astekaria 2017/07/28
arrowItzuli

gizartea

MIGUEL LORENTE

«Matxismoari leku handiegia uzten zaio oraindik»

Garikoitz Goikoetxea

«Matxismoari leku handiegia uzten zaio oraindik»

Genero indarkeriari aurre egiteko ituna onartu zuten herenegun Espainiako Kongresuan. Gaia landu duen batzordean hainbat adituk parte hartu dute, eta tartean dago Miguel Lorente (Seron, Andaluzia, Espainia, 1962). Granadako Unibertsitateko irakaslea da, eta, besteak beste, Espainiako Gobernuan genero indarkeriari buruzko ordezkaria izan zen 2008-2011 artean, PSOE agintean zegoela.

Adostasuna egin dute Kongresuan, baina eskas geratu dela esan dute oposizioko talde batzuek. Zer ikuspegi duzu zuk?

Akordio gisa inportantea da. Baina, bai, gutxienekoa da: urrunago joan behar zuten. Baina akordioa dago, eta gauza oso garrantzitsua da adostasuna. Matxismoak horrelako neurriak aurkezten ditu gizartearen zati baten inposizio gisa, eta oso garrantzitsua da parlamentuan adostasun hori egotea.

Batzordean izan zinen aditu gisa.

Planteatu nien matxismoaren aurkako itun bat egitea, ez genero indarkeriaren aurkakoa. Hutsune hori sumatu dut: matxismoari espazio handiegia uztea oraindik. Hiltzaileak eta erasotzaileak irteten diren espazio horri. Garrantzitsua da espazio horri aurre egitea.

Salaketa jartzea ez da beharrezko izango andreak biktimatzat jotzeko. Pauso garrantzitsua da?

Pausorik garrantzitsuena. Matxismoak lortzen du ikusezintasuna eta zigorgabetasuna egotea: indarkerian harrapatuta egotea emakumeak. Oinarrizkoa da hori haustea eta emakumeek arreta jaso ahal izatea salaketa jarri gabe —ez baitute ikusten lehen aukera gisa—. Ahalbidetuko du ikusezintasun eremu horretan sartzea.

Babesik eza dago gehienek salaketa ez jartzearen oinarrian?

Kultura eta identitate arazoa da gehiago: uste izatea bikotean normala dela hori, eta, are, zu zeu zarela erantzulea. Espainiako azken inkestan, salatzen ez duten emakumeen %44k esan zuten ez dutela salatzen jasaten duten indarkeria ez delako hain larria. Ez da indarkeria jartzen auzitan, baizik kopurua. Eta, hor harrapatuta bazaude, indarkeria kopuru handiagoa onartzen da. Kulturala da. Gizon hiltzaile gehienek beren burua entregatzen dute: beren identitatea, irudia eta balioak defenditzeko hiltzen dituzte, eta gizon gisa onartzen dute zigorra. Uste dute egin beharrekoa egin dutela. Normaltasun horretatik dator salaketa ez jartzearen zati handiena.

Biktimei laguntzeko neurriak aipatu dituzte. Zer laguntza behar da, eta badago laguntza horren garrantziaren kontzientziarik?

Kontzientzia handirik ez dago, ez. Uste izaten da delitu bat gehiago dela, besterik gabe. Prozesu nahasgarria da: errudun sentitzen dira, epaitu egiten dituzte... Segurtasunik eza sortzen die andreei. Laguntza profesional batek emateak —ez edonork— ekar dezake andreak aurrera egitea prozesu konplexu horretan. Gainera, erraztuko luke andreak bere kabuz erabakitzea, ez beste batzuen eraginpean.

Hizpide hartu dute beste gai bat: erasotzaileen aurka ez deklaratzeko aukera dute emakumeek, akusatua senide zuzena dutelako. Kendu behar da aukera hori?

Bai. Salaketen eta aurreko deklarazioen bitartez, emakume horiek erakutsi dute indarkeriatik irteteko gogoa badutela, baina esaten diete ez deklaratzeko aukera dutela, edo abokatu bulego batzuek aukera hori erabiltzen dute emakumeek atzera egin dezaten. Eragotzi egin behar da hori. Artikulu hori ez zen horrelako kasuetarako egin. Gutxiengoak salatzen du, eta salatzen dutenen %70 ez dira epaiketara joaten. Zigorgabetasuna errazten du horrek.

Kartzelatuta dauden erasotzaileek ez dute seme-alaba adingabeen bisitarik jasoko. Epaileen esku dago erabakia orain, eta beharrezko da debekua jartzea?

Behar da, bai. Erreferentzia kulturalen gainean eraikitako indarkeriaz ari gara, eta gizartearen estereotipo berberez blaituta daude hainbat arlotako profesionalak ere. Subjektibotasunari eremu handia uzten zaionean, aurreiritzi horietatik jarduten du subjektibotasunak. Eta ikusi dugu hainbat ideia daudela gizartean: gizon erasotzaile bat izan daitekeela aita ona eta horrelakoak. Izugarrikeria da, baina hor dago. Kultura matxista horrek onartzen du erasotzaileek umeen bisitak izatea eta bisita horiek baliatzea emakumeengan eragiteko edo adingabeengan inpaktua sortzeko, eta egokia da hori mugatzea. Ez da aitatasuna kentzea: ez dagoenean bermatua umeek ez dutela jasango indarkeria horren inpaktua, hori kontrolatzea eta mugatzea.

2004ko legeak hainbat jardun ezarri zituen hezkuntzaren esparruan, eta oraingo itunak ere bai. Behar beste garatu da arlo hori? Nola bideratu heziketa?

Ez da behar adina jorratu; gainontzean beste egoera bat genuke orain. Gazteen artean ez da desagertu genero indarkeria, edo, areago, handitu egin da. Hezkuntzan indar egin behar da, garai horretan ari baita identitatea sendotzen. Erreferentzia kulturaletatik dator emakume izateko eta gizon izateko forma bat, eta hori auzitan jarri behar da. Horrek eskatzen du etengabeko jarduna, ezagutzaz eta informazioz hornitua, eta ez Martxoaren 8aren edo Azaroaren 25aren inguruan gauza zehatz batzuk egitea soilik. Indarkeria atzematearekin lotu behar da hori: etxean indarkeria giroa badago eta eskolan aurkakoa esaten ari badira, etxekoak du askoz pisu handiagoa. Eta ikasgelatik kanpora begiratu behar da: bideo jokoak, publizitatea, telesailak... Gainerako guztia berdin badago, zaila da ikasgelak eragina izatea.

Kongresuan eztabaida izan dute genero indarkeria kontzeptuari buruz ere. 2004ko legearen lehen artikulua moldatu behar dela uste duzu, kontuan izanik bikote harremanarekin lotzen duela genero indarkeria?

2004ko legearen hitzaurreak dio erreferentzia kultural horien gainean eraikitako indarkeria dela genero indarkeria. Baina lege hori bikotean zentratzen da. Lehen aldia zen kultura indarkeriarekin lotzen zena, eta bikotea hartu zen, oso ohikoa eta larria delako. Lan egiteko era bat zen. Baina ez zen ukatu beste gisa bateko genero indarkeria: mutilazioa, sexu erasoak, jazarpena, ezkontza behartuak... Baina, bai, gizartea helduagoa da orain, eraikuntza kultural horren aurrean jarri da, eta, erkidego batzuetako legeak bezala, estatukoak ere jaso behar ditu beste indarkeria mota batzuk, genero indarkeriaren parte baitira.

Baina, legeari dagokionez, batera har daitezke, esate baterako, bikote barruko genero indarkeria eta emakumeen salerosketa?

Gobernuaren edo parlamentuaren araberakoa da hori. Dena genero indarkeriatzat jotzeak ez du esan nahi denak lege berean egotea. Genero indarkeriaren ugaritasuna hain da handia, neurri eta baliabide ezberdinak behar baititu. Adibidez, ezin dira babes etxe berean sartu tratu txarrak jasan dituzten emakumeak eta salerosketaren biktima izan direnak.

Ituna egin dute. Orain zer pauso eman behar dira abian jartzeko?

Lehenik, plan bat behar da, modu egokian integratzeko eta egokitzeko neurri guztiak. Oso zabalak eta zatikatuak baitira oraingoz. Mila milioi euro bost urtean dirua da, baina mugatua. Ni gobernuan nengoenean, genero indarkeriarako aurrekontu osoa hartuta, 380 milioi euro ziren urtean, eta, bost urtean, ia 2.000 milioi. Beraz, mila milioi horietatik haragoko inbertsioa beharko da. Gainera, kontuan hartu behar da oraingoak bultzada izan behar duela, ez baikara hutsetik hasten. Eta aintzat hartu behar da esparru kulturala: eremu handia du matxismoak. Baita parlamentu horretan ere.

BERRIAn argitaratua (2017/07/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA