iritzia
Erditzeak
Miren Amuriza


Gure adiskide batek duela hilabete batzuk eduki zuen umea, ispilu bat jarri zioten erditzea aurrez aurre ikusteko eta hunkigarria izan ei zen; beste batek, ostera, ospitalean «behi baten moduan» sentitu zela kontatu zigun, presaka hartu zutela erizain eta medikuek. Aldiz, gure amari luze egin ei zitzaion; aitak eta Karmele albokoak eroan zuten Gurutzetara, kotxez, eta auzoko Mariak txapako sua egin zion etxeratu zenean. Gure amuma Miren autobusean joan zen ospitalera eta hura noiz iritsiko zegoela, kontrakzioekin, askaurrea erratzarekin pasatzen aritu zen bueltarako lanak aurreratzeko. Potentziala. Gure amama Mariajesusek tonu berberean kontatzen zituen baserriko ezkaratzean laugarrenez erditu zenekoa eta esne-saltzen joaten zenekoa. Gure birramonek... Gura nuke jakin.