astekaria 2017/07/28
arrowItzuli

kirola

MARKEL BERGARA

«Harrobiko gazteei esker, esku onetan dago Reala»

Jon Eskudero

«Harrobiko gazteei esker, esku onetan dago Reala»

Dotorezia handiz agurtu du Reala Markel Bergarak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1986). Hemeretzi urteko ibilbide txuri-urdinak arrastoa utzi dion arren, ikusten zuen Donostiatik urrun eraiki beharko zuela etorkizuna, eta Getafen ariko da datorren sasoian, utzita. «Naturaltasun osoz eraman dut prozesua». Taldekideak agurtzean negar malkoak isuri zituela aitortu du, dena den.

Getafeko jokalaria zara. Zer pasatzen da zeure burutik?

Prozesu bat izan da dena. Bistakoa zen Realetik ateratzeko aukera handiak nituela. Pena handia izan dut barruan, baina ilusioak gain hartu dio penari, eta orain gogo handiz nago Getafen jokatzeko. Ederra izango zen Realean jarraitzea, baina ez nuen beste sasoi batez erabat aulkian egon nahi.

Zergatik Getafe?

Hasiera batean, egia da atzerrira joatea neukala buruan. Beste liga, estadio eta kultura batzuk ezagutu nahi nituen. Baina uda hasieratik Getafek interes handia agertu zuen nigan, eta, kluba zein Madril hiriburua gustuko ditudanez, tren hori hartu dut. Oraindik ere ez dut kluba asko ezagutzen, baina inpresioa ona da. Familia moduko bat da, Reala bezala. Talde gogorra eta fisikoa izan ohi da.

Getafek Euskal Herrian duen ospea da harmailak erdi hutsik eduki ohi dituela ia beti.

Bai, eta egia da taldearen masa soziala ez dela oso handia. Madrilen badakigu nortzuk agintzen duten: Real Madrilek eta Atletico Madrilek. Horiez aparte, Getafe, Rayo Vallecano eta Leganes ere badaude, eta, zale gutxiago dituzten arren, gutxi horiek oso leialak dira. Hiriburu handi batera etorri arren, badakit talde txiki batean jokatuko dudala, eta, presioari dagokionez, ez du Realeko kontuekin zerikusirik izango. Beste mundu bat da Getafe, eta lan egingo dugu Lehen Mailari eusteko helburua betetzeko.

Duela urte batzuk, Vecindarion eta Eibarren utzita jokatua zara. Talde berri batera egokitzeko arazorik ez duzu, ezta?

Izaera aldetik irekia eta erraza naiz, eta espero dut inolako arazorik ez izatea. Bi talde horietan ongi moldatu nintzen, nahiz eta Vecindarion eginiko sasoia zaila izan. Umiltasuna eta lana izango ditut oinarri. Badakit zertara etorri naizen.

Realera etorrita, soinu handirik egin gabe joan zara.

Pozik nago Realetik nola joan naizen ikusita. Uste dut erabakiak mesede egiten digula Realari eta niri. Minutuak izatea oso garesti edukiko nuen, eta ez didate inolako arazorik jarri beste talde bat bilatzeko. Eskertuta nago. Azkenean, naturaltasun osoz eraman dut prozesua. Bistakoa zen Eusebiorentzat gutxi kontatzen nuela, eta aukera gehiago izango dudalako nago Getafen.

Eusebioren etorrerarekin hasi zinen protagonismoa galtzen.

Iragan denboraldi-aurrean Eusebiok konfiantza osoa izan zuen nigan, eta hasieratik ipini ninduen lagunarteko gehienetan. Hots, liga hasieran ere asko kontatzen zuen nirekin. Gero, min hartuta egin nituen lau hilabete, eta orduan okertu zen dena. Bueltatzean ikusi nuen beste lehentasun batzuk zituela. Realak izugarrizko maila eman zuen, eta bistakoa da teknikariek asmatu zutela.

Europan ariko da Reala, baina zu ez. Penarik ematen al dizu?

Bai, baina gauzak etorri bezala hartu behar dira. Hiru lehiaketatan jokatuko du Realak, Granero ere faltako da zelai erdian, eta askok pentsa dezakete minutu batzuk izan nitzakeela jokatzeko. Baina uste dut ongi egin dudala beste bide bat hartuta. Alde guztiak atera gara irabazten. Kontzientzia lasai dut Realean jokatzeko ametsa bete dudalako. Txapeldunen Liga jokatzea ederra izan zen.

Hori al da geratzen zaizun oroitzapenik onena?

Zorionez, gauza asko bizi izan ditut: Lehen Mailarako igoera, Europan jokatzea... Soilik une bat aipatzea zaila da, baina bide honetan ezagutu dudan jendearekin geratzen naiz. Taldekide ohiak agurtu eta jo zidaten txalo zaparradak ez du preziorik. Emozioak gain hartu zidan. Denbora igaro ahala nire kirol ibilbidean egindako gauza onak eta txarrak etorriko zaizkit burura, baina egindako lagunek betirako iraungo dute. Zaleen maitasuna jasotzea ere handia izan da.

Eta txarrena, lesioak?

Dudarik gabe. Ez jokatzeak mintzen gaitu jokalariok, baina gure lanaren parte da. Hori bai, min hartuta egon eta egunerokoan ezin hori jasatea oso mingarria da. Duela sei urtera arte giharretako hainbat lesio izaten nituen. Zorionez, tratamendu bat abiatu nuen, eta azken urteotan nahiko ondo nabil lesio aldetik. Egunero egiten ditut ariketak.

Zuk utzi duzu Reala, Mikel Gonzalezek ere bai. Esku onetan geratzen al da taldea?

Bai, harrobitik igo den jendeak lasaitu egiten nau eta. Harro egoteko moduko gazteak daude lehen taldean, eta biharko Realarekin oso identifikatuta sentituko naiz.

Nolako sasoia egingo du?

Iragan sasoia distiratsua izanik, zaleek langa oso goian jarriko dute. Baina ez da samurra izaten dinamika horri eustea. Lesioek errespetatuz gero, hiru txapelketetan lehiakor ibiliko da taldea, baina zorte ona ere behar da. Jokalari onak daude taldean, eta konfiantza ematen didate. Yurik utzitako hutsunea handia da, baina pila bat gustatzen zait Kevin Rodriguesen jokoa. Llorente eta Januzaj ere fitxaketa onak dira.

Realera itzultzeko aukerarik ikusten al duzu?

Ez dut hori buruan. Getafera utzita etorri naiz egoerak hala eskatzen zuelako, baina nire intentzioa ez da Realera bueltatzea. Gozatu egin nahi dut Madrilen, eta bihar biharkoak.

BERRIAn argitaratua (2017/07/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA