astekaria 2017/07/28
arrowItzuli

kirola

ION ANSOTEGI

«Amaiera txukuna eman nahi nion, baina ez dut lortu»

Mikel Orbañanos Iribar

«Amaiera txukuna eman nahi nion, baina ez dut lortu»

Hamazazpi urteren ondoren bere kirol profesional ibilbideari agur esan dio Ion Ansotegik (Berriatua, Bizkaia, 1982). Hemeretzi entrenatzaile izan ditu bere ibilbide profesionalean, eta horiengandik asko ikasi du Ansotegik. Etaparen zatirik handiena Realean igaro eta gero, bere azken urtea Eibarren eta Mallorcan eman du. Futbol jokalari izateari utzi arren, Realeko harrobiko prestakuntzaren bigarren etapako koordinazio lanak egiten hasi da orain.

Noiz hartu zenuen erretiroa hartzeko erabakia?

Garbi ez dakit, baina urte osoan ikusiz joan nintzen urte hau izango zela azkenekoa. Egia esan, Mallorcan jokatu dudanekoa ez da garai ona izan kirol arloan, eta fisikoki ere igarri dut beste urteetan nuen maila ez dudala eskaini. Batez ere, Gabonetatik bueltan, nire garairik onenean lesioa izan nuen, eta bi hilabetez egon nintzen jokatu gabe. Orduan nahiko argi geratu zitzaidan erretiroa hartzeko unea iritsiko zela. Eta iritsi da.

Asko kostatu zaizu?

Ez zitzaidan asko kostatu, buruan neukan gauza baitzen. Ez zen izan egun batetik besterako erabakia, baizik eta hilabete batzuetan zehar neure buruan bueltaka zebilen erabakia zen. Norberak jakin egin behar du nahikoa dela esateko. Halere, denoi gustatuko litzaiguke kirol profesional ibilbideari amaiera txukun bat ematea, baina nik ezin izan dut lortu. Halere, uzteko erabakia lasai eta garbi hartu dut.

Jarraitzeko aukera izan duzu? Atzerrian?

Beti baten bat interesatzen da. Bizpahiru pertsonak deitu zidaten, baina aditzera eman nien uztea erabakia nuela. Familiarekin Mallorcara oporretara joan nintzenean, nahiko garbi nuen futbolean jokatzeko eskaintza jaso arren, Realak eskaini zidan postua onartuko nuela, eta halaxe izan da.

Gertukoek nola hartu dute?

Emazteak eta umeek oso ondo hartu dute. Urtebete bakarrik egon dira ni Mallorcan bizi naizen bitartean, eta nik uste dut bazeukatela ni berriz ere etxean egoteko gogoa. Azken finean, umeek zu behar zaituztela bizitzeko ohartzen zara. Horrez gain, erabakiak ez du ezustean harrapatu nire ingurua, bazuten nire erabakiaren berri.

Azken urtea gogorra izan da, Mallorcarekin maila galduta. Zer moduz joan zaizu?

Denoi gustatuko litzaiguke, batez ere Mallorcako jendeari mailari eustea. Nik, behintzat, urte txukun bat egin nahi nuen, partidak irabaztea eta gora begira jartzea. Azkenean, futbolaren gauza politena da egoera horretan egotea. Hasieran, atzean sartzen zarenean, ordea, eta partidak galtzen badituzu urte osoan gehiago sufritzen duzu gozatu baino, eta Mallorcan egotea eta gozatzeko aukerarik ez izatea, niretzat, ez da erraza izan. Gauzak ahalik eta ondoena egiten saiatu nintzen eta ohartu naiz orain dela hiru urteko %100 hori ezin nuela eskaini. Horregatik, futbola uztea erabaki dut.

Nola gogoratzen duzu Realaren lehen taldearekin debuta egin zenuen eguna, 2006an?

Bat-batekoa izan zen niretzat. Gogoratzen naiz bizpahiru hilabetean lehen taldearekin entrenatzen nengoen arren, ez nintzela konturatzen lehen taldearekin jokatzeko aukera izango nuela. Momentu batez, lehen taldearekin entrenatu arren, asteburuetan bigarren taldearekin jokatzen nuen, baina hori normaltzat hartzen nuen. Zorionez, ostiral batean, Amorrortuk [Jose Mari Amorrortu, Realeko entrenatzailea une horretan] esan zidan hurrengoko partida lehen taldearekin jokatuko nuela. Niretzat, ustekabekoa izan zen hastea, amaitzea baino gehiago.

2009-2010eko denboraldian, Mikel Gonzalezekin batera, atzeko lerroa finkatua zegoen. Zuretzat urte hori izan al zen oparoena?

Ez dakit. Uste dut mailak zerbaitetarako daudela. Realarekin Bigarren Mailan jokatu dudan hiru urteetan maila hobeagoa eman dut Lehen Mailan jokatutako 7-8 urteetan baino. Oro har, nahiz eta partida gutxiago edo gehiago jokatu, mailak zerbaitetarako daude, eta lehenengotik bigarrengora alde handia dago. Egia esan, 2009-2010eko denboraldian Martin Lasartek hasieratik niregan konfiantza izan zuen, eta ni ere oso gustura sentitzen nintzen berarekin. Denboraldi hartan sasoi onenean nengoen, eta urte ona izan zen niretzat.

Lehen Mailara igo zineteneko hura nolakoa izan zen?

Seguruenik, Realean egon naizen egunik bereziena izan zen hura. Hiru urte Bigarren Mailan egon eta, bolada gogorra pasatu ostean, gauza handia izan zen hura. Uste dut denoi buruan geratuko zaigun eguna izan zela. Niretzat, egun hura, onena ez bada, onenetarikoa izango da.

Halere, denboraldi hartatik aurrera ez zenuen asko jokatu.

Egia da Philippe Montanierrekin ez nuela asko jokatu. Horrez gain, IƱigo Martinez indar askorekin sartu zen lehen taldera, eta bi urte horietan beste rol bat edukitzea tokatu zitzaidan. Ordura arte, 3-4 urtean, asko jokatu nuen, eta, orduan, gutxi jokatzen hasi nintzen. Gero, ordea, Jagoba Arrasaterekin hiru lehiaketetan [Liga, Kopa eta Txapeldunen Liga] gehiago jokatzeko aukera izan nuen.

David Moyesekin eta Eusebio Sacristanekin, ordea, ez zenituen partida asko jokatu. Reala uzteko erabakia gertu ikusten zenuen?

David Moyesek jokatzeko beste metodo bat ekarri zuen Realera, fisikoagoa. Urte hartan, Moyesek nirekin konfiantza zuen, eta nik taldean jarraitzea nahi zuen. Baina hurrengo urtean gauzak ez ziren ondo hasi. Entrenatzailea aldatu zuten, eta, Eusebio Sacristanek jokatzeko beste modu bat zuenez, nirekin ez beste jokalariekin nahi zuen jokatu. Eusebiok nirekin oso gustura zegoela esan zidan arren, ohartzen nintzen berarentzat ez nintzela jokalari garrantzitsua. Izan ere, jokalari guztiek garrantzitsuak izan nahi dute taldean. Horregatik, pentsatu nuen beste talderen batean aukera handiagoa izango nuela jokatzeko. Eta, horregatik, Reala uzteko erabakia hartu nuen.

Reala uzteko agurra iragarri zenuenean, egun hura nolakoa izan zen zuretzat?

Reala uzteagatik pozik nengoen, azkenerako, Realean egon zaren urteetan lagun asko utzi dituzula eta bolada gozoak bizi izan dituzula konturatzen zara. Halere, Realeko etapa hori amaitzeak pena eman zidan, eta badakit ez dudala hori egunero ikusiko. Egia esan, agurreko egunean lur jota egon ez arren, sentimenduak azaleratzen zaizkizu. Etapa bat itxi eta beste berri bat irekitzeko aukera izan nuen.

Asko zabaldu zen AEBetara joango zinela. Zenbateraino egon zen itxita?

Talde bat interesatua zegoen, baina, niretzat, nahiko arraroa zen AEBetara joatea. Han ligaren egutegia ezberdina da hemengoarekin alderatuz, eta zalantza asko sortu zizkidan eskaintza horrek. Asko pentsatu eta gero, azkenean Eibarren jokatzeko aukera izan nuen. Azkenean, Realean egon baino lehenago, zazpi urte eman nituen Eibarren. Gainera, Eibarrekin Lehen Mailan jokatzea zerbait berezia izan zen niretzat. Beste talderen batek eskaini izan bazidan, agian, AEBetara joango nintzen; baina Eibarretik deitu zidatenez, hara joatea erabaki nuen.

Eibarrera itzuli zinen. Nolako sentsazioa izan zenuen?

Eibarrera iritsi nintzenean, ikusi nuen taldea sendotua zegoela. Taldera heldu nintzenean, hiru jokalari lesionatuta zeudenez, jokatzeko aukera izan nuen. Momentu horretan jokalari garrantzitsua nintzela sentitu nintzen, eta Realean baino partida gehiago jokatzeko aukera izan nuen. Ezagutzen nuen lekura itzuli nintzen, eta lagun asko egin nituen, eta entrenatzaile ona ezagutzeko aukera izan nuen. Esperientzia oso positiboa izan zen niretzat.

Halere, Jose Luis Mendilibarrek ez zizun aukera askorik eman. Momentu hartan kanpora joateko erabakia burutik pasa zitzaizun?

Betidanik buruan izan dut etxetik kanpo jokatzeko aukera. Eta egia esan, zortea izan dut. Izan ere, gaur egun ez da erraza 34 urtera arte etxean jokatzea, eta hori futbol munduan zorte bat da. Baina buruan banuen kanpoko talde batera joatea, beste leku bat ezagutzea, beste aldagela batean egotea... azkenerako, berriz ere zerotik hastea. Eibar utzi nuen egunean Mallorcatik deitu zidaten, eta nik pentsatu nuen Mallorcara joatea izango zela onena, eta hara joatea erabaki nuen. Banekien Lehen Mailan ez nuela lekurik.

Izan duzun kirol profesional ibilbidea kontua hartuta, nolako balantzea egingo zenuke?

Denoi gustatuko litzaiguke futbolaririk onena izatea eta tituluak irabaztea. Baina ikusi egin behar da nondik gatozen, zer garen eta noraino hel gaitezkeen. Eta nik uste dut dena kontuan hartuta kirol ibilbidean egin dudana eta gero, gustura egoteko arrazoiak baditudala. Nik dena eman diot futbolari. Beraz, ez diot neure buruari gehiago eskatu behar.

Bizkaitarra izanda, noizbait Athleticen jokatzea pentsatu duzu?

Sekula ez dut pentsatu horretaz. Nire amak beti esaten dit ni txikitan jendearen iritzien aurka nengoela, eta Berriatuan zerbaiten aurka egotea Realekoa izatea da, gehienak Athleticekoak baitira; baina badaude Realeko zale gutxi batzuk ere. Ni txikitatik izan naiz Realekoa, nahiz eta zazpi urte Eibarren egon. Urte hartan, Eibar Realaren harrobiko bigarren taldea zen.

Orain, Realera itzuli zara, baina ez jokalari gisa. Zertan datza zure lana?

Futbolaren beste alde batetik lan egitea tokatu zait orain. Harrobiko prestakuntzaren bigarren etapako koordinazio lanak egiten ari naiz, gazteen ohorezko mailatik aurreragoko jokalariekin, hain zuzen ere. Nire iritziz, harrobia lantzea oso garrantzitsua da taldea bera eta sentimenduak mantentzeko, eta Reala harrobiarekin lan oso ona egiten ari da. Horregatik, gazteetatik exijentzia handia eskatu behar zaie jokalariei, jabetu daitezen non dauden eta zer aukera duten. Horretarako, nire lana ibilbide profesionalean izan dudan esperientzia gazteei nolabait transmititzea eta nire ogi ale apur hori ahalik eta ondoena jartzea izango da.

Lehen taldea datorren denboraldirako zer moduz ikusten duzu?

Egia esan, ez dut aztertu haien egunerokoa. Halere, ikusten da aurreko denboralditik hona taldeak berrikuntza gutxi izan duela; beraz, lanerako askoz errazago izango dela uste dut. Ona izango litzateke bai joko aldetik eta bai emaitza aldetik ere aurreko denboraldiaren jarraipen bat egitea.

Egunen batean zeure burua entrenatzaile gisa ikusten duzu?

Ez dakit. Hemendik urte batzuetara ez dakit zer egingo dudan. Oraingoz, gustura nago nagoen tokian, eta asko ari naiz ikasten, batez ere Imanol Alguacil Reala B-ko entrenatzailearekin. Gaur egun, entrenatzaile gisa ez dut ikusten neure burua. Etorkizunean ez dakit zer pasatuko den.

Ofizialtasunaren alde mintzatu izan zara beti. Lortuko da?

Gustatuko litzaidake, baina oraintxe ez dut argi ikusten. Askotan ikusi da beste leku batzuetan gure aukera berberak izanda lortu dutela aurrerapausoak ematea. Halere, hemen dagoen arazo handiena da Parisek eta Madrilek utziko ez diguten aitzakia erabiltzea. Nire iritziz, Euskadiko Futbol Federazioak ez daki benetan selekzioaren ofizialtasuna lortu nahi duen ala ez.

BERRIAn argitaratua (2017/07/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA