astekaria 2017/07/28
arrowItzuli

bizigiro

DANIEL VON SCHILLER

«Naturari ere zor diogu ibai osasuntsuak izatea»

Jon Rejado

«Naturari ere zor diogu ibai osasuntsuak izatea»

EHUko ikerketa talde batek ibaien osasuna neurtzeko markoa berritzeko proposatu du. Biologian doktore eta ikerketa taldeko kide Daniel von Schilenek (Segovia, Espainia, 1978) azaldu du ibaiaren osasuna ezagutzeko egiturari dagozkion alorrak aztertu ohi direla: ibaian bizi diren espezieak, nitratoak uretan duen kontzentrazioa... Ordea, gaineratu du ibaien funtzionamenduari ez zaiola arretarik jartzen; hortaz, ibaian dauden prozesuak ikertzeko moduak xehatu dituzte.

Ibaien funtzionamenduen adibiderik emango zenuke?

Hainbat daude: materia organikoak deskonposatzeko behar duen denbora; prozesu horrek garrantzi handia du, batez ere ibaien goi ibarrean. Ibaiaren metabolismoa, urak duen oxigenoa; hau da, ibaiak nola arnasten duen. Prozesu horiek iker daitezke, eta hori egiteko modua xehatu dugu ikerketan.

Ibaien funtzionamendu horiek ikertzeak zertan lagun dezake?

Alderaketa batekin errazago uler daiteke. Pentsa autoa tailerrera eramaten duzula. Egiturazko alorrak aztertuz gero, autoaren parte fisikoetan jarriko dute arreta: gurpilak, karrozeria... Baina interesatzen zaiguna da jakitea funtzionatzen duen edo ez: pizten ote den, abiadura egokia hartzen ote duen... Ibaian dauden animaliez gain, uraren konposaketaz gain, ibaiak funtzionatzen ote duen jakin nahi dugu.

Egiturazko azterketa eta funtzionamendua lotuta al daude beti, edo ez du zertan?

Oro har, lotuta daude. Adibidez, aurrez aipatutako materia organikoaren deskonposaketan ornogabeek eragin handia dute. Baina ez daude beti lotuta, ibaien inguruetan eukaliptoak daudenean, kasurako.

Zer gertatzen da kasu horretan?

Izaki bizidunen komunitatea aztertuta ez da ezer antzematen: animaliak, landareak... Ordea, eukaliptoen presentziak eragin oso handia du gai organikoaren deskonposaketan eta ibaien metabolismoan.

Zuek proposatutako ibaien azterketa markoa ikerketara bideratzen duzue, baita administrazioek egiten duten ibaien kudeaketarako ere. Administrazioren batekin hitz egin al duzue?

Uraren Euskal Agentziarekin ari gara lanean, tresna horiek martxan jartzeko. Ematen du zientziatik administraziorako jauzia ez dela gertatzen, eta horrek amorratzen gaitu. Uraren agentziak interesa agertu du, konturatzen delako egun dituzten tresnekin ezin dituztela beti eraginak atzeman. Horrez gain, guk proposatutako ikerketa markoak ekosistemen lana ekonomikoki neurtzea ahalbidetzen du.

Adibidez?

Ekosistemak dituen onura ekonomikoak zehaztu daitezke. Adibidez, ibaiek ura arazteko berezko gaitasuna dute. Gaitasun horri balio ekonomikoa aitor diezaiokegu. Hots, araztegi baten kostuak ezagutzen ditugunez, ibaiak egindako lana diruan neur dezakegu.

Zer ekarpen egiten ditu osasuntsu dagoen ibai batek?

Araztearena da adierazgarrienetako bat. Horren ondorioz, ur garbia ematen du, eta horrek balio handia du. Bestetik, onura estetiko edo kulturalak ditu: leku hobea izango da bainua hartzeko, animalia osasungarriagoak biziko dira...

Eta ekonomikoez gain?

Naturari ere zor diogu ibai osasuntsuak izatea. Gizarteak ere balioa aitortzen dio horri. Inguruko ibaiak asko aztertzen ditut, eta osasuntsu daudenetan jende gehiago ikusten dut, besteetan baino.

Ibaia estresatzen duten ekintzak ere xehatu dituzue ikerlanean.

Ekosistema hori estresatzen duten hainbat ekintza daude: kutsadura, ibaia artifizialki bideratzea, erriberak aldatzea... Hori aintzat hartuz, ikertu dugu ekintza horiek nola eragiten duten ibaiaren prozesuetan.

BERRIAn argitaratua (2017/07/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA