astekaria 2017/07/28
arrowItzuli

mundua

FERRAN REQUEJO

«Nazioartearen jarrera aldatuko da Katalunia Europan arazo denean»

Saioa Baleztena

«Nazioartearen jarrera aldatuko da Katalunia Europan arazo denean»

Zientzia politikoetan katedraduna eta CATN Trantsizio Nazionalerako Aholku Batzordeko kidea da Ferran Requejo (Bartzelona, 1951). Erreferendumaren Legea zer den azaltzeko berrehun ekitaldi antolatu dituzte Katalunia osoan, eta horretan ari da, buru-belarri.

Herenegun onartu zuten parlamentuan Erreferendumaren Legea irakurketa bakarrean onartzeko modua emango duen araudi erreforma. Zer iruditzen zaizu?

Legez besteko proposamenak onartzeko premiazkoa den testuinguruetarako pentsatuta dago. Adibidez, Espainiak berak baliatu zuen Batasuna legez kanpo uzteko. Kasu honetan, Kataluniako Parlamentuak egitea zuzena iruditzen zait, baina, noski, bermatu beharko luke legebiltzarkide guztiek aukera izatea onartzen diren legeen inguruko aipamenak eta ekarpenak egiteko.

Abuztuaren erdialdera arte ez dute aplikatuko Erreferendumaren Legea.

Aldez aurretik parlamentuak onartu beharko du, eta hori, antza, abuztuaren amaiera bitarte ez da gertatuko.

Erreferendumaren galderak Eskoziako ereduari jarraitu dio. Nola ikusten duzu?

Argia eta neutroa izan behar zuen. Alegia, anbiguotasuna eta formulazioak baiezkoaren edo ezezkoaren aldeko joera baldintzatzea saihestu behar zen. Zalantzarik gabe, bi horiek bermatzen ditu.

Ezezkoaren aldeko kanpainarik espero duzu?

Ez askorik. Erreferendumaren kontra dauden alderdi politiko gehienek ezetzaren aldeko kanpaina baino gehiago, abstentzioaren aldekoa egingo dute. Esango dute erreferenduma ilegala dela, ez duela ezertarako balio eta ondorio negatiboak ekarriko dituela.

CATN Trantsizio Nazionalerako Batzorde Aholkulariko kide gisa, zein iritzi duzu Kataluniako Gobernuaren estrategiaz?

Bide orria aldatu bada ere, gobernuak oinarritzat hartu du biztanleriaren eskaerari erreferendumaren bitartez erantzuteko konpromisoa. Estrategia da aldatu dena. Hasieratik lehenetsi zen Espainiako Estatuarekin adostutako galdeketa bat egitea. Baina, betiere, argi utzita ezin izatekotan alde bakarreko bidetik joko zela.

Beraz, RUI alde bakarreko erreferendumaren aldeko apustua egin behar izan da. Hau ez zen zure lehen aukera...

RUI bide konplexua da, ez baita erreferendum estandarra izango. Gertatzen dena gertatuta ere, interpretazio desberdinak eta kontraesanak egongo dira. Beti zalantza izan dut RUIren eraginkortasunarekin, baina egia da alternatiba askorik ez dagoela. Zaila da Espainiako Estatuari aurre egitea, baliabide guztiak bere alde dituelako. Hala eta guztiz ere, urriaren 1eko erreferendumarekin ez da egoera hobetuko. Parte hartzea handiagoa edo txikiagoa izan, arazoak iraungo du.

Erreferendumak baliorik ez badu, zein izango da gakoa?

Ez badute egiten uzten, mobilizazioak sekula ez bezalakoak izango dira. Seguruenik, jende gutxiagok parte hartuta, baina iraunkorrak, arazoa nazioarteko albistegi guztietan egon arte.

Nazioartetik babes gutxiegi jaso al du Kataluniak?

Gobernuak lan handia egin du azken urte eta erdian, hedabideetan ateratzen dena baino askoz ere urrutiago doana. Nire tesia da Katalunia Europan arazo bilakatzen denean nazioartearen jarrera aldatuko dela.

Puigdemontek hemezortzi hilabete agindu zituen independentzia lortzeko. Erronka zailegia zen?

Betidanik argi izan dut presa ez dela bidelagun ona gauzak ongi egiteko. Gauzak lehendabizi ongi egin behar dira, eta, gero, azkar, hurrenkera horretan. Eta, nire uste apalean, Katalunian hainbat agente daude gauzak azkarregi egin nahi dituztenak.

Hala ere, badago uste duenik galdera eta dataren iragarpena beranduegi iritsi dela.

Kataluniakoa koalizio gobernua dela ere kontuan hartu behar da, eta horrek barne konplexutasun bat gehitzen du. Eta jendeak sarri ahazten du Eskozian independentziak irabazi izan balu soilik hemezortzi hilabete zituztela aurreikusita erreferendumaren eta independentzia adierazpenaren artean. Gauza asko negoziatu behar baitira, bai Espainiarekin eta bai Bruselarekin. Ez zen komeni Kataluniakoa are gehiago lasterragotzea.

Carles Puigdemont inhabilitatuko duten aukera mahai gainean dago. Uste duzu gertatuko dela?

Matematikoa da, Espainiaren logikan. Erreferendumaren Legea eta deialdia aplikatu bezain azkar geldiaraziko dituzte. Prozesua sustatu duten ordezkariak zigortuko dituzte; eta zigorra espetxe zigorrera irits daiteke. Hala bada, demokratikoki aukeratutako buruzagiak espetxeetan egongo dira.

Nola baloratzen duzu Euskal Herriak izan duen rola?

Kataluniak betidanik mirespena sentitu izan du Euskal Herriaren erresistentzia izaerarengatik; batez ere, diktaduran eta trantsizio garaian. Baina egun dugun sentsazioa da euskaldunak beti berera zoaztela. Kontzertu ekonomikoaren erosotasuna dago, eta, hortik aurrera, Kataluniako prozesu independentistari kanpotik begiratzen diozue. Hori bai, ziur naiz Kataluniakoak arrakasta izango balu Euskal Herria aurki batuko litzatekeela. Zintzoki esanda, Euskal Herriaren jarrerak prozesuarekiko frustrazioa sortu du Katalunian. Kanpotar batek ez luke ulertuko estatu beraren barruan helburu bera duten bi herri egon eta elkartasunik ez egotea.

BERRIAn argitaratua (2017/07/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA