astekaria 2017/08/05
arrowItzuli

kirola

Ikusezinak, baina ikusle ez

Aitor Manterola

Ikusezinak, baina ikusle ez

Bandera patroiari ematen diote. Arraunlariek altxatzen dituzte arraunak. Ikusleen begietatik, ikusgarrienak dira. Traineruko hamalauak dira, baina ez taldea osorik. Taldearen zati handiena banderaren bila arraun eta arraun ari den bitartean, gutxiengoa, beste zatia, lehorrean egoten da. Taldeko autobusaren alboan, gerizpean, edo taldearen karparen barruan, eguzki printzetatik ihesi, ergometroa astintzen, edo eguzkitan korrika. Ordezkoak dira.

Telebistan eta hedabideetan ez dira azaltzen, baina hor daude. Aste barruan, askotan, traineruaren barruan, jakinda asteburuan ez dutela lekurik izango bertan. Ezinbesteko arraunlari dira, funtsezko katebegi kateak ez dezan etenik izan. «Gure lana ere garrantzitsua da, nahiz eta ez den ikusten», esan du Maddi Galdosek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1998), San Juaneko arraunlariak.

Jokatu izan ditu estropada batzuk, hala ere: «Aukerak ari zaizkigu ematen Maialen [Arrazola, entrenatzailea], eta, lehen urtea izateko seniorretan, tokatzen zait beste hainbat estropadatan kanpoan egotea». Baina badaki ez dela guztietan traineruan egongo denetako bat: «Barneratua neukan hala izango zela, eta zer neukan jakinda ekin nion denboraldiari». Hala ere, aitortu du ez dela erraza egoera horrekin bizitzea: «Konturatu arte, edo erabat barneratu arte, kosta egiten da, baina nire kasuan, onartuta daukat».

Bi estropada izan ezik, beste guztiak irabazi ditu San Juanek, eta garaipen bat edo beste trainerutik gozatu izan badu ere, beste hainbatetan, lehorretik ikusi behar izan ditu taldekideak bandera astintzen eta arraunak altxatzen: «Poztu egiten naiz taldeak irabazten duenean eta ni barruan ez nagoenean. Azkenean, talde bat gara. Baina ez da gauza bera arraun eginda irabaztea. Normala da hori sentitzea».

Gertatzen ari zaion dena normaltasunez ari da hartzen, eta taldea jarri du guztiaren gainetik: «Talde bezala ari gara lanean, eta hala behar du; bestela, akabo». Taldeak irabazi gabeko bi estropadetan barruan izan zela gogoratzeak ere ez dio barrua aztoratu: «Horrela gertatu zen, eta zer egingo diot bada nik». Beste alderdia ere bizitzea tokatu izan zaio, baina, eta badaki zer den bandera astintzea barruan joanda: «Irabaztea ere tokatu izan zait. Ondo gogoan daukat nire aurreneko bandera traineruan». Azken batean, beti titular ez dena kirolaren bi alderdietan bizitzera ohitu beharrean da. Esperientzia guztietatik ikasteko unean da Galdos, eta aukerari eman dio sekulako balioa: «Eskertu beharrean naiz horrelako talde bateko kide izateko aukera edukitzeagatik. Nire lana hobetzen jarraitzea da, eta ikasten jarraitzea». Irakasle onak dauzka: «Begira nolako arraunlariak dauzkagun. Zortekoa naiz horiekin arraun egin ahal izateagatik».

«Bizitza aldatu zait»

Badaramatza hilabete batzuk irakasle horiekin elkarbizitzen, prestakuntza garaia hasi zenetik, udazkenean. Sekulako aldaketa da harrobiko lanean ibiltzetik trainerukoa prestatzera igarotzea: «Ez bakarrik prestakuntza gogortu egiten delako. Uda garaia sakrifikatu egin behar duzu, eta, aurten, lagunekin gutxiago egoten naiz, eta zaindu ere zaindu egin behar dut, besteak parrandan geratzen diren bitartean».

Hori ere esperientziaren zakuan sartu behar. Tokatuko zaio beste asko ere gertutik ezagutzea. «Gurean segituko dugu taldean, orain arte bezala, eta ea zer gertatzen den hemendik aurrera». Ziurrenik, entzun beharko ditu beste hamahiru arraunlariren izenak estropadaren aurretik, eta egin beharko ditu korrika eta ergometro saioak. Desagertuko da arraunzalearen begietatik, ikusezin bihurtzeraino, baina ikusle ez da sentituko, bai baitaki ezinbestekoak direla.

BERRIAn argitaratua (2017/08/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA