astekaria 2015/10/09
arrowItzuli

politika

Justiziak abandonatuta

Enekoitz Esnaola

Justiziak abandonatuta

Iñaki Etxaberena «estatu terrorismoaren belaunaldi berriko lehen hilketa» izan zela uste du haren familiaren abokatu Iñigo Iruinek, eta, Espainiaren trabak traba, kasua argitu nahian dabil. Konstituzionalera jo berri du, babes helegitea aurkeztuta; «frogarako eskubidea urratu baitit Auzitegi Nazionalak». Dio Konstituzionalak, hala, lehen aldiz jaso duela «estatu terrorismoarekin» lotutako helegite bat. GALen biktima batzuena ere jaso du. «Doktrina ezarri beharko du», azaldu du Iruinek.

1975eko urriaren 5ean hil zuten Iñaki Etxabe Orobengoa, atzo 40 urte. Arrasatekoa zen, 39 urte zeuzkan eta Elorriorako bideko, Kanpazar gaineko Etxabe-Enea ostatuko jabea zen. Han bizi zen. Haren anaia Luisek (74 urte) detaileekin gogoratzen du atentatuaren unea, hantxe baitzen: «Tabernan ez geunden lagun asko. Ni mostradorean lanean, eta baziren dozena erdi bat bezero. Iñaki sukaldean zegoen, txuleta bat jan berria. Bezperan, Juan Jose anaiari autoa erre zioten Donibane Lohizunen, eta informazio gehiago izan nahian Paris irratia piztua nuen. Gaueko hamaikak jo, eta tabernan orduantxe sartu ziren hiru pertsona, burua estalita. 'Zuen bila gatoz', esan zidaten. Biltegira joan nintzen, eta atea itxi nien. Zarata entzunda, sukaldetik atera zen Iñaki, eta aurrez aurre egin zioten tiro. Hemezortzi tiro zeuzkan».

Kontuan hartzeko datua da erasotzaileek esandako «zuen bila gatoz». Izan ere, eskuin muturrak jomugan zeukan Etxabe sendia. 1975ean bertan, maiatzaren 11n Etxabe-Enearen aurka bonba bat jarri zuten; ekainaren 28an, beste lehergailu bat jarri zuten Baionan, Iñakiren anaia Joaquinen Udalaitz jatetxean; ekainaren 30ean, beste bonba bat Donibane Lohizunen, Iñakiren anaia Juan Joseren Etxabe jatetxean; uztailaren 27an, Etxabe-Enea tirokatu egin zuten metrailetekin; eta urriaren 4an, Iñaki hil bezperan, Luisek esan bezala, anaia Juan Joseri autoa erre zioten Donibane Lohizunen. Espainiako polizia indarrek ETAko kidetzat zituzten Joaquin eta Juan Jose Etxabe. Iñakik ez zeukan militantzia politiko jakinik.

1975eko urriaren 5ean bertan, 13:45 aldera, Kanpazartik kilometro batzuetara ETAk hiru guardia zibil hil zituen; Oñatin izan zen, Arantzazurako bidean. «Gauean zerbait gertatuko zen susmoa genuen», esan du Luis Etxabek, eta ez dauka dudarik: Kanpazarkoa mendekua izan zen. «Egun hartan Guardia Zibilak inguruan errepideko kontrol ugari jarri zuen, oso zorrotzak. Gurean sartu ziren hirurek haienak izan behar zuten. Gainera, gaueko hamarrak aldera guardia zibil batzuk sartu ziren tabernan, ea berririk ba al zen galdezka. Zer zetorren jakinaren gainean egon behar zuten».

«Aurreratu egin zaizkigu»

23:00etan hilketa izan, eta Etxabe-Enean ziren pixka batera Pedro Basterretxea Arrasateko orduko alkatea, Jose Antonio Altuna alkateordea eta herriko erretore Gregorio. Baita segituan guardia zibilak ere, Altunak (78 urte) dioenez: «Bost minutura guardia zibileko kabo bat sartu zen tabernan, eta ozen eta argi esan zuen: 'Aurreratu egin zaizkigu. Gu [Etxabe-eta] babestera gentozen'. Haiek egin zuten atestatua». Eco markako bala zorroak bildu zituzten.

Biharamunean egin zen Iñaki Etxaberen aldeko hileta elizkizuna, Arrasaten, San Juan Bautista elizan. Gipuzkoako agintari instituzional garrantzitsuenak joan ziren; Juan Maria Araluze diputazioko presidentea, kasurako. Adierazgarria izan zen, halaber, Marcelino Orejak urriaren 7an El Diario Vasco -n argitaratu zuen gutuna. Frankismoaren mugimenduaren kontseilari nazionala zen orduan, eta zioen Arantzazuko eta Kanpazarko «krimenek» zerikusia zutela. «Basakeria» salatu zuen, eta «premiazko irtenbide politikoak eskatu». Urriaren 6an Kanpazarren izan zen Oreja, sendiari doluminak emateko. Egunkariek bi atentatuak «terrorismoaren» testuinguruan kokatu zituzten, baina Etxabe familiari ez zioten eskela argitaratu.

Hileta elizkizunaren ostean gorpua hilerrira zeramatela guardia zibilek metrailetekin apuntatu zituzten senideak eta. «Lotsarik ba al zuten esan zien gure aitak», azaldu du Luis Etxabek. Atentatutik hilabete pasara, etxabetarrei autopsiaren faktura bidali zieten, baina autopsiaren emaitzarik ez. Erregimenak azkar itxi nahi zuen kasua. Sendiari sekula ez zioten auzitegitik deitu. Lekukoei ere ez; adibidez, Luis Etxaberi: «Epaileek interesik ez zuten jarri». Inguruko herrietako udal agintariak ere inoiz ez zituzten deitu.

Orduko urriaren 12an gertatutakoa ere deigarria da: German Agirre Irasuegi arrasatear taxilaria hil zuten, Legution, tiroz. Altunak uste du taxilariak Kanpazarren «zeozer ikusi» izango zuela. Antonio Tejero Gasteizko Guardia Zibilaren buruak esan zuen berak hartuko zuela Agirreren ikerketaren ardura. Kasua ez da argitu.

«Prebentzio» moduan

Informazio eta Turismo Ministerioaren Gipuzkoako Ordezkaritzak urriaren 6an prentsa ohar bat atera zuen Etxaberen hilketaz, hura industriari gisa joz eta tiro egin ziotenak «identifikatu gabeko hiru ezezagun» izan zirela esanez. Durangoko 1. Instrukzio Epaitegiak hartu zuen kasua, eta urriaren 6ko diligentzietan «terrorismoaren prebentzio» moduan jo zuen «hilketa». Urriaren 15ean Ordenu Publikoaren Madrilgo 2. Auzitegiaren esku utzi zuen kasua, eta fiskalak oniritzia eman zion erabakiari. Geroztik ez zen jakin auzia ikertu zuten edo zer erabaki hartu zen.

1976 bukaeran, BVE Batallon Vasco Español talde armatuaren Baldarrain komandoak bere egin zuen Etxaberena, eta hala ageri da Estatuko Segurtasun Idazkaritzaren 1998ko urriko idatzi batean, baita Guardia Zibilaren 2012ko ekaineko batean ere. Aldiz, Espainiako Poliziaren Zuzendaritza Nagusiaren 2012ko uztaileko ohar batek dio ez dagoela egileez «daturik», eta Poliziako Informazioaren Komisaria Nagusiaren 2012ko abenduko idatzi batek dio «egiletza ezezaguna» dela eta 2014ko apirileko txosten batean jaso zuen inork ez zuela bere gain hartu erasoa. Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzak 2002an zioen ez zela «izaera terroristako ekintza» izan. Terrorismoaren Biktimen Asistentzia Departamentuak 1998ko urrian «eskuin muturreko izaera armatuko taldeei» egotzi zien hilketa, eta jakinarazi zuen heriotza Estatuko Segurtasun Idazkaritzaren zerrendan sartu zela 1996an, horren sorreran.

Covite eta AVT elkarteek «terrorismoaren biktimen» zerrendan daukate Iñaki Etxabe, industriari gisa jota, eta biek jaso dute hilketaren egilea «talde terrorista, eskuin muturra» izan zela. In Memoriam pro Prax blogak ere jasoa du, eta Wikipediak Frankismo amaierako terrorismoa-ren atalean dakar. Jaurlaritza ere jasota dago «terrorismoaren biktima» moduan. Halaber, EAEko gobernuak joan den uztailean plazaratu zuen Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak (1960-2010) txostena, eta Arrasateko Udalari emandako alean badator Etxaberen kasua. Egiletzat BVE hartu du Jaurlaritzak, 1976ko aldarrikapena dela eta; «dena den, Euskal Herria y la libertdad liburuan irakur daitekeenez, 'zantzu ugari daude guardia zibilak izan ote ziren'».

Familia, kalte-ordain eske

Artean Espainiako Estatuan Terrorismoaren Biktimen Legerik ez zela egin zuen Etxabe familiak lehen aldiz kalte-ordain eskaera, Barne Ministerioan. 1997ko urrian Espainiako Loterian izandako etekinak baliatuz, gobernuak kalte-ordainak banatzeko dekretu bat onartu zuen 1998an. Etxabetarrek aurkeztu zuten eskaera, baina Barne Ministerioak 1999ko apirilean atzera bota zuen eskaera, atentatuak «izaera terroristarik» ez zuelakoan. 1999ko urrian Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasunerako Legea onartu zuen Kongresuak, eta familiak, bide administratibotik joz, kalte-ordaina eskatu zuen Barne Ministerioan. 2000n atzera bota zuen. «Ez zen izan ekintza terrorista».

2011koa da Terrorismoaren Biktimen Lege berria, Aitortzarako eta Babes Integralerako izenekoa. Familiak berriro Barne Ministerioan kalte-ordaina eskatu zuen, 2012ko martxoan. 2013ko uztailean, ezezkoa.

Familiaren abokatu Luis Danborenearen ezbehar baten ostean, 2013ko irailean Iñigo Iruin hartu zuten lan haietarako, eta Administrazioarekiko auzietako helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean. Eskatu zuen atzera botatzeko Barne Ministerioaren erabakia, arestian aipatutako «frogak» aurkeztuz «izaera terroristako» atentatua izan zela argudiatuta. «Terrorismoaren» biktima gisa aitortzeko eskatu, eta 251.168,2 euroko kalte-ordain eskaera egin zuen. Era berean, Ferrolgo (Galizia) artxibo militarrean kasuaz legokeen txostena galdegin zuen.

2014ko maiatzean auzitegiak baztertu egin zuen Ferrolgo txostenari buruzko eskaera, juridikoki beharrezko froga ez dela esanda. Aurtengo ekainean, epai bidez, atzera bota zuen kalte-ordain eskaera. Haren arabera, ez dago datu objektiborik «terrorismo» ekintza izan zela esateko; atentatuaren aldarrikapena urtebetera egin zen, ez berehala; eta garai hartan ez zen «ETAren inguruaren» kontrako taldeak zeudela esateko moduko daturik. Iruinek dio beti egoten dela aurrenekoa den kasu bat. «Gainera, garai hartan erasoak izan ziren Etxabe familiaren aurka, Hegoaldean eta Iparraldean ere bai, eta 2011ko legeak dio ez dela zertan talde bat egon helburu terrorista duen ekintza bat egiteko». Iruinek berak 1994an Tolosan emandako hitzaldi batean bi epe bereizi zituen «estatu terrorismoaren» barruan: lehena, frankismoaren amaieran sortua, 1975 erdian hasi eta UCDren gobernuaren aroan garatua; eta bigarrena, 1983an hasi eta PSOEren gobernuaren garaietan garatua. Hitzaldi berean bi «terrorismo» mota bereizi zituen: «inkontrolatua» eta «mertzenarioa».

Auzitegiaren «kontraesana»

Joan den irail hasieran abokatuak Auzitegi Nazionalera jo zuen berriro, hango bidea agortzeko baliogabetasun gertakaria aurkeztuz, Espainiako Konstituzioaren 24. artikuluan oinarrituta «defentsarentzat frogarako eskubide urraketa» egon dela arrazoituz. «Ez didate utzi kasua ikertzen». Auzitegiak ez zuen aintzat hartu, eta abokatuak irailaren 23an Konstituzionalean babes helegitea aurkeztu zuen, arrazoi beragatik.

Iruinek estatuaren jarrera «salatu» du, eta nabarmendu Auzitegi Nazionalak «kontraesan» bat duela Etxabe kasuan: «2014an esan zuen Ferrolgo txostena ez dela froga beharrezkoa, eta sententzian dio Kanpazarkoa atentatu terrorista izan zela esateko frogarik ez dudala aurkeztu, ikertzen utzi ez didatenean».

BERRIAn argitaratua (2015/10/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA