbestekoen atzean dagoen letra txikia dela esan daiteke. Langabeziari buruzko datuekin gertatzen da: enpleguak gora egin duela aldarrikatzen da ozen, baina lanpostu horien kalitateari buruzko xehetasunak oharkabeago joaten dira.

Beste hainbeste gertatzen da soldatekin: Nafarroan batez besteko soldata 24.900 eurokoa dela esanda, pentsa daiteke kopuru horren bueltan irabazten dutela gehienek, baina goiko poloan daudenek puztutako zifra da, soldatarik ohikoena ez baita iristen 22.500 eurora. Ildo horretatik, azken txostenean, bere buruari egin dio kritika OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak: «1980ko hamarkadatik, soldata ezberdintasunak herrialde askotan handitu dira. Eta galdetu dugu: enpresa batzuen eta besteen arteko soldata ezberdintasunetatik dator alde hori, edo enpresa barruko soldata ezberdintasunetatik? Bada, ikusi da iraganean gutxietsi egin zirela enpresa barruko desberdintasunak».

Ikasketen garrantzia

Panorama hori izanik, zer egin dezakete prekaritatetik eta kontratuz kontratuko dinamika horretatik ateratzerik lortzen ez dutenek? Badago zerbait haien esku? Gazteen egoerak eragiten du kezka bereziki. Espainiako Bankuaren datuen arabera, jada lanean ari direnak baino %24 gutxiago irabaziz sartzen dira enpresetara. Haien hurrengo belaunaldiak kondenatuta daude jada?

Harkaitz Zubiri soziologoak meritukrazia aztertu zuen doktoretza tesian. «Meritukraziak esaten du zu zauden posizioan zaudela zure merituen arabera: gaitasun handiak badituzu edo ahalegin handia egin baduzu posizio hobea izango duzula, eta alderantziz. Guztia kontu indibidual bat balitz bezala aurkezten du, eta, noski, hori ez da horrela».

Diskurtso determinista legoke kontrako muturrean. «Argi dago: guztiok ez ditugu karta berberak. Baina ikuspegi determinista ere oso arriskutsua da, esan nahi baitu berdin duela zuk zer egiten duzun edo eskolak zer egiten duen, zure jatorri sozioekonomiko eta kulturalak determinatzen duela guztia, eta ez dagoela zereginik». Hamarkadetan jasotako ebidentzia zientifikoek erakusten dute hori ez dela horrela. «Norbera zer posiziotan dagoen eta bizitzan zer ibilbide egiten duen gauza askoren konbinazioa izaten da: norberak badu zeresana, familiak ere bai, kontuan hartu behar da zer eskolatatik pasatzen zaren, lan munduaren funtzionamendua nolakoa den, eta abar».

Unibertsitateko titulu bat izatea bazen berme bat iraganean, igogailu bat, baina gaur egun? «Titulitisa aipatzen da askotan. Egia da zenbat eta jende gehiagok lortu tituluak orduan titulu horiek balioa galtzen dutela. Gaur egun, %40 inguru joaten dira unibertsitatera; %10 joanez gero, balio handiagoa izango lukete ikasketa horiek. Hori horrela izanik ere, hori bakarrik esanda, egiaren zati txiki bat ari gara esaten, eta, gainera, oso ondorio kaskarrak izan ditzake egia horrek. Datuek erakusten dute zenbat eta titulu hobeak orduan eta posizio ekonomiko hobea izaten duela jendeak».

Argi du Zubirik. «Hezkuntza da polarizazioari aurre egiteko tresnarik inportanteenetakoa. Eskolak bete dezake jatorri sozioekonomiko eta kulturalak ekar ditzakeen oztopoak gainditzeko funtzioa, baina, horretarako, jende guztiari eskaini behar zaio eskain dezakegun onena». Hor ikusten du hutsunerik handiena. «Gaur egun, badakigu gauza batzuk nola hobetzen diren, baina, hobekuntza horiek ez baditugu praktikan jartzen, ez diegu guztiei eskaintzen ona dena, eta horrek eusten dio polarizazioari; hierarkizazio prozesua sakontzen du». Kataluniako adibide bat jarri du, Hospitalet de Llobregat hiriko Joaquim Ruyra eskolarena. «Sozioekonomikoki oso pribilegiatua ez den auzo batean dago, baina gai izan da goi mailako eskolen emaitza akademikoak lortzeko, besteak beste, oinarri zientifiko baliatuak erabiltzen dituztelako. Han posible bada, beste lekuetan zergatik ez?».

Gora doa hezkuntza maila, baina, aldi berean, prekaritatea ere bai. «Ikerketa batzuek esaten dute enplegatzaileen paradisua dela hau, jende pila bat dutelako aukeran eta prezioak jaisteko aukera dutelako». Ideia horri lotuta, hezkuntza sistema kapitalismoaren tresna soila dela ere esan izan dute batzuek: berretsi besterik ez duela egiten jendearen jatorri sozioekonomiko eta kulturala. «Hori esatea ez da bakarrik sinplista: okerra ere iruditzen zait. Konkista sozial bat da hezkuntza». Gaineratu du hezkuntzaren maila igotzeak bi efektu positibo izaten dituela beti, gutxien-gutxienez: «Ezagutza sozializatu egiten da; ezagutza sortzea kosta egiten da, eta hori gutxi batzuen esku bakarrik geratzeak ez du ezer berdintasunetik. Horrez gain, jendeak hezkuntza ona badu, kapital akademikoa ez ezik ezagutza eta ahalmen handiagoa ere izango du, eta aukera gehiago egongo dira gizarte horrek aurrera egiteko».

Horregatik, itxaropentsu dago Zubiri. «Oraingo indar harremanekin, datorren gazte belaunaldi horrek gurasoek baino egoera ekonomiko okerragoa izan dezake. Hori sinesten badugu, horrela izango da, baina ez du zertan. Nik uste dut badaudela joko eremuko joko arauak aldatzeko aukerak, eta joko arauak aldatuta joko eremua aldatzekoak».

Baikor Dorronsoro ere: «Azkenean, gutxien dutenei interesatzen zaie gutxien polarizazioa, baina, oro har, inorentzat ez da jokaleku interesgarria, azkenean gatazka dakarrelako, gatazka instituzionala, egonkortasun falta. Eta testuinguru hori ez da desiragarria enpresentzat, egonkortasuna behar dutelako beren jarduera aurrera ateratzeko; ez enpresentzat eta ez inorentzat ez da desiragarria».

Bihar: Arrakala digitala. Zuloz betetako sarea.

BERRIAn argitaratua (2017/08/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA