astekaria 2017/07/28
arrowItzuli

kirola

Errepidetik, mendira

Mikel Orbañanos Iribar

Errepidetik, mendira

Txirrindularitza profesionala utzi eta gero, zaletasun moduan hartu zuen mendian bizikletan ibiltzea Joseba Albizuk (Azpeitia, Gipuzkoa, 1978). «Lagunekin ibiltzen nintzen, hara eta ona». Baina mendiko bizikleta zaletasuna baino zerbait serioagoa da orain azpeitiarrarentzat: «Ohartu ere egin gabe, hiru edo lau urte daramatzat mendiko txirrindularitza munduan buru-belarri». Lasterketa luzeak atsegin ditu batez ere: maratoiak eta ultramaratoiak.

Txirrindulari profesionala izana da Albizu. 2003an egin zuen debuta, Marcato Uno Italiako taldearekin. Oroitzapen onak ditu: «Momentu gozoa bizi izan nuen. Urte hartan, gainera, Marco Pantini handiarekin lehiatzeko aukera izan nuen. Gustuko txirrindularia nuen». Italian sasoi ona egin zuen, baina familiaren eta herriaren falta sumatu zituen, eta etxerako bidea hartu zuen. 2004an Euskaltel-Euskadik fitxatu zuen, eta 2006. urtera arte bertan aritu zen. Orduan hartu zuen erretiroa.

Txirrindularitza profesionala utzi zuen, baina bizikletarekiko zaletasuna odolean zuen. 2008an bizikleta denda bat ireki zuen, eta geroago hasi zen mendiko bizikletan ibiltzen. Mendiko bizikletaren eta errepidekoaren alderaketa egin du Albizuk, ezin hobeto ezagutzen baititu biak: «Desberdintasun handienak abiadura eta ibilbidea dira. Mendian, batez beste orduko 20 kilometroko abiaduran joaten zara, etapetako desnibela handiagoa izaten delako. Oro har, zazpi eta hamar ordu bitarteko lasterketak izaten dira, 200 kilometrotik gorakoak. Errepideko bizikletan, ordea, azkarrago zoaz, orduko 40 kilometroko abiaduran gutxi gorabehera».

Albizuk dioenez, mendiko bizikleta errepidekoa baino «indibidualagoa» da. Norberak jakin behar du zein erritmotan joan behar duen. «Gurpilean joateak ez du ezertarako balio, haizearen eragina txikia izaten baita. Erreferentzia txiki bat edukitzeko bakarrik balio izaten du, besteak beste, bihurguneak hartzeko». Garbi dauka lasterketak ondo egiteko ezinbestekoa dela norberaren burua ondo ezagutzea. «Ahal den erritmorik handiena eman behar da, baina indarrak ondo neurtu behar dira, iraupen luzeko lasterketak izaten baitira».

Albizuk aitortu du txirrindulari profesionala izan den aldetik nolabaiteko abantaila bat duela: «Lasterketaren beste azterketa bat egiten dut, eta indarrak neurtzeko abantaila ematen dit horrek. Probak luzeak direnez, ez duzu etsi behar, baina, ibiliaren ibiliaz, hori jakin egiten da. Faktore psikologikoak asko baldintzatzen du txirrindularia».

Hain lasterketa gogorrak izanda, entrenamenduak ere hala izan behar dute. Negozioa duela-eta, nola edo hala, topatzen du horretarako denbora: «Astegunetan lan egin behar izaten dut. 13:30ean ixten dut denda, eta hiru orduko entrenamenduak egiten ditut». Asteburuan, ordea, entrenamendu luzeagoak egiten ditu, lau edo bost ordukoak. Baina gustuko lekuan aldaparik ez: «Egia esan, egun batean ibiltzen ez banaiz, horren falta nabaritzen dut».

Emaitzak, lagun

Baina entrenamendu gogorrak emaitza onak ekartzen ari dira. Denboraldi bikaina egiten ari da Albizu, Europako eta Espainiako ultramaratoi txapelduna izan baita. «Begiz joak nituen bi lasterketak izan dira, eta, zorionez, iazko arantza kendu dut». Bi lasterketa horiez gain, beste proba askotan ere garaile izan da: «Ez nago kexatzeko. Egia esan, urte osoan egin duzun sakrifizioak balio izan du. Motibatu egiten nau, eta, emaitzak alde baditut, are gehiago». Egun hauetan Italian lehiatzen ari da.

Albizuk 39 urte ditu, hala ere, oraindik ez zaio burutik pasatu ere egin erretiroa hartzeko garaia. «Oso gustura nago ematen ari naizen maila onarekin. Ea datozen urteetan berdin jarraitzen dudan». Ez da erraza, ordea, aurkariak gazteak direlako. Oro har, 30 eta 35 urte bitarteko txirrindulariak izaten dira. Baina 25 urteko txirrindulariak ere ibiltzen dira mendiko lasterketetan. Mota askotako aurkariekin topatzen da: zirkuituko proban ibili direnekin, errepideko afizionatuekin edota profesionala izan direnekin.

Albizuk azaldu du mendiko bizikletak duela urte batzuk bolada oparoagoa izan zuela. Lasterketetan parte hartze handiagoa izaten zen, eta gehiago ezagutzen ziren. Azkenaldian, ordea, apur bat behera egin du. Baina pixkanaka ari da suspertzen: «Kirol exijentea da. Prestakuntza handia izatea eskatzen du, eta, horrekin batera, denbora behar da».

BERRIAn argitaratua (2017/07/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA