astekaria 2017/07/28
arrowItzuli

mundua

MAXIM GVINJIA

«Garrantzitsuena zure estatua aitortzea da, ez besteen iritzia»

Ander Perez Zala

«Garrantzitsuena zure estatua aitortzea da, ez besteen iritzia»

SESB Sobietar Batasuna desegin zenean, Georgia estatu independente bilakatu zen, 1991n. Abkhaziarrak autonomia gabe geratu ziren orduan, eta matxinatzea erabaki zuten. Georgiari gerra irabazi ostean, 1999an aldarrikatu zuten independentzia, baina soilik lau estatuk aitortu dute: Errusiak, Nikaraguak, Venezuelak eta Nauruk. Babes eta lagun bila ibili zen nazioartean Maxim Gvinjia (Sukhumi, 1976) 2010etik 2011era, Atzerri ministro izan zen garaian. Donostiako Tabakaleran erakusketa batean parte hartu du herrialdearen egoera ezagutarazteko.

Zer ikasi duzu geopolitikaz urteotan?

Askotan eztabaidatu dugu aitortza gutxi dugula. Baina nik ideia bat dut horri buruz: zure estatua aitortzeak askoz garrantzia eta esanahi handiagoa du besteek zure estatua aitortzea baino. Zure herrialdea aitortzen baduzu, zure herrialdea onartzen baduzu, eta lan egiten baduzu herrialde horretan bizi diren herritarren ongizatea bermatzeko, erakusten du lan ona egiten ari zarela. Garrantzitsuena zure estatua onartzea da, ez besteen iritzia. Zer egin behar dugu inork ez badu gure herrialdea aitortzen? Abkhazia desegin? Berdin zaigu aitortzen gaituzten ala ez. Noski, aitortza izango bagenu, asko lagunduko liguke muga ekonomikoei aurre egiten: merkataritza, bidaiak, eta abar. Letters to Max filmean gauza garrantzitsu batez ohartu ginen: aitortza duten hainbat estatuk ez dutela bizirik irauteko baliabiderik. Lehentasuna da herritarren egunerokoa hobetzea.

Errusiarekiko menpekotasun handia duzue.

Bai. Atzerriko hainbat indarren eta egoeren menpe gaude, eta Errusiarekiko dugun menpekotasuna erraldoia da. Abkhazia oso txikia da, eta bizilagunak gara, tradizioa partekatzen dugu, kulturari lotua. Baita inguruko herrialdeekin ere, beste edozein herrialdek bezala. Errusiaren partetik laguntza ekonomiko handia jasotzen dugu.

Eta nola egingo diozue aurre egoera horri?

Ez diogu aurre egin behar egoera horri. Urtero bi milioi turista datoz Errusiatik, eta gure nekazaritza produktuak hara esportatzen ditugu. Errusia merkatu oso ona da, erraldoia eta interesgarria. Ekoizten dugun guztia Errusiari saltzen diogu, eta gure ekoizpena handitzen badugu, %1 edo %20, Errusiari salduko diogu. Ez dugu kezkatu behar.

Errusiak zuengan interesa du, Georgia EBra gero eta gehiago hurbiltzen ari delako.

Bai, hori da. Gure ingurua geopolitikan oinarritzen den eskualdea da, interesak asko direlako. AEBak Georgiara joan ziren, Ozeano Atlantikoaren beste puntatik, eta han daude, presentzia handia dute. Errusia Abkhaziara etorri zen, eta han dago, baina Errusia bizilaguna da, gure ingurukoa. Kaukasoan interesa izan du betidanik; beraz, niretzat, ez da harritzekoa Errusiak egun gurekiko interesa izatea. Harrigarriagoa da AEBak eta EBk izatea interesa Kaukason.

EBko kide izan nahi duzue?

Ez, ez da gure agendaren parte, eta ez dugu EBko kide izan nahi. Hala izango balitz, ekonomikoki mugak izango genituzke. Esaterako, ez ginateke gai izango merkataritza askeko eremu bat sortzeko. EBko kide izanda, oraingo abantailak galduko genituzke.

Subiranotasun kontua da?

Ez, finantzen ikuspegitik aztertuta diot. EBko kide bilakatzen bagara, mugak izango ditugu gure ardoa eta laranjak Errusiari bidaltzean, esaterako. Eta Bruselaren aurrekontuen eta laguntzen menpe egongo ginateke. Ez dut uste Abkhaziako herritarren egunerokoa hobetuko litzatekeenik. Ekonomiaz ari naiz.

Ba al duzue harremanik Georgiarekin?

Tamalez, ez dugu harremanik Georgiarekin, oraindik etsai garelako. Badakigu beharra dagoela harreman horiek hasteko. Baita Armeniarekin ere, gure artean armeniarrak ere badaudelako. Armeniak produktu interesgarriak ekoizten ditu, eta merkatu interesgarria da. Georgia eta Armenia merkatu onak dira gure produktuentzat. Geopolitika egin beharrean, garrantzitsuagoa da egiazko politika egitea. EB ala Errusia, horren inguruan eztabaidatu dezakegu, baina garrantzitsuena herritarren egoera da, eta, luzera begira, egonkortasuna.

Nola eraiki duzue Abkhazia?

Hautsetatik, hondamenditik eraiki dugu, gerrarengatik herrialdea suntsituta geratu zelako. Eraiki dugun guztia gure lanari esker eraiki dugu, kanpoko laguntzarik gabe. Eta uste dut SESBeko herrialde ohi askok baino arrakasta handiagoa izan dugula. Nazioarteko aitortza eta laguntza izan dute, baina huts egin dute.

NBEren partetik zerbait espero duzue?

Zaila da halakorik pentsatzea, NBEk adostasuna duelako oinarri, nazioarteko politikarena. Herrialdeak onartzen dituzte, eta erabakiak hartzen dituzte adostasunean oinarrituta. Ez dugu ezer espero NBEtik. Oraingoz.

Zertan oinarritu da zuen atzerri politika?

Atzerri Ministerioan lanean ari nintzenean, eta orain ere, helburu nagusia zen Abkhazia ezagutaraztea eta herrialdeari buruzko informazioa ematea. Eta lagunak aurkitzea. Gerraren ondoren, inork ez gaitu entzun. Abkhazia enbargo informatiko batean egon da. Ezin izan dugu gure ikuspuntua azaldu, denak Georgia entzuten aritu baitira. Eta esan du Abkhaziak genozidioa egin duela georgiarren aurka, eta Abkhaziak egin ziola eraso Georgiari. Kontrakoa da. Eta orain, bidaiatzen dugun bakoitzean, estereotipoei aurre egin behar diegu: Separatistak garela, hiltzaileak... Batzuetan ezin dugu jendearen pentsamoldea aldatu, eta nik ez diet iritzia aldatu nahi. Informazioa ematen diet, eta sinisten badute, ondo. Etor daitezela Abkhaziara, ikusiko dute ez dagoela halako ezer.

Atzerri ministro izan zara. Zure lana arrakastatsua izan zen?

Okerrak egin nituen, gaztea nintzelako. Baina uste dut arrakastatsua izan zela, lagunak bilatzen pasatu nuelako denbora, eta ez etsaiarekin borrokan.

Adibidez?

Latinoamerikan, adibidez. Hugo Chavez ezagutu nuen, eta errespetu handia diot. Nazioarteko hedabideek tentel baten gisa irudikatu dute. Errealitatean, guztiz desberdina zen.

Estatu Islamikoaren aurkako borroka Kaukasora eta Asiara mugituko dela dirudi. Arriskurik ikusten duzue?

Edonora joan daitezke. Gure segurtasun indarrak lanean ari dira Errusiakoekin. Jihadista batzuk aurkitu genituen Abkhazian, gure herrialdera etorri ziren, ez dakit zertara, baina jada atxilotuta daude. Gure herrialdean ez dute beren ideiak zabaltzeko tokirik aurkituko. Erlijio aldetik irekiak gara, kristauak gara, eta musulmanak ere badaude, baina ez da inoiz arazorik egon.

BERRIAn argitaratua (2017/07/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA