kultura
«Hurrengora arte, betira arte»
Iñigo Astiz
«Mikrofono honetatik 45 urtez sermoia eman badizuegu ere, gaurko honetan saiatuko gara gutxi hitz egin eta asko kantatzen». Esan eta egin. Oskorrikoek aurrez ere azaldu zuten beren agurra festa bihurtzeko asmoa, eta bete egin zuten hitza igandeko saioan. Kantuan sortu, kantuan bizi, eta kantuan agurtu. Hainbat kantatan abestien hitzak ere proiektatu zituzten agertokian jendeak taldearekin batera kanta zitzan. Ez zen soilik kanta, ordea. Dantza piezetan ezeroso zebilen bat baino gehiago antzokiko eserlekuetan, eta kale jira antolatu zuten azkenerako entzuleek kontzertuko azken kantarekin: Furra-furra.
Grabatu zuten igandeko saioa, eta DVD formatuan aterako dute.
Taldearen historiari begiratua egiteko baliatu zituen kantatik kantarako tarteak De Felipek, eta lehen aipamena Gabriel Arestiri egin zion. Hark bideratu zituen taldekoak herri kantagintzarantz, eta hark idatzi baitzituen taldearen lehen kantetako hitzak ere. Ez zen aipamen bakarra izan, ordea. «Aresti faltatu zitzaigunean Xabier Amurizarengana jo genuen». Eta umorez azalpenaren jarraipena. «Gerora ere gurekin kolaboratu dute bertsolari askok: [Jon] Sarasuak, [Andoni] Egañak, [Maialen] Lujanbiok... Hoberenek. Talde hoberenak merezi modura». Barreak.
Topa eta guzti
Alemaniara egindako birak ere aipatu zituen De Felipek, adibidez. Saminez beste umorez. «Gure aita oso larri zegoela esan ziguten, eta lehen abioia hartuta itzuli nintzen. Bira hartako azken kontzertua izan zen Oskorrik Natxo de Felipe gabe emandako lehen eta azken kontzertua». Gogoratu zituzten Bilbon lagun izandako musikariak, Georgian egindako egonaldian ikasitako abestia, The Pub Ibiltaria proiektuarekin landutako 250 abestiak, eta ahanzturatik erreskatatutako haurrentzako herri kantak. Baita euskararen alde egindako hautua ere. Euskal Herrian Euskaraz jo, eta azalpena De Felipek. «Egia da euskararena oso gai errekurrentea izan dela gure errepertorioan». Azalpena, eta kantura buelta berriz: Sautrela. Topa egiteko tartea ere hartu zuten emanaldian. Topa eta guzti, baina ez guztientzako topa. «Barkatu beharko diguzue, ez da denentzako heltzen eta». Topa daigun abesten publikoa.
Amaitze bidean amaiera. Despedidako lehen despedida. Furra-furra. Etena. Txaloak. Bisa. Furra-furra bigarrenez. Eta akabo Euskal Herriko musikagintzaren ikur nagusietariko bat. Akabo Oskorri. Akabo bukaera. Festan eta kantuan. Eta baita orain berrogei urte ironiaz sortutako hitzak berriz ere ironia ukitu batez errepikatuz mikrofonoan. «Bihar ikusiko da/zer dagoen berri,/jakintsuenak ere/ ezin du igerri». Eta horixe despedidea.