astekaria 2015/11/27
arrowItzuli

gizartea

Nola azaldu hau guztia orain umeei

Garikoitz Goikoetxea

Nola azaldu hau guztia orain umeei

Zuzenekoa izaten ari da jarraipena ia. Erasoak, irmo armatutako poliziak, atxiloketak, kontrolak... «Etengabe ari dira irudiak agertzen, eta kaltea eragiten digute. Helduoi ere bai, eta, beraz, pentsa umeei». Ingeborg Porcar mintzo da. Bartzelonako Trauma, Krisi eta Gatazka Unitateko zuzendaria da; Unibertsitate Autonomoaren alboko erakundea da, eta gisa horretako kasuekin aritzen dira. Egunotan, Parisko erasoen harira, familietan eta eskoletan hizpide dute gaia umeekin. Hori nahitaezkoa dela diote adituek: «Gaia atera egin behar da, umeek galdetu ez arren». Hitz egiteak lasaitasuna ematen die, eta segurtasuna.

Ezohiko gertaera izan da Pariskoa, eta ikastetxeetan ez dute jarraibide zehazturik horrelako kasuetarako, oro har. Frantziako Hezkuntza Ministerioak txosten bat igorri du eskoletara, aholku emateko. Agirian ministerioak ohartarazi du ikasleek «eragin mediatikoa» jasan dutela azken egunetan: «Irudi biolentoak, helduak samina adierazten, komentario eta eduki dramatikoak...». Gaia nola jorratu, proposamen batzuk egin ditu. Nagusia da ikasleak entzutea, eskolan gogoeta egitea, estudianteen adina aintzat hartuta. Ama eskolan marrazkiak-eta egitea aipatu dute; Lehen Hezkuntzan, azalpen batzuk ematea; eta Bigarren Hezkuntzan, gaiari buruzko solasaldiak egitea.

Ekitaldi kolektiboei ere garrantzia eman die ministerioak. Minutu bateko isiluneak eskoletan ere egitea proposatu zuen, «meditazio indibidual eta kolektibo» gisa. Aurretik gutxienez ordubeteko solasaldiak egiteko eskatu zuen.

Hitz egitearen garrantzia

Adituek ere uste dute gaiari buruz hitz egin behar dela. «Bai eskolan, eta batez ere familian», esan du Porcarrek. Ohartarazi du, gainera, atentatuei buruz hitz egiteko ez dagoela haurrek zerbait galdetzeko zain egon beharrik. «Aktiboak izan behar dugu. Halako informazio uholdearekin ezinezkoa da umeak hortik kanpo egotea. Eta beti ez dute galdetuko, batez ere gaia larria dela ikustean».

Hedabideetan gai nagusia da. Adituek uste dute komenigarria dela «mugak» jartzea, babestea. «Baina egia da lehenago edo geroago helduko zaiela albistea. Horregatik da inportantea proaktiboak izatea: geuk azaldu behar diegu zer gertatu den», adierazi du Benjamin Ballesteros psikologoak —ANAR fundazioko ordezkaria da; haurrei eta nerabeei laguntzen diete zentro horretan—.

Gaia aipatu ezean arrisku bat badagoela ohartarazi du: haurrak berak interpretazio okerrak egitea. «Dena ezin dugu kontrolatu. Telebistan irudiak ikusiko dituzte; besterik ez bada, jendea kandelak jartzen. Horregatik, gertatu denari buruzko kontzientzia bat eduki behar dute». Adinaren araberakoa izan beharko du horrek, noski, informazio gehiago edo gutxiago ulertzeko gai izango baitira.

Bide horretatik, «kontakizuna bideratzeaz» mintzatu da Porcar. Parisko atentatuak aipagai hartuta jarri du adibidea. Futbol zelai baten inguruan hasi ziren erasoak, telebistan eman dute partida jokatzen ari zirela nola entzun zen leherketa, eta, gainera, bertan behera utzi dituzte partida batzuk atentatu mehatxuengatik. Komunikabideetan egunero ageri dira albiste eta irudi horiek. «12 urte baino gutxiagorekin, oro har, ez dira gai izaten zer gertatu den ondo ulertzeko. Arriskua dago uste izateko egunero gertatzen ari dela, eta futbolean. Asteburuan agian ez dute joan nahi eskola kiroleko futbol partida jokatzera».

Zer eta nola esan

Hitz egin behar da, ados. Baina zer esan? Galderak egitea da lehenbiziko pausoa, Ballesterosen ustez. «Nola sentitzen diren galde diezaiekegu hasteko. Lagundu behar diegu emozioak identifikatzen». Moduak ere garrantzia du: «Ezin ditugu haien emozioak zapaldu. Enpatia agertu behar dugu». Seguru sentitzearen sentsazioa aipatu du ANAR fundazioko psikologoak. «Guztiontzat da garrantzitsua seguru gaudela sentitzea. Umeentzat ere inportantzia du».

Alboan egon bai, baina jokabide batzuk bideratu egin behar direla ohartarazi du Bartzelonako zentroko zuzendariak: «Erantzun okerrak zuzendu egin behar dira. Adibidez, atentatuak musulman guztiekin lotzen hasten badira, esan beharko diegu hori okerra dela». Arazoa da helduak ere ari direla lotura hori egiten. Umeei ez aipatzearen aldekoa da: «14 urtetik behera ez naiz erlijioarekin lotzearen alde. Heldutan ere arriskutsua izaten da lotura hori, eta umeen artean, gehiago».

Frantziako Hezkuntza Ministerioak ere estilo horretako gomendioak egin dizkie maisu-maistrei: informazioa emateko, eskoletan gogoeta egiteko, baina tentuz. «Saihestu behar da Parisko atentatuen azalpena iritzi pertsonaletan, filosofikoetan edota biktimen usteetan oinarrituta bilatzea». Gertatutakoa «asimilatzeko», elkarrizketa landu behar da umeekin, ministerioaren arabera.

Ez da erraza. Etengabeak dira irudiak, atentatuenak eta polizienak, eta horrek bereziki dauka eragina umeengan. «Babestu» egin behar direla dio Porcarrek.

Xehetasun gutxi

Informazioa ahalik eta xehetasun gutxienarekin ematearen aldeko dira bi adituak. Ballesteros: «Ez dugu detaileetan sartu behar eta dramatismo gehiago eman behar, lehen ere badu-eta nahikoa». Parisko atentatuak dituzte mintzagai, baina gomendio horrek berdin balio du beste kasu batzuetan ere: dela beste erasoren bat, dela istripuren bat, dela hilketaren bat.

Beste aukera bat da gezurretan aritzea, zer gertatu den ez esatea. Hori aukera okerra dela uste dute biek. Sinesgarritasunari heldu dio Ballesterosek: «Mezu koherentea izan behar da. Beste iturri batzuetatik ere jasoko dute informazioa. Gezurra esan badiegu, dudan jarriko dute gure sinesgarritasuna».

Ziurtatu ezin daitezkeen gauzak argudiotzat ez erabiltzeko eskatu du Porcarrek. Adibidez: ezin da esan Euskal Herrian inoiz ez dela gertatuko halako eraso bat. «Baina esan behar dugu ez dela beti gertatzen: Parisen ere behin gertatu da». Horrelakoen aurrean umeek maiz egiten baitituzte heriotzarekin lotutako galderak: «Esaten dute: 'Ama, zu hil zaitezke?'. Ez da gerta litekeen zerbait, baina ezin diogu ziurtatu ezetz».

Galdera guztientzat erantzuna edukitzea ez da erraza. Gurasoek eta irakasleek eurek ere ez dute erantzunik galdera guztientzat. Mezu sinpleen alde egin du Porcarrek. Adibidez: «Kriminal batzuek tiro egin dute, eta jendea hil. Nik ere ez daukat erantzunik; ez dut ulertzen». Betiere adinaren arabera egokituta, umearen errealitatetik erreparatuz egoerari: «Zuei ez dizuete esaten ez dela jo behar? Bada, pentsa, hil ere ezin da egin. Ezin dugu ulertu».

BERRIAn argitaratua (2015/11/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA