astekaria 2017/08/05
arrowItzuli

iritzia

Pistolak eta polizia eredua

Martxelo Otamendi

Pistolak eta polizia eredua Martxelo Otamendi

Polizia eredua da gure herrian oraindik behar besteko seriotasunez zabaldu ez den eztabaida. Irudizko Euskal Herri batean, zenbat, nolakoak eta zertarako behar ditugun zehaztuz joatea ez litzateke denbora alferrik galtzea, poliziak irudikatzen duelako, askotan, herri baten nolakotasuna: nolako polizia, halako erakundeak.

Hemendik aurrera, zerbitzuz kanpo ezin izango dituzte ertzainek arauzko armak erabili Eusko Jaurlaritzak, egoera berrira egokitzeko ahaleginean, erabaki duenez. ETAren jarduna arrisku erreala zen ertzainentzat, jomuga errealak zirelako. ETAren jardun armatua desagertuta, guztiz logikoa litzateke ertzainek ez eramatea arauzko pistola zerbitzuan ez daudenean.

Ertzaintzaren sindikatu zenbait gogor altxatu dira Jaurlaritzaren erabakiaren aurka, argudiatuz mehatxu jihadistaren aurrean babes gabe gelditzen direla ertzainak.

Sindikatu horiek badakite Europan azken urteotan polizien aurka egin diren eraso guztiak jardunean zeuden eta uniformea jantzita zeramatenen aurkakoak izan direla. Guztiak, ez baitute agenteen aurkako eraso nominal eta selektibo bakar bat ere egin. Jihadistek hildako polizia guztiak biktima anonimoak izan dira.

Herritar ez-poliziak ere babes gabe daude jihadisten erasoen aurrean, eta inori ez zaio bururatzen, sindikatuen argudioari helduta, herritar guztiak armatzea.

BERRIAn argitaratua (2017/08/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA