astekaria 2017/08/05
arrowItzuli

bizigiro

Neska izatea zer den bestetan

Nora Arbelbide Lete

Neska izatea zer den bestetan

Manon erdi korrika ari da. Baina halako batean, aitzinean duen neska gelditu, eta boz herabe batez galdetu dio. Telefonoan duen SMS bat erakutsi dio. «Patxoki» idatzia da hor. Ea non den hori. Galdu dituen lagunek handik bidali diote mezua. Ez du urrun. Baina badu, oraindik, giro mozkortuan murgildu bestazale multzo trinko bat zeharkatzekoa. Baina lasai da Manon. Ordu arte ere nehork ez diola deus txarrik egin. Bere trikimailua baduela dio. Burua altxatu gabe erdi korrika, eta bakarrik neskak galdekatu.

Baionako bestetan asteazken gauean Manon gazteak bizitako egoera da hori —gainontzeko emakumeek bezala ez du abizenik eman nahi izan—. Bestetan emakumeek jasaten dutena azaltzen du. Egoeretako bat da hori. Baina egoera guztiak ez dira berdinak.

Oroitzapena oraindik iltzatua du gogoan Laetitiak. Duela zenbait urte ikusia du, baina atzo izan balitz bezala oroitzen da. Ezagutzen ez zuen neska bat ikusi zuen lurrean, etzana, bakarrik, koma etilikoan bezala. Halako batean, ahoa ireki eta ahora pixa egiten hasi zitzaion mutil bat neska horri. Esku batekin zakila atxikitzen, bestearekin alkohol botila ahora. Segituan hurbildu zitzaion mutilari Laetitia. Sutan. Ez zion eman, baina ez zen egon urrun. Eta mutilak ez konprenitzen non zen problema.

Lagunen garrantzia azpimarratu dute neska guztiek. Lagun onak. Bakarrik nehoiz utziko ez zaituztenak. Mozkortu nahi bezainbat, horretan «mugarik ez», baieztatu dute Elaiak eta Celinek, baina lagunekin beti.

Izatekotan, neska izateagatik, arazo nagusia pixa egiteko mementoa dela baieztatu dute neska guztiek. Ostatuetako komun anitz hetsiak izaten dira, eta ez direlarik hetsiak, lerro luzeak. Kanpoko komun publikoak urrunegi. Mutikoentzako pixa lekuak eskuragarriago dira. Bestela ere, ohikoa da mutilek edozein lekutan pixa egitea. Orduan, «neskek ere berdin», dio Elaiak. Edozein lekutan, lagunek gorderik. «Hor ere arazorik ez. Alderantziz. Gertatu izan zaigu ezagutzen ez genituen mutil batzuk bizkarrez jarri izana, gu hobeki gordetzeko».

Sexu erasoak aipatzean, hala ere, neska gehienek esan dute ez biktima eta ez lekuko ez direla izan. Batzuek bitxiki hartzen dute galdera. Marlene, Anne Cecile, Myriam eta Emiliek, adibidez. Kasik zentzugabeko galdera egin zaie. Halere, solasa sakontzean, onartu dute ipurdian esku bat, edo irainik jasan izan dutela. Baina ohitura batean harrapatuak bezala, onarpen hein bat barneraturik dute.

Ez ikusiarena egitea izan da luzaz Baionako Herriko Etxekoen jarrera. Erasoak ez balira bezala. Behin izanez gero, ez komunikatu nahi. Edo izatekotan, bestak bukatu eta komunikabideak erruduntzat jo, garrantzi gehiegi ematen zaielako erasoei, eta besta ez delako hori.

Aurten, berriz, jarrera aldaketa bat senti da. Batetik, salaketa udalak berak jarriko duela iragarri du, eta, bestetik, komunikazio kanpaina bat darama. Bozgorailutik mezuak transmititzen dituzte. Afixak ere badira. Batean, Elkarrekin goaz, elkarrekin sartzen gara lelopean, munstro erasotzaile bat ageri da. Aitzinean, mutil bat —irriarekin— ageri da bi neska laguntzen. «Iduriz eta neskek ezin dutela beren burua zaindu mutilik gabe», damutu da Le Paf elkarte feministako Nathalie Riobe Gorostiaga.

Le Paf elkarteak, justuki, aspalditik darama sexu erasoen kontrako lana. Horiek ere komunikazio kanpaina bat garatua dute. Leihoetatik dilindan banderola anitz tarteko, Ez beti da ez! gisako leloekin. Protokoloa ere abian jarri dute Zutik, Les Bascos, le Planning Familial, Zizpa eta Aitzinak elkarrekin. Behin eraso baten berri izan, eta biharamunean 18:00etarako elkarretaratzera deituko dute. Neskek zutik pixa egiteko tresnak ere eskaintzen dituzte, pixatokiak eskuragarriago eginez. Poteo feminista ere antolatu zuten ostegunean, besta giroan aldarrikapenak zabalduz.

Beste berritasunen artean, indarkeria sexista geldiarazteko prebentzio eta informazio gunea estreinatu dute agintariek. Indarkeria jasaten dutenen aldeko prebentzio lana, laguntza juridiko eta bizi babes lanetan ari diren AEFH 64-CIDFF,Atherbea, LAEVC eta Planning Familial elkarteko kideak daude hor. Eskuorriak eta itsasgarriak banatzen aritu dira bestazaleen artean. Bereziki mutilak ikusten dituzte solasari irekiak. Neskek gaia sakontzeko gogorik eza sumatu dute.

«Justizia da arazoa»

Harrera guneko atarian, bere izena eman nahi izan ez duen neska gazte bat dago. Bourges (Frantzia) herritik etorria da. Harrera gunera joan da lagun batekin, ustez eta bertan erizainak daudela, zauri txiki bat artatzera. Baina hor ez dute deus sendatzeko.

Joatekotan da neska. Baina aukeraz baliatu, eta sexu erasoez hitz egin du. «Mutilak ez dira arazoa». Boxeoan badakiela eta muturrekoak emateko beldurrik ez duela. Eri kikila hautsia erakutsi du. Donostian gertatu zaio. Mutil batek eskuarekin ipurdia hunkitu eta eman zion ukabilkada. Damu bakarra: ez ziola behar bezala eman, eta eri kikila hautsi. Baina, dena dela, berretsi du: «Arazoa ez da mutilena, justiziarena baizik». Bere mutil-lagun ohia auzitan eman zuen duela lau urte. Jotzeagatik ez, «gaitzago». Salaketa jarri zuen orduan, baina geroztik berririk ez. Erasotzailea karrikan «lasai-lasai» dagoela gaineratu du neskak, eta segur aski beste neska batzuei hari egin ziona egiten. «Txostena galdua dukete», etsitua neska. «Justiziak ez dueino deus egiten, zer nahi duzu?». Hor ere damua. Justiziari konfiantza egiteko ordez, garaian bertan, erasotzailea hark berak «txikitu» ez izanagatik.

BERRIAn argitaratua (2017/07/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA