astekaria 2017/07/28
arrowItzuli

kirola

FRAN GARAGARZA

«Jokalariak utzita ekarri beharrean, fitxatu egiten ditugu»

Gorka Intxausti Aranguren

«Jokalariak utzita ekarri beharrean, fitxatu egiten ditugu»

Bere kontratuaren berritzearen inguruan zabaldu diren zurrumurruetatik aldenduta egon da Eibarreko kirol zuzendari Fran Garagarza (Mutriku, Gipuzkoa, 1967) udan. Orain, Austrian dago, taldearen denboraldi-aurrea jarraitzen.

Zer moduz bizi izan duzu uda?

Ondo. Lasai nago. Hauteskundeak, fitxaketak eta nire kontratuaren berritzea behar bezala egin dira. Nahiz eta jendeak berandu egin ditugula esan, lasai ibili nahi genuen. Fitxaketei dagokienez, nahi genituen jokalariak ekarri, eta taldea ia osatuta daukagu.

Nola ikusten duzu taldea denboraldi-aurre honetan? Zer dio Jose Luis Mendilibarrek?

Ondo gaude. Oraindik goizegi da esateko. Hasieran Bigarren B mailako taldeen aurka jokatu genuen. Austrian maila hobeko taldeen aurka ari gara. Mendilibar pozik dago, eta ekarri ditugun jokalariak ere gustuko ditu. Liga hasten denean ikusiko dugu; hori beste kontu bat izango da.

Zein izango da Eibarren helburua datorren denboraldian: puntuak ahalik azkarren bildu eta gero lasai ibiltzea?

Helburua mantentzea da. «Nola? Ez dakit». Puntuak hasieratik lortzen badira, hobeto. Maila handiko txapelketa da, eta ez da erraza izango.

Aurten, normalean baino jokalari gutxiago fitxatu dituzue. Zeren seinale da hori?

Ezin daiteke urtero talde erdia aldatu. Taldeak eta entrenatzaileak oreka behar dute. Aurten ez ditugu hainbeste jokalari ekarri, gehienek kontratua zuten eta. Ukitu beharrekoa bakarrik ukitu dugu. Nahi genituen jokalariak fitxatu ditugu. Inoiz ezin da esan taldea itxita dagoenik, eta, orain, are gutxiago. Baina zailena egin dugu.

Antonio Lunak eta Florian Lejeunek zuloa utzi zuten atzean. Erraza izan al da haien ordezkoak bilatzea?

Lunak ez zuela jarraituko jakitean, argi izan genuen Jose Angel [Valdes] zela aukera onena. Florian ez genuen saldu nahi, baina ezin izan diogu eutsi. Ordezkoa bilatu dugu. Horrek ez du esan nahi [Paulo] Oliveira Lejeuneren profil berekoa denik, inolaz ere. Zulo hori betetzeko jokalari baten bila gabiltza. Ez da erraza izango, Lejeune maila handiko jokalaria baita.

Zer emango diote Charlesek, Ivan Alejok eta Joan Jordanek Eibarri?

Joan Jordanek, kalitatea, zelai erdian ondo kokatuta egotea eta geldikako jokaldietan jaurtiketa. Gure estiloko jokalaria da, eta Lehen Mailan jokatzeko grinarekin dator. Ivan Alejok, gaztetasuna. Bi hegaletan joka dezake, eta oso fisiko indartsua du. Gauzak lasaiago hartzen ikasi beharko du, baina hori denborak emango dio. Charles alderantzizkoa da. Errendimendu ona behar dugu, eta golegile bat ekarri dugu. Adrian [Gonzalez] baino aurrelariagoa da Charles, eta horixe nahi genuen.

Yoel lesionatzeak gauzak aldatu zituen. Zuentzat beharrezkoa al da hiru atezain izatea?

Bai. Ezin ginen Asierrekin [Riesgo] eta bigarren taldeko atezainarekin bakarrik gelditu. Helburua Marko [Dmitrovic] fitxatzea zen, eta azkar mugitu ginen. Yoel [Rodriguez] osatzen denean, hiru atezain oso ezberdin izango ditugu. Entrenatzaileak erabakiko du nork jokatuko duen.

Eibarren historiako salmenta handiena izan da Lejeune. Zertarako erabiliko duzue diru hori?

Bueno, dirua klubak jasoko du. Gero ikusiko dugu hortik ehuneko bat taldean inbertituko den edo ez. Kirol hiria, estadioa eta harrobia ere garrantzitsuak dira. Dirua banatu egingo dugula uste dut. Ondo inbertitu behar da.

Jokalari bat fitxatzerakoan, zeri erreparatzen diozue?

Prozesu bat jarraitzen dugu. Jokalariak sinatu aurretik, elkarrizketa bat izaten dugu berarekin, eta askotan bikotekidearekin ere bai. Eibar nolako herria den azaltzen diegu, nora datozen jakin dezaten. Nahiago dugu hain jokalari ona ez den bat fitxatzea, pertsona bezala merezi badu. Taldea beti egongo da jokalariaren gainetik.

Zuk Bigarren B mailan hartu zenuen taldea. Asko aldatzen al da fitxaketak egiteko modua?

Bai, dudarik gabe. Lehen, ia jokalari guztiak utzita ekartzen genituen, eta, orain, fitxatu egiten ditugu. Lehen, ni nengoen bakarrik arlo honetan, eta, orain, talde bat gara. Lehen, aurrekontua mugatua zen; orain, ordea, muga hori lausoagoa da. Nahiz eta ez dugun jokalari batengatik behar dena baino gehiago ordainduko.

Hori al da Eibarren etorkizuna?

Bai. Guk jokalariak gure aktiboak izatea behar dugu. Kontratu luzea duten jokalariak ditugu, baita etete klausula altuak dituztenak ere. Ez dugu dirurik behar; jokalariek izan behar dute gure balio ekonomikoa.

Azken urteotan harrobian ere aldaketa garrantzitsu batzuk egin dituzue. Zuen beste jokalari iturri garrantzitsu bat al da?

Bueno, gure harrobia beste batzuenaren mailakoa bilakatzea oso zaila da. Bigarren taldea Bigarren B Mailan daukagu, baina zaila da handik Lehen Mailara jendea igotzea. Ondoan ditugun bi harrobiek eramaten dituzte jokalari onenak. Zaila da gure etorkizuna harrobian oinarritzea.

Eibarreko kirol zuzendariaren lana erromantikoagoa al da talde handi batekoarena baino?

Tira, izan daiteke. Ni non hasi nintzen ikusita... Gazteen mailan nintzen entrenatzaile, eta Bigarren Mailan entrenatzailearen laguntzaile hasi nintzen; eta, ondoren, harrobian lanean hasi nintzen. Garai okerrenetan, klubaren zuzendaritzara pasatu nintzen. Jokalari profesionala izan gabe postu horretara heltzeak beste ikuspegi bat ematen dit. Nire lana, kasu honetan, Eibarreko langile izatea baino askoz gehiago da. Bihotzean daukadan taldea da. Sentimendu hori kontratuaren gainetik dago, dudarik gabe.

Denek Jose Luis Mendilibarri eta Gaizka Garitanori egozten diete Eibar Lehen Mailan izatearen meritua. Fran Garagarzak ere meritua izango du, ezta?

Tira, denok daukagu. Bakoitza bere arloan da garrantzitsua. Denok batera lan eginda lor daitezke soilik horrelako emaitzak. Nik plangintza egiten dut, ingurukoei galdetzen diet, eta denei entzun ondoren hartzen ditut erabakiak. Baina argi dago denek egiten duten lanak eta jartzen duten gogoak nire egunerokoa errazten dutela. Klubaren lan egiteko moduak askatasun handia ematen dit.

Eibarren maite zaituztela igartzen duzu?

Bai. Ni ez naiz Eibarren askorik egoten, eta hala ere igartzen da jendeak asko eskertzen duela gure lana. Maitasun hori da niri balio didana. Kanpora joaten garenean ere ezagutzen gaituzte lan egiteko moduagatik.

Mendilibar ere asko estimatzen dute. Zer balorazio egiten duzu azken urteotan egin duen lanari buruz?

Lan bikaina egin du. Emaitzak hor daude. Gauzak argi dauzka, eta klubak nahi duen moduko entrenatzailea da. Haren izaera eta klubarena bat datoz.

BERRIAn argitaratua (2017/07/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA