astekaria 2017/08/05
arrowItzuli

kirola

XABIER ETXEBESTE

«Uda honetan ez nuela arraun egingo pentsatu izan dut»

Aitor Manterola

«Uda honetan ez nuela arraun egingo pentsatu izan dut»

Arraunlari izan eta sentitu, baina ezin arraunean behar bezala egin. Prestakuntza ezin taldeekin batera egin, gorputzak ez ziolako erantzuten. Ezintasuna eta etsipena une askoan, bakardadean, eta burua ere gurpil zoroan sartuta. Inoiz bukatuko ez zen pentsamendu zitala etsai, halako batean atera zaio eguzkia Xabier Etxebesteri (Zarautz, Gipuzkoa, 1980), Hondarribia taldeko arraunlariari. Urtarrilean hasitako kalbarioa atzean uzteko moduan da. Mononukleosi birusa eta hark eragindako nekea eta ezina denboraldiko azkeneko erdian gozatuz ahaztu nahi ditu.

Negar gozo egin zenuen larunbatean, Getxoko estropadako bandera irabazi eta segituan.

Hilabete asko izan dira gaizki sentitzen, eta ez hori bakarrik: hasieran, nekea eta mina zerk eragiten zizkidan ere ez genekien, eta asko kezkatu ninduen horrek. Probak egin eta egin, baina gauza garbirik ez. Apiril aldera jota nengoen, lau bat hilabeteko gure haurra besoetan hartu ezinda, besoetako minez. Analisi gehiago egin, eta azkenean azaldu zen mononukleosia pasatu nuela.

Noiz hasi zen zure sufrikarioa?

Urtarril aldean izan zen, edo abendu bukaeran. Indarrik gabe sentitzen hasi nintzen, eta bihotz taupada oso altuak neuzkan. Entrenatzen hasi, eta segituan egiten zidaten gora bihotz taupadek, eta, nekatu ere, berehala nekatzen nintzen; gero, gorputza bere onera ekartzen ere sekulako lanak izaten nituen. Ezina zen, azken batean.

Esan zizutenean zer izan zenuen lasaitasun handia hartuko zenuen.

Lasaitu egin nintzen, kezka eta beldurra pasatu nituelako. Maiatzaren hasieran azaldu zen analisietan mononuklesia pasatu nuela. Badakigu luzerako gaitza izaten dela, eta sendatzeko atseden hartzea da onena. Astebetean edo joaten da gorputzetik, baina jota uzten zaitu luzerako, ezertarako gauza ez zarela. Gibela ukitzen du birusak, eta, gorputzaren filtroa denez, ezin ondo errekuperatu, eta abar. Kate bat da azkenean, gibela erabat garbitu arte. Jatekoa ere lan hori erraztera bideratua dago, eta belarrak, baratxuriak, orburuak eta halakoak jan behar izan ditut.

Entrenamenduak ere moldatu egin behar izango zizkizuten, ezta?

Bai. Ergometroan, taldekideek hamabost minutuko lau txanda egiten zituzten bitartean, nik bost minutuko hamabi egin behar nituen, lan denbora gutxitzeko, ezin nuelako denbora luzez esfortzuan ibili. Hamabost minutu egitera ez nintzen iristen, segituan altxatzen zitzaizkidalako bihotz taupadak, eta konponbidea ez zen watioak jaistea hamabost minutukoa osatzeko, horrek ez duelako ezer balio ondo prestatzeko. Lana horrela egin edo ezer ez egitea berdin-berdina da.

Gaitz hau sendatzeko bidea gorabeheraz betea izaten da askotan. Zure kasuan ere hala izan da?

Poliki hasten nintzen entrenatzen, baina pare bat egun gogor entrenatu eta gero, hiru bat egun buelta eman ezinda ibiltzen nintzen. Horrela ibili gara gorabeherekin, prestatzailea Jon Marin niri egunero galdezka zer moduz nengoen, entrenamenduak moldatzen, eta abar.

Zenbat buelta eman dizkiozu buruari hilabete hauetan?

Asko. Goizero jaiki, eta aurreneko gauza ea gorputza ondo dudan jabetzea izaten zen, eta bihotz taupadak ondo zihoazen ikustea; eskailerak igotzen ere kezketan joaten nintzen, ea ondo nengoen. Gurpil ero batean sartuta ibili nintzen, eta ezin nintzen atera. Ondo sentitu, baina entrenatu, eta behera berriz. Ekain bukaeran egin genuen proba gogorra, ea gai nintzen taldearen lan erritmoan sartzeko, baina ezin izan nuen. Hori oso gogorra izan zen, entrenatzen ari nintzelako, beste era batera, baina entrenatzen; adibidez, joaten nintzen denboraldi-aurreko estropadetara taldearekin, baina beraiek uretara joaten ziren, eta nik ergometroan geratu behar nuen, nire lanak egiten.

Hilabete honetan egin duzu, hortaz, sekulako aurrerapausoa.

Orain, egun txarrak oso gutxi dauzkat, eta, taldearekin batera, aste honetan hasi naiz beraien lan bera egiten. Aurreko larunbatean lehiatu nintzen aurreneko aldiz, baina aste horretan ez ginen asko entrenatu, Euskadiko Txapelketa jokatu zelako asteartean; egun horretan, ergometroa egin nuen, gogor, eta ondo moldatu nintzen. Larunbatean sartzeko aukera aztertu genuen, eta aurrera egitea erabaki genuen.

Beldurrez egin zenuen Getxoko estropada hori?

Bai. Nekea badatorrela ez duzu sentitzen, kolpetik etortzen baita. Mina hasten da, besoak eta lotzen dizkizu, eta akabo. Hala ere, banekien ondo moldatuko nintzela. Hori bai, estropadaren hasieran eta lehen bi minutuetan, unerik bizienean, pixka bat kontrolatzen joan nintzen. Berotzen izan nuen kezka, baina gero estropadan, ez nuen ezer pentsatu, nire lanean murgildu nintzen, eta oso pozik bukatu nuen.

Bandera irabaziz, gainera.

Berezia izan zen. Helmugan sartu, eta orduan ikusi genuen Orio gainean genuela, eta ez genekien bietako zein zen garailea. Guk irabazi genuela jakitean, erori egin nintzen emozionalki. Ederra izan zen taldekide guztiak niregana etortzea, denek dakitelako zein gaizki pasatu dudan. Laguntzen izan ditut denak, baita etxekoak ere, eta sekulako indarra eman izan didate.

Burutik pasatu zaizu hilabete hauetan arraunarenak egin duela zuretzat?

Horrenbeste ez, baina denboraldi hau ez nuela egingo, bai. Batez ere, ekain bukaeran izan nuen pentsamendu hori.

Hilabete eta erdi geratzen zaizu gozatzeko orain.

Hala da. Nahiko fresko nago, gainera, sasoi onean. Gogoarekin nago, sekulako ilusioarekin, eta irrikaz nago jakiteko bi estropada segidan osatzeko gai naizen. Hilabete eta erdi politena dator orain.

Lehia estua duzue zuek, Urdaibaik eta Oriok Eusko Label ligan.

Bai, bakoitzak irabazi ditu hiru estropada ligan. Hala ere, hemendik aurrera ez dut uste hain estu joango denik. Abuztuan, hobera egiten dute talde batzuek, eta behera beste batzuek, eta aldeak handitu egingo dira.

BERRIAn argitaratua (2017/08/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA