astekaria 2017/07/28
arrowItzuli

bizigiro

Oholtza ez da nahitaezkoa

Iñigo Maiztegi

Oholtza ez da nahitaezkoa

Parte Zaharra turistez lepo da; udako egun bat gehiago Donostian. San Sebastian bezperan danbor hotsak entzuten dira auzoan; udan, ordea, musikariek alaitzen dituzte kaleak. Azken urteetan, berriz, musikarien kopurua asko jaitsi da, arautu egin baitira kaleko emanaldiak, Euskal Herriko beste txoko batzuetan bezala. Ofizioa arautzeko orduan, ostera, ez dago bateratasunik, toki bakoitzak testuinguru ezberdina baitu.

Txanponaren beste aldean musikariak daude. Kalea gehiengoarengana iristeko modu bat bezala ikusten dute; antzoki libretzat dute askok. «Jende gehiago eta publiko askotarikoagoa izan dezakezu kalean. Zenbaitek entzuteko modu bakarra da, sekula antzoki batera musika entzutera joango ez denik ere badago eta», dio Urko Menaiak, duela hamar urte kalean jotzen hasi zen donostiarrak.

Adorea ere beharrezkoa da, publikoaren gertutasunak edozein ikaratu baitezake. Kaleko musikaria espaloian jartze denean, denen begiradapean baitago: karrikak berezi bihur dezake musikariaren eta publikoaren arteko hartu-emana.

Igor Jauregi Gartxot-ek emanaldi mota horiek azaldu ditu: «Harreman berezia sortzen da kalean; jendea zurekin dago tokian bertan. Xalbadorren heriotzean kantatzen hasten naizenean, askotan gertatu izan zait jende nagusiak nirekin kantatzea». Abesti hori da herri kantutegiaren adibide garbienetakoa. «Herri kantuak maite ditu gehien jendeak; halere, kalean edozein motatako musika egin daiteke, kaleak ez baitu mugarik», dio Menaiak. Herri musikaren alde txarraz ere ohartarazi du, ordea: «Estilo horretako kantuak jotzean, jendeak uste du hori dela egiten duzun bakarra». Halere, zehaztu du: «Nire kantuekin ere ondo funtzionatu dit, ez dago soilik horri lotuta».

Kalean jotzeak bere arriskuak ere baditu, posible baita inor ez geratzea musikariaren aurrean, edota harremana hain estua ez izatea. Kalean denetarik gerta daitekeela dio Menaiak, «oso harreman estua lortzea, eta kontrakoa ere bai». Erosotasunetik irten behar du musikariak kalean. «Aurreikusi ezin diren hamaika aldaera egon daitezke», baieztatu du musikariak.

Toki itxi bateko emanaldiekin konparatuz, «musikariak aukera gehiago du areto batean, espektakulua bideratu dezake. Kaleak, berriz, bat-batekotasunera derrigortzen zaitu».

Gainera, esan beharrik ez dago, musikarien gehiengoak kontuan hartzen duela bizilagunen deskantsua. Haien helburua, soilik, musika gustuko duen jendea haien aurrean geratzea da; eta zer esanik ez, musikaren ordainetan sos batzuk jasotzea.

Gipuzkoako eta Bizkaiko hiriburuak dira, turismo masiboa dela medio, kaleko musikari gehien biltzen dituztenak; baita, horrek bultzatuta, kaleko emanaldiak zorrotzen arautuak dituztenak ere. Bilboko zein Donostiako udalek arreta berezia jartzen dute denden kanpoaldea babesten. Denden erakusleiho parean edo inguruan jartzea debekatzen baitute biek ala biek.

Legeztatzearen aldekoak

Donostian, 2016ko udan jarri zen martxan egun indarrean den ordenantza. Ez zen izan, ostera, egun batetik bestera hartutako erabaki bat. Udalak argitu du uda garaian «izugarri» gehitzen dela kaleko musikarien kopurua.

Gartxotek baieztatu du fenomeno hori: «Aste Nagusia baino astebete lehenago-edo hasten dira udaltzainak kaleko musikariez arduratzen, jende eta turista asko dabilelako edo». Isunak ere izan dira iaz martxan jarri zuten araudiaren ondorioz. «Hogei urteko ibilbidean lehen isuna egun gitarra jotzen dudan lekuan izan zen, Donostiako Parte Zaharreko San Jeronimo kalean, 50 euroko isuna jarri zidaten. Ordenantza horrekin bidali ninduten txoko horretatik».

Udalaren arabera, «bizikidetza hobetzeko» eginiko ordenantza dago indarrean. Donostian musika jotzen duten gehienek turista askoko guneak lehenetsi ohi dituzte, eskupekoak dezente gehiago izaten baitira. Horrek, ostera, badakartza beste arazo batzuk ere.

Donostiako Udalak dioenez, kale berean musikari asko egoteak beraien arteko liskarrak sor ditzake; baita jende pilaketak ere, emanaldiek inguruan lagun asko batzen baitituzte. Horiek izan ziren arrazoiak kaleko artisten inguruko araudia osatzeko; jende metaketak saihestea ez ezik, beste hainbat ofiziotan bezala, legeztatu beharra ere ikusten baitzuen.

Ordenantza horretan azaltzen diren arauetan garrantzitsuena, berriz, musika jotzeko tokiak mugatzea da: kaleko musikariek 47 gune dituzte emanaldiak emateko. Musika eskaintzeko tokiak hiriko zenbait lekutan daude; haatik, gune horietatik kanpo da Parte Zaharra, urteetan hainbeste musika jaso izan duen auzoa.

Araudiko puntu horretan oinarritu ziren udaltzainak Gartxoti isuna jartzeko: «Isuna jaso ostean ere jarraitu dut Parte Zaharrean gitarra jotzen, eta inoiz ez didate ezer esan. Donostiako jaien bueltan udalak izaten duen jarrera da soilik. Parte Zaharreko dendak eta bizilagunak nirekin zeuden, ez dut inoiz haiekin arazorik izan». Kalean musika egiteagatik soilik isunak jartzeko «eskubiderik ez dagoela» uste du musikariak; are gutxiago, «inongo kexarik» jaso gabe.

Legedia ez da soilik emanaldiak emateko lekuetara mugatzen, musikariek jotzeko balia ditzaketen egunak ere arautzen baitira. Hamabost egun dituzte kalean jotzeko, eta, horietan, zein lekutan arituko den ausaz zehazten zaio musikari bakoitzari. Era berean, programa informatiko baten bidez, zoriz ematen zaie ordutegia musikariei; goizean eta arratsaldean, gehienez, bakoitzean, bi orduz jo dezakete.

Hamar kantu gutxienez

Gai horretan, Bilbo izan zen aitzindaria Euskal Herrian. 2012an onartu zen indarrean dagoen ordenantza. Udalekoek adierazi dute bizikidetza hobetzeko egina dela: liskarrak eta bestelako eragozpenak saihestea da, hain zuzen ere, Espazio Publikoaren Ordenantzaren jomuga. «Kaleko portaerak eta jarduerak arautuz, eta gune publikoaren erabilera publiko nahiz pribatu guztiak bateratuz, herritarren arteko bizikidetza osoa lortzea da helburua».

Orduz geroztik, kalean musika jotzen dabiltzanek hamar abestiko gutxieneko errepertorio bat izan behar dute. Baldintza berezi samarra den arren, badu horretarako zalpena udalak: «Hamar kantuen kopurua sinbolikoa da, kalean dabiltzanei ez zaie eskatzen partitura sorta, ezta epaimahai baten aurrean jartzen ere».

Iruzurgileak saihesteko irtenbidetzat hartu zuten, neurri horiekin playback egiten zuten artistak albo batera utzi nahi zituzten, amarru hori egiten zuen bat baino gehiago antzeman baitzuten azken urteetan Bilboko kaleetan. Udalak duen tresna juridiko bat da, eta soilik bizilagunen kexak izanez gero erabiltzen da.

Bestalde, ezin dira leku berean denbora mugagabean egon: gehienez 45 minutuz egon daitezke, musikariak txandakatzea ahalbidetzeko. Bilbok Donostiaren arazo bera pairatzen du; toki estimatu gutxi daude, eta horietan emanaldiak emateko irrikan dago musikari asko; horregatik jarri zuten martxan leku bakoitzean denbora gutxiz egoteko araua, denek izan dezaten leku onenetan jotzeko aukera. Gainera, bizikidetza ahalbidetzeko, emanaldi horiek 10:00 eta 15:00 bitartean eman beharko dituzte goizean, eta 17:00etatik 22:00etara arratsaldean, deskantsatzeko orduak errespetatuz.

Konfiantza jokabide onean

Hein handi batean, beste hiriburuetako konponbideak Urko Menaiaren ildo berean doaz. Donostian, legea ezarri aurretik, musikariak elkarren artean moldatzen ziren: «Gure artean errespetuz jokatzen dugu, saiatzen gara beste musikari bat dagoen inguruan ez jartzen, eta edozer gauza gertatzen denean hitz egiten; bizitzako beste hainbat eremutan bezala jokatzen dugu kaleko musikarien artean».

Baionako, Gasteizko eta Iruñeko legediak bide horretan doaz. Ez dute jarduera hori arautzen duen legedirik, eta karrikan musika egiten dutenei «errespetuzko jarrera» izatea eskatzen diete. Horretaz gain, Gasteizko ordenantzak gaineratzen du soilik eskupekoa eska dezaketela, ezer saldu gabe. Hiru hiriburuetan edozein ika-mika izango balitz, orduan izango lukete esku hartzea udaltzainek; inori enbarazu egin ezean, musika egitea inoiz galarazi gabe.

Azken hogei urteetan, Gartxotek eman ditu emanaldiak legedi hertsia ez duten hirietan ere. «Euskal Herriko hamaika lekutan eman ditut emanaldiak, Iruñean, Tolosan... Eta inoiz ez dut Donostian bezalako isunik jaso. Mugitzeko-edo esan didate batzuetan, baina beti hitz eginez, zigortu gabe».

Garbi ikusten da hori Iruñean, hiriak «oro har, ez baitu kaleko musikariekin arazorik». Bi puntu bereizten ditu udalak, kaleko musikariei dagozkien bi eremu nagusi: eremu publikoaren erabilera eta egiten duten soinu maila. Bi baldintzak egoki betetzen badira, udalak ez du inongo arazorik izango kalean musika jotzeagatik. Bestelako arazoren bat izanez gero, espazio publikoaren okupazioa eta gehieneko zarata bolumena arautzen dituzten ordenantzak baliatuko dira, hiritarren eta musikarien arteko bizikidetza ahalbidetzeko.

BERRIAn argitaratua (2017/07/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA