astekaria 2017/07/28
arrowItzuli

bizigiro

JAUME ROURES

«Espainian ez dira kultura demokratikoa sustatzen saiatu»

Urtzi Urkizu

«Espainian ez dira kultura demokratikoa sustatzen saiatu»

Kirol kazetaria izan zen gaztetan. Azkeneko 22 urteetan enpresari eta zinema ekoizle ari da Jaume Roures (Bartzelona, 1950). 1995. urtean sortu zuen Mediapro ekoizpen etxea, eta, ikus-entzunezkoen alorrean, Europan puntan-puntan dago enpresa. 2007an Público egunkaria sortu zuen, baina paperezko edizioa 2012an itxi zuen —edizio digitalak bere hartan irauten du—.

Zailtasun asko izan al dituzue Las cloacas de Interior dokumentala egiteko orduan?

Ez da erraz egiten den dokumental bat. Benetan izan dugun arazoa izan da Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro ohiak eta Daniel de Alfonso Kataluniako Iruzurraren Aurkako Bulegoko zuzendari ohiak ez zutela euren bertsioa eman nahi izan.

Barne ministro karguan egon den beste politikariren bat elkarrizketatzen saiatu zarete?

Ez. Dokumentalean, izen-abizenekin izendatuta ageri direnekin eskatu genituen elkarrizketak. Jose Manuel Villarejo komisario ohia elkarrizketatzen ere saiatu ginen, baina ez zuen parte hartu nahi izan. Edonola ere, horrek guztiak ez dio balioa kentzen dokumentalaren edukiari.

Mediaproren Gol kateak bart eman zuen lana. Zer arrazoi eman dituzte Espainiako kateek dokumentala ez emateko?

Batetik, esan dute ez zela telebistako produktu on bat, eta iruditzen zait ikusle datu onek arrazoi hori desmuntatzen dutela. Beste arrazoia zen lana partekoa zela, baina ez dakit argi zer esan nahi duen. Agian bertsio bat azaltzen genuena, eta ez bestea. Baina ez dakit zein den bestea; are gutxiago, protagonista batzuek hitz egiteari uko egin diotenean.

La Sextako akziodun gisa, gustatuko litzaizuke dokumentala kate horretan ikustea?

Noski. Baina ni ez naiz La Sextako akzioduna. Mediaprok Antena3en akzioen %4 dauka, eta ez da gauza bera. Edonola ere, iruditzen zait La Sexta kate egokiena zela gure edukia emateko; are gehiago, kontuan hartuz Jordi Evolek Villarejori egindako elkarrizketa eman zuela.

Espainiako kateen ezezkoa LTDko ideologia aniztasunaren isla al da?

Ez dakit ideologia aniztasunaren kontua den, edo, agian, gehiago den boterearekin ez sartzeko kontua.

Europako beste herrialde batean dokumentalak ondorio politikoak izango lituzke?

Beste edozein herrialdetan Jorge Fernandez Diazek ministro izateari utziko zion, Daniel de Alfonsorekin izandako elkarrizketa argitaratu eta hurrengo egunean. Dimititu egingo luke, edo kargutik kendu egingo lukete. Herrialde demokratiko normal batean, horrela gertatuko zen. Fernandez Diazen gaitasunik ezagatik ere bai, bere bulegoan grabazioak egin bazituzten bazuelako konpetentzia arazo larririk.

Baltasar Garzon epailea ageri da lanean, esanez herrialde demokratiko batean ezin dela ibili ideologia ezberdina duenaren zelatan. Kritikak egon ziren sare sozialetan, justu Garzonek berak esan duelako hori.

Horrek agerian uzten du Garzon bera, baina ez dio baliorik kentzen dokumentalari. GALen auzian, Garzon nola zelatatu zuten agertzen da. Ikusleak helduak dira, eta ondo diskrimina dezakete zein ari den gezurretan.

Argia aldizkariko Gorka Bereziartuak kritika bat idatzi du dokumentalaz. Haren iritziz, izenburua publizitate «engainagarria» da, eta estoldak benetan ez daude dokumentalean. Gehiago sakondu zitekeen?

Uste dut argi gelditzen dela zein diren arduradunak. Gobernuko presidenteak eta Barne ministroak izen-abizenekin azaltzen dira. Kontatzen da nork sartu zuen Villarejo Polizia egituran. PSOEko garai bateko gobernuen ardurak jasoak daude. Eugenio Pino eta Fuentes Gago polizien izenak ere hor daude —Fernandez Diazen garaian polizia politikoa deiturikoan parte hartu zuten—.

Fernandez Diazen eta De Alfonsoren grabaketak Público-ra iritsi beharrean beste egunkari batera iritsi izan balira, dokumentala egingo zenukete?

Dokumentalen eta filmen artean 60 lan inguru ekoitzi ditut. Mediaproren ildoa beti egon da argi. Público-ra iritsi ziren grabazioak, eta dokumentala egin dugu. Besterik pentsatzea alferrik da.

Iritsi al zaizu belarrietara PPk nola hartu duen dokumentala?

Ez dut halako kontakturik.

Katalunian dokumentala estreinatu eta hurrengo egunean, Twitterren #lascloacascatalanas traola zabaldu zen. Eremu batzuetan katalanen aurkako gorrotoa ari dira sustatzen aspaldian, ezta?

Dokumentalean bertan demostratzen denez, kultura demokratikoa ez dago oso sustraitua Espainian. Kataluniako egoerari buruzko iritzi alderdikoiak horren erakusgarri dira. Kultura demokratikorako prozesu bat behar luke Espainiak, baina mantsoegi doala ematen du. Franco hil zenetik botere publikoak ez dira gehiegi saiatu kultura demokratikoa sustatzen.

Espainiako hainbat hedabide oso gogor ari dira jotzen urriaren 1eko erreferendumaren aurka. Zer iritzi duzu?

Dokumentalean azaleratzen diren egitura paraleloetako bat hedabide batzuen rola da. Txakurrak ez dio txakurrari kosk egiten. Baina txakur errabiatuekin neurriak hartu behar dira. Erreferendumari dagokionez, nire iritzia da Irailaren 11ko mobilizazio gaitasuna ikustea oso garrantzitsua dela. Horrek markatuko du erreferenduma nolakoa izango den.

Erreferendumaren aldekoa zara?

Erreferendumaren aldekoa izan naiz aspalditik. 1999n egin genuen La espalda del mundo dokumentala giza eskubideei buruzkoa zen, eta horietako bat erabakitzeko eskubidea da. 40 urte baino gehiago dira eskubide horren aldekoa naizela.

Mediaprok asmoa du Las cloacas de Interior-en tankerako lan gehiago ekoizteko?

Gaurkotasunarekin lotura duten gaiak edo konpondu gabe gelditu direnak lantzen ditugu dokumentaletan eta filmetan. Gasteizko 1976ko gertakariez dokumental bat egin genuen, Salvador Puig Antichi buruz film bat... Gure bidea argia eta koherentea da.

Futbolaz, galdera bat: Mediaprok Txapeldunen Ligako eskubideak ditu, eta partidak ez dira irekian ikusiko. Errentagarria da eskubideak erostea?

Ez bagenu pentsatuko errentagarriak direla ez genituzke erosiko. Europako beste herrialdeetan ez dago futbolik irekian. Futbol taldeek duten dimentsioa izateko, horrek kostu bat du. Hilean 10 euro baino gutxiago ordainduta, 120 partida ikus daitezke, ez da garestia. Egunkariak ordaintzen dira, denagatik ordaintzen da.

Zeintzuk dira Mediaproren erronkak etorkizunari begira?

Oso pragmatikoak gara. Egiten duguna egonkortu nahi dugu aurrerantzean, eta sortzen diren aukerak baliatu. Ez daukagu plan estrategikorik. Orain arte, horrela ondo joan zaigu, eta horrela jarraituko dugu mundu zabalean.

BERRIAn argitaratua (2017/07/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA