iritzia
Zhoe ile-apaindegia
Hedoi Etxarte


Leihoaren kanpoaldean motorrak. Raúl García nagusia Berriozarkoa da harrotasunez. Bere lagun asko hortzik gabe iristen dira: gauak janda. 2013an etxegabetu zuten Esako eskuineko maldan bizi zelako. Handitze lanek urbanizazioa zartatu zuten: «Bizitza izorratu didate» esan zion orduan Cordovillako egunkariari. Etxea eta emaztea galdu zituen. Eta euro zakuak. 14 urtetatik lanean. Baina bezerook ikasi genuen geologiaz, aberatsen legeaz, hormonez, ilea mozteko teknikez, sexuaz, maitasunaz, Daft Punken disko berriaz, posidoniaz, Mediterraneoa suntsitzen ari diren kruzeroez, BEZaz.
Likenak apaindegiaren pareko horma jaten du. Hiriko termometro politiko funtsezkoetako bat da Zhoe. Hitz egin dugu Erregimena bozkatu dutenekin Juan Carlos I.aren elefanteen ehizaz. Ulertu dugu —Historiaren filosofia tesietan bezala— garapen teknologikoa ez dela langileok gure alde daukagun korronte bat —nahiz eta Raúlek esan, Matrix-en bezala, gizateria izurri bat dela eta planetaren onerako hobe dela supituki desagertzen bagara—. Barre egin dugu politikarien ustelkeriaz. Aztertu dugu M-15a, prentsa, gorputzaren poza, laguntasuna, familia. Luxu komunal bat. Langile klasearen heroi bat artaziekin: egunero, lanaren bidez, aske eta eder izaten saiatzen den jende hori. Mingainarekin eta ukabilekin edozein katedradun dardarka jarriko lukeen birtuoso bat.