astekaria 2017/07/28
arrowItzuli

gizartea

Burokraziaren gurpil zoroan

Julen Nafarrate Aurrekoetxea

Burokraziaren gurpil zoroan

Ekain amaieran 167.207 langabe zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian, administrazioek emandako datu ofizialen arabera. Uda hasieran beherakada izatea ohikoa den arren, kopuru baikorrak dira; bosgarren hilabetez behera egin du langabeziak. Baina badira estatistika horietatik kanpo bizi diren herritarrak ere. Datuetan agertzen ez direnak, ikusezinak direnak ehuneko eta grafikoentzat. Are gehiago, badira lan egiteko aukera izan zezaketen herritarrak, baina horretarako eskubiderik ez dutenak, administrazioak berak trabak jartzen dizkielako.

Abdoul Aziz Mouhamed Ndiaye gaztearen kasua da horietako bat. Orain dela 19 urte jaio zen Dakarren (Senegal), eta urte bi daramatza Bilbon bizitzen. «Etorkin guztiek bezala, bizitza hobetu nahi nuelako egin nuen alde». Ñabardura bat gehitu dio: «Hobeto esanda, ez nuen ezer, eta zerbait izan nahi nuen». Bidaia luzea egin behar izan zuen Euskal Herrira iristeko: Libiara heltzeko zazpi egun behar izan zituen; han hilabetez egon ostean, Italiarako patera bat hartzea lortu zuen; Italiatik Kataluniara, eta han tarte batez egon eta gero, Bilbora.

Espainiako Poliziaren Bilboko egoitzara joatea izan zen haren lehenengo urratsa, eta han hasi ziren lehenengo arazoak: «Nik ez nuen pasaporterik, pateran nengoela uretara bota nuen. Hori egiteko esan ziguten, onena zela, bestela Poliziak kanporatuko gintuelako».

Polizia etxetik Zornotzako etorkin adingabeen zentrora bidali zuten. Han egin zituen zortzi hilabete. «Nire familiak pasaporte berri bat bidali zidan Senegaldik, baina Poliziak kendu egin zidan, faltsua zelakoan. Orduan, ezin zutenez adingabea nintzela ziurtatu, kanporatu ninduten». Dioenez, kale gorrian geratu zen, nora joan jakin barik: «Eskerrak iturgintza ikasketak egiten ari nintzen Peñascalen [Bilbo]. Tokiko irakasleei nire egoeraren berri eman nien, eta aterpetxe batera joatea lortu nuen».

Hainbat aterpetxetan egon eta gero, gaur egun tutoretzapeko etxebizitza batean bizi da. Iturgintza ikastaroa amaitu du, praktikak egin ditu, eta enpresa batek kontratatu nahi izan du. Baina ezin izan du lanik egin, ez duelako bizileku baimenik: «Lan egin nahi nuen, baina ez didate utzi».

Gainera, Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzak salaketa bi jarri dizkio: dokumentuak faltsutzeagatik eta adingabe zentro batean heldua izateagatik. Osasun sisteman arreta jasotzeko ere hamaika arazo izan ditu, pairatzen duen eritasun baterako tratamendua behar duen arren: «Eskerrak ez naizen askotan gaixotu». Urtebeteko errolda behar dute ohiko medikuaren zerbitzua jasotzeko.

Harresiak Apurtuz taldeak salatu duenez, Ndiayeren egoera ez da salbuespena, araua baizik. Kanpaina abiatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren gazte etorkinen egoera salatzeko. Gobernuz kanpoko erakundea 200 gazterekin ari da lanean, tutoretzapeko etxeak antolatuz, baimenak lortzeko jarraipena eginez, eta abar. Harresiak Apurtuz-eko kide Aitor Oriberentzat, traba burokratikoak helburu argi batekin ezarri dituzte: «Gero eta oztopo gehiago jartzen dizkiete gazteei, nekatzeko eta, azkenean, alde egitera behartzeko».

Traba horiek hainbat arlotan gertatzen direla salatu dute: erroldatzeko, bizileku baimena eskatzeko, Lanbideko txartela berritzeko, oinarrizko diru sarrerak bermatzeko errenta eskuratzeko, osasun sisteman zerbitzua jasotzeko... «Gurpil zoro bat da. Ilusioa lapurtu nahi diete». Azken urteetan egoerak okerrera egin duela nabarmendu du: «Erakundeek ikusten dutenean traba horiek gainditzen ditugula, beste batzuk asmatzen dituzte». Gainera, immigrazioaren gorakada antzeman dute aurten: «Uste dugu Bilboko metropolian 80 etorkin gazte egon daitezkeela kalean eta noraezean».

Oribek azpimarratu duenez, beste egoera batzuetan erakundeek erraztasun guztiak ematen dituzte: «Futbol talde batek 15 urteko gazte bat ekartzen duenean, berehala izaten dute bizileku baimena, errolda, medikua... Trabak desagertzen dira».

Kamioi baten azpian

Baina bidean traba ugari jaso arren, badira aurrera egitea lortu duten gazteak ere. Horren adibide da Elhou Ihzi, 23 urteko marokoarra. Lau urte daramatza Bilbon bizitzen, baina bere bidearen hasiera ere nahiko gordina izan zen: «Bost bider saiatu nintzen muga gurutzatzen. Azkenean, kamioi baten azpian lortu nuen, Tangerretik Algecirasera doan itsasontzian».

Ndiaye bezala, bera ere pasaporte barik heldu zen, eta Zornotzako adingabeen zentrotik «kanporatu» zuten, bere adina egiaztatzeko probak egin eta gero. «Proben arabera, lau hilabete falta zitzaizkidan 18 urte betetzeko. Data heldu zenean, kalera bota ninduten». Ondorengo hilabeteak aterpetxeetan eta kalean lo egiten igaro zituen.

Gaur egun, tutoretzapeko pisu batean bizi da. Pozik dago, uztailaren 17an hiru urte bete zituelako etxean erroldatuta. Baldintza horrekin, bizileku baimena eskatzeko aukera izango du: «Hala ere, ez dakit onartuko didaten». Bizileku baimena lortzea ezinbestekoa da harentzat. «Ikastaro batera joaten ari nintzela, kaleko jantzitako polizia batzuek gelditu ninduten. Bizileku baimena eskatu zidaten, eta, ez neukanez, kanporatze agindua eman zidaten. Baina nola izango dut bizileku baimena, eurek ukatzen badidate?».

BERRIAn argitaratua (2017/07/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA