astekaria 2017/07/28
arrowItzuli

bizigiro

EKHINE ATORRASAGASTI

«Urrats berriak egin nahi ditugu irailean»

Urtzi Urkizu

«Urrats berriak egin nahi ditugu irailean»

Haurra zela, ETB1eko Txandaka saioan aritu zen hiru urtez. Kazetaritzan eskarmentua, berriz, Info7 irratian hartu zuen Ekhine Atorrasagastik (Belauntza, Gipuzkoa, 1982). Hamaikako albistegiak aurkezten dabil orain. Telebistaren lantaldea handitzen ari dela nabarmendu du.

Urtarrilean fase berri bati ekin zion Hamaikak. Gurean gaur saioa albistegi bihurtu zen. Nolako garapena izan du albistegiak hilabeteotan?

Goitik behera birformulatu genuen Gurean gaur. Lehen, gaurkotasunari lotutako elkarrizketa bat zen. Orain, albiste errenkada bat da, editoriala duen sarrera batekin. Albistegi formatu estandarra ez bada ere, Hamaikaren aukerei egokitutako albistegi bat da.

Udan albistegia 15:30ean emititzeari ekin diozue. Zer ekarri dizue apustu horrek?

Apustuaren helburua da iluntzean egiten genuen albiste zerbitzua egun osora zabaltzea. Arratsalde hasierarako eskaintza bat izateko aukera ematen digu, eta, egunaren garapenaren arabera, berri horiek eguneratu eta sortutako berriak eransteko aukera ematen digu. Albistegi zerbitzu osoago bat eskainiko dugu. Informazioaren jarraipena egun osoz egitera garamatzan urrats berri bat da. Nahiz eta berri batzuk errepika daitezkeen, baldintzak jarriko ditugu iluntzean albistegia berritu ahal izateko.

Zertan da berezia Gurean gaur Euskal Herrian egiten diren beste albistegien aldean?

Albistegi gaztea da, bi arrazoigatik. Bide motza jorratu duelako orain arte, baina, batez ere, badituelako gaztetasunak eskaintzen dituen bertuteak: ilusioa, ausardia eta baliabide gutxirekin ahalik eta etekin handiena ateratzeko irudimena. Askatasun osoz jarraitzen ditugu gaiak, Euskal Herri osoa kontuan hartuta eta euskara ardatz hartuta, bizi ditugun garaietan ekarpena egiteko ilusioz. Irailean urrats berriak egin nahi ditugu. Katalunian berriemaile bat izango dugu.

Urtarriletik uda arteko bidean, Korrika mugarri izan zela esan zenuen Info7n. Zergatik?

Sorreraz geroztik, Hamaika telebistak Korrikaren berri luze eta zabal eman du. Baina, aurten, jauzi kualitatibo batzuk egiten saiatu gara. Etengabe haren berri emateaz aparte, gure albistegietan Korrikaren aktualitatea eskaini dugu. Umorez ere landu genuen. Korrika garaian jorratu genuen estilo berria Gurean gaur albistegian eransten joan gara.

Umorea aipatu duzula, zer asmo duzue ZokorriZta websailarekin?

Korrikarekin lotura zuzena du. Korrikan hainbat pertsonaia ezagutu genituen, EƱaut Gantxegi aktorearen bitartez. Hemendik aurrera, ZokorriZta Hamaikaren pertsonaia berria izango da, hara eta hona ibiliko dena. Datozen egunetan Donostiako Jazzaldian eta Hatortxu Rock jaialdian ibiliko da. Teknologia berriekin eta sare sozialekin egiten dugun apustuaren parte izango da. Gaur, 22:00etan estreinatuko dugu websaila. Aukera emango du pertsonaia garatzeko eta Hamaikaren zenbait saiotan agerraldi bereziak egiteko.

Euskal Herriaren lurraldetasuna aintzat hartzea zertan da garrantzitsua zuentzat?

Garrantzitsua da oso. Euskal komunitate osoa aintzat hartzen ez duen katerik ez da egon orain arte. Banaketa administratiboaren ondorioak agerikoak izan dira. Gure apustua Euskal Herri osoari begira jartzea da. Bestetik, telebista egiteko beste era bat posible dela frogatzen ari gara. Baionara begira ere jarri nahi dugu; harreman onak ditugu Ipar Euskal Herriko hedabideekin.

Hatortxu Rock jaialdian zerbait berezia egingo duzue?

Bai. Kolpe berezi bat jo nahi dugu Hatortxu Rocken. Stand berezia izango dugu lau egunetan, eta asmoa da bertan egitea martxan jarri dugun Musika zuzenean saioko elkarrizketak. Gurean gaur berezi bat ere egingo dugu.

Sare sozialei begira, zer pauso ari zarete ematen?

Gurean gaur albistegiarekin batera, sare sozialei begirako estrategia bat jarri genuen martxan. Telebista kontsumitzeko moduak aldatu dira. Gure saioetako edukiak ikusleei ahalik eta modu segmentatuenean eskaintzen saiatzen ari gara. Eskaintza karta zabaldu nahi dugu, pisuzko adierazpenekin edo elkarrizketen laburpenekin. Facebooken emaitza oso onak ari gara lortzen.

BERRIAn argitaratua (2017/07/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA