astekaria 2017/08/05
arrowItzuli

gizartea

'Peix al cove'

Jose Mari Pastor

'Peix al cove' Jose Mari Pastor

Duela hogei bat urte Santa Eulalia de Ronçana (Bartzelona) herriko lagun bat ERC alderdiaren zerrendan aurkeztu zen udal hauteskundeetan. Independentismoarekin engaiatu egin nahi zuen. CiU ez zen independentista, ezta ezkertiarra ere. ERC beste aukerarik ez zuen. Gau batean lagun baten etxera joan zen afaltzera. Han politikari buruz hitz egiten hasi ziren eta, ERCkoa zela jakin eta gero, hau esan zion lagunaren aitaginarrebak errepublikanoen hautagaiari: «ERC? Baina zertarako balio du alderdi horrek? Kataluniaren eta katalanen interesak defendatzeko badugu CiU; zuek batasuna oztopatu besterik ez duzue egiten».

Harrokeriaz ez ezik, ezjakintasun historiko itsuz ere puztua zegoen gizona, ERCk CiUk baino bide luzeagoa zuelako egina Katalunian. Convergencia Espainiatik trantsizioan bultzatutako alderdia zen, nazionalismo katalana epeldu eta bide moderatuan abiarazteko. Geroztik, katalanen interesak ikuspegi autonomiko ez apurtzailetik kudeatzen zituen CiUk. Bera zen erreferentzia, alderdia, Ortega y Gassetek Espainiaren eta Kataluniaren artean iradoki zuen bizikidetza modu bakarra garatu eta bermatzeko: la conllevancia. Alegia, inoiz ez dugu bihotz-bihotzez elkar maitatuko, baina saia gaitezen elkarren ondoan ahalik eta modurik zibilizatuenean bizitzen. CiU horretaz aprobetxatu zen. Espainiako gobernagarritasunaren euskarria izan, etekinak atera. Ahal zuen guztia lortzen zuen. Jordi Pujolen leloa: peix al cove, hau da, arranoa hegan baino txepetxa eskuan hobe.

Garaiak aldatu egin dira, baina. Madrilek beste zutabe bat du orain gobernagarritasuna finkatzeko: EAJ. Hau ere Alderdia. Larriz. Rajoyk eskerrak eman zizkien atzo jeltzaleei arduraz jokatzeagatik. Ciudadanos eta EAJ goratu zituen Espainiako gobernuburuak. Hori ohorea, Pontevedrako gizon tristearen ezkutaria izatea, Albert Riverarekin batera!

IƱigo Urkullu Rajoyrekin elkartu zen joan den astean, Madrilen. Horren ondoren, EAEko lehendakariak itxaropena du Madrilek zerbait emango ote duen. Itxaropena, ia duela 40 urte onartutako lege organikoa behingoz osotasunean garatu eta betetzeko. Lehendakariak iradoki duenez, egungo egoera aprobetxatu behar da, Rajoyk gehiengo absoluturik ez baitu. Ea oraingoan posible den ukatutakoa lortzea. Peix al cove. Urkulluren hitzak, aldartea -ez da oso baikorra- esanguratsuak dira Lakuatik behin eta berriro hedatzen duten aldebikotasunaren kontuari maskara eranzteko.

Aldebikotasuna? Zer aldebikotasun, zerbait lortzeko tentuz ibili behar baduzu beti, Espainian nor eta nola dagoen gobernuan, berez dagokizuna aho txikiz eskatu ahal izateko? Aldebikotasuna? Zer aldebikotasun eta zer arraio Madrildik bueltan onartzen baduzu eskumenak lortzea eta garatzea espainiarren apeta, nahi eta egoeraren menpe dagoela? Zer aldebikotasun izango genuke, PP gehiengo absolutuaren jabe balitz, edo alderdi postfrankistak soilik Ciudadanosen laguntza beharko balu? Berrogei urte eta gero, hau! eslogana hedatu zen Franco hil eta gero. Estatutua onartu zutenetik 40 urte izango dira bi urte barru. Zenbat aldiz ez dugu lelo hori errepikatu beharko?

Hurrengo bilera abuztuaren bukaeran egingo omen dute Gasteizek eta Madrilek. Hemendik hilabetera. Espainia inperialaren atzaparrak katalanen lepoa estutzen, ito nahian, eta gu, peix al cove. Ez du balio katalanek iraganean nola jokatu duten gogoratzeak. Autonomisten ikuspegitik ez, baina independentistentzat aitzindaria izan daiteke Kataluniako prozesua gure proiektu nazionala sustatzeko. Gurean bene-benetan halakorik nahi badugu, jakina, egun seinalatu batzuetako hitzaldi sutsuetatik haratago. CiU autonomistak Majestic hoteleko ituna sinatu zuen PP sostengatzeko. XXI. mendean CiUren lekua hartu dute jeltzaleek. EAJk Carltoneko ituna adostea besterik ez dugu behar orain.

Kataluniako lagunarekin bertako prozesuari buruz hitz egiten dudanean hauxe galdetzen dit: "Eta? Zer dio horretaz Euskal Herriko CiUk?". Zer esango du, ba?

BERRIAn argitaratua (2017/07/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA