bizigiro
'Harmaila' sortu dute, euskarazko kirol aldizkaria, hutsune bat beteta
Urtzi Urkizu

Hedabidearen aurkezpenean, sortzaileek diote «presarik gabeko» aldizkaria dela Harmaila. «Patxadaz irakurtzekoa. Mamitsua, kirola eta kirolariak azaletik lantzen ez dituena. Luze eta zabal, bukatu eta etzan, hainbat kiroletako hiztegira jota. Egunerokoaren zoroa baino, gehiago gustatzen zaigu lasaitasuna, gertaerei perspektibaz begiratzea, eta gaiak soseguz lantzea».
Manterolak azaldu du «aspaldi» zutela buruan euskarazko kirol aldizkari bat sortzea. «2012. urtean, Futbolmamia ataria sortu eta gutxira, Eñaut Barandiaran eta biok elkartu ginen, eta Euskal Herrian dagoen kirolzaletasunarekin zerbait egin zitekeela pentsatu genuen. Saiakera egin beharra zegoela ikusi genuen».
Aldizkariaren sortzaileek uste dute euskaldun asko egon daitezkeela kirolaz irakurriko luketenak. «Aldizkari pausatu bat egin nahi dugu, lasai irakurtzekoa». Elkarrizketa eta erreportaje luzeak dira aldizkariaren osagaiak. «Webgunean, tartean, eduki laburragoak ere argitaratuko ditugu», iragarri du Manterolak.
Sortzaileek argi dituzte hedabidearen ezaugarriak: «Euskal Herriko lurralde ikuspegia izango du, eta genero berdintasun aldetik emakumeen kirolean arreta jarriko du». Iragarri dute herri mailako kirolera hurbildu nahi dutela, «gertutasuna» irabazteko.
Finantzaketa «ahalik eta gehien» harpidetza bidez izatea nahiko luketela azaldu du Manterolak. «Diru laguntzak eta publizitate sarrerak ere lortu nahiko genituzke. Komunikazio talde batzuekin hitz egin nahi dugu, ea proiektua interesgarri ikusten duten, elkarlanean aritzeko».
Kolaboratzaile zerrenda bat dute osatua, aurrera begira. «Zerrenda zabala dugu, baina ez dago itxia. 0 zenbakian, musu truk idatzi dute kolaboratzaileek, baina aurrerantzean kobratuko dute».
Interneteko sare sozialetan soslaiak sortu dituzte. «Denen artean» bete nahiko lukete euskarazko harmaila.