astekaria 2017/08/05
arrowItzuli

politika

Armen erabilera, mugatuagoa

Edurne Begiristain

Armen erabilera, mugatuagoa

Ertzainek ezin izango dituzte arauzko armak lanorduetatik kanpo erabili hemendik aurrera. Orain arte aukera hori zuten, baina Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak mugatu egingo du erabilera hori, abuztuaren amaieratik aitzin. Joan den maiatzaren 25ean argitaratu zuen irizpide berria arautzen duen 21. instrukzioa, eta abuztuaren 26an sartuko da indarrean debekua.

Agindu horren ondorioz, ertzainek hiru hilabeteko epea izango dute zerbitzuz kanpo arauzko arma eramateko eskaera bideratzeko. Soilik «salbuespenezko» kasuetan baimenduko die Segurtasun sailak arma horiek soinean eramatea. Horretarako, ertzainek baimen eskaera batean arrazoitu beharko dute arma lanorduetatik kanpo zergatik eraman nahi duten. Baimena eman edo ez erabakiko du gero Ertzaintzako buruak, eta ebazpen bidez jakinaraziko dio interesdunari.

Segurtasun Sailaren erabakiak hautsak harrotu ditu Ertzaintzaren hainbat sindikatutan, «mehatxu jihadistaren» aurrean ertzainak «babesgabe» geratzen direla argudiatua. Erne sindikatuak egin dizkio kritika gogorrenak Segurtasun Sailari. Sindikatuak ez ditu ulertzen armen erabilera arautzen duen jarraibidearen atzean egon daitezkeen arrazoiak. «Ez dugu erabakia inondik inora ulertzen, ezta babesten ere», Erneko bozeramaile Roberto Feijook BERRIAri aitortu dionez. Salatu du agindu hori «tokiz kanpo» dagoela, eta «arazo juridikoak eta burokratikoak» baino ez dituela eragingo.

Bi arma mota, bi erabilera

Ertzainek bi arma mota erabili ditzakete: arauzkoak eta partikularrak. Arauzko armak Segurtasun Sailak Ertzaintzako kideei hornitzen dizkieten armak dira. Marka eta modeloa departamenduak berak erabakitzen du -egun, HK USP Compact 9 milimetroko pistola bat eta posta eskopeta bat erabiltzen dituzte- eta ertzainek beren zerbitzua betetzen duten unitatean edo zentroan polizia lan zehatzak egiteko erabiltzen dituzte.

Jabegoari dagokioez, armak sailarenak dira, ez ertzainenak. Ertzainek zerbitzuan daudenean bakarrik eraman ditzakete arma horiek. Hala, lanaldia amaituta, ertzainek arauzko armak polizia unitate bakoitzean horretarako egokitutako geletan edo armategietan utzi behar dituzte.

Arma partikularrak, berriz, ertzainek eskuratutakoak dira, eta beren jabetzakoak dira. Armen araudiak eta 1981eko eta 2011ko errege dekretu banak arautzen dituzte arma horien erabilerak. A lizentziak ematen die ertzainei armak edukitzeko ahalmena, eta horiek eskuratu ahal izateko Segurtasun Sailari eskatu behar diete arma partikularrak edukitzearen aldeko txosten bat.

Nolanahi ere, edozein herritarrek dituen debeku eta muga berberak dituzte ertzainek horiek erabiltzeko. Hala, ertzainek, edozein herritarrek bezala, debekatuta dute arma horiek eramatea, erakustea edo erabiltzea, besteak beste, egoera hauetan: inolako beharrik gabe, norberaren etxetik kanpora, establezimendu publikoetan, jendea elkartzen edo pilatzen den lekuetan, eta aisialdirako eta jolaserako eremuetan.

Orain arte, arauzko armak lanorduetatik kanpo eraman zitzaketen horretarako baimena zuten ertzain guztiek. Bere garaian, Herrizaingo sailak prozedura bat ezarri zuen zerbitzuz kanpo arauzko armak eraman ahal izateko, «ertzainen segurtasun eta babes neurri gisa».

ETAk jarduera armatua bertan behera utzi zuenetik bost urte bete direnean, Segurtasun Sailak «egoera berrira» egokitu nahi izan du armen erabilera, eta, horretarako, instruzkio berria prestatu du. Hala azaldu dio Segurtasun Sailak BERRIAri: «Prozedura hori martxan jarri zen ETAk bere helburuen artean zuelako Ertzaintza, eta Euskal Askapenerako Mugimendu Nazionala zeritzonaren inguruko hainbat kolektibok Ertzaintzako kideen eta beren ondasunen aurka eraso eta jazarpen estrategia antolatua jarri zuelako martxan».

ETAk jarduera armatua eten eta armagabetzea dela-eta sortu den «egoera berria» aintzat hartu ondoren egin du instrukzio berria Segurtasun Sailak. «Desagertu egin dira zerbitzuz kanpo arauzko arma eramateko baimena ematea ekarri zuten egoerak, eta, ez du berez zentzurik salbuespen hori Ertzaintzaren kolektibo osoarentzat mantentzeak», adierazi dute departamenduko iturriek.

Arma propioak, %99k

ETAren jarduna indarrean zegoenean, haren «mehatxuari» aurre egiteko ertzain gehienek arma partikularrak erosi zituzten. Ohikoa zen ertzainek arma propioak izatea etxean: ertzainen %99k erosi zituzten arma partikularrak, Erne sindikatuko eledunak jakinarazi duenez. «Zentzuzkoena zen». Arma horiek beren buruak babesteko erosi zituzten, inork gutxik eramaten zituelako etxera lanean erabiltzen zituen armak. Gaur egun ere hala da.«Salbuespenak salbuespen, ertzainek ez dituzte arauzko armak lanorduetatik kanpo erabiltzen», aitortu du.

Hori hala izanik, Segurtasun Sailaren jarraibideak apenas izango lukeen eraginik ertzainen jardunean. Ez du hori uste Ernekoak. «Arazo burokratikoak sor ditzakeelako kritikatzen dugu instrukzio hori», dio Feijook. Besteak beste, azaldu du ertzainen eguneroko jardueran ohikoak izaten direla lanpostu aldaketak, eta horrek arazoak sortuko dituela armak etxera eramateko.

Segurtasun Sailak, baina, zalantza guztiak uxatu nahi izan ditu: «Sindikatuek badakite ez dutela zertan kezkatu». Arauzko arma lanorduetatik kanpo eramateko baimena duten ertzainek baimen hori berritu baino ez dutela egin behar argitu du departamenduak. Eskaera bakoitza aztertuko du Segurtasun Sailak, eta, dioenez, ez da ertzain bat bera ere geratuko arauzko arma lanorduz kanpo eramateko baimenik gabe, baldin eta horretarako arrazoiak baldin badaude. Eta erantsi du bere unitatetik beste batzuetara aldatzen diren ertzainen kasuetan, ez dela beharrezkoa izango baimen berezia eskatzea.

Alabaina, Feijook gogoratu du «mehatxu jihadistaren» ondoren Kataluniako Mossos d'Esquadrari, Nafarroako foru poliziei eta Europako polizia gehienei baimena eman dietela armak lanorduetatik kanpo erabiltzeko. Uste du ertzainekiko «konfiantza eza» erakusten duela Segurtasun sailaren erabakiak:«Legeak dio poliziak garela eguneko 24 orduetan, baina armak erabiltzeko orduan, antza, ez».

BERRIAn argitaratua (2017/08/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA