iritzia
Uda II
Onintza Enbeita


Adibidez, salatzeko modukoa da, kirolari batek munduko tenis lehiaketarik garrantzitsuenetakoa irabazi duenean, haren hanken luzerari edo ilea mugitzeko manerari buruz bakarrik idaztea zenbait komunikabidek. Eta salagarria da selektibitateko notarik altuena atera duelako elkarrizketatu duten neskari, ea mutil lagunik duen edo ez galdetzea. Eta salagarria da, telebistan, jeloskortasuna balio positiboa dela erakusten saiatzea. Eta salagarria da indarkeria matxistaren kontrako borroka salaketa faltsuen diskurtsoarekin gutxiestea. Eta salagarria da eskolako liburuetan dauden izateko aukera bakarrak zakildun mutila eta aludun neska izatea. Eta salagarria da emakumeen gorputzari buruzko erabakiak gu ez gauden foroetan hartzea. Eta hala ere, horiek ez dira epaitegietan salatzen ditugun gauzak. Halako eraso subliminalen eraginez, eraso handiak jasaten ditugunean jartzen ditugu salaketak.
Eta borroka feministari garrantzia kendu beharraren kendu beharraz, taberna beteta zegoenean, nahi gabe, mutil gizajo batek ipurdia ukitu digulako sekulako histerismoa zabaldu dugula sinetsarazi nahi diguten bitartean, geure herriko jaietan ere, bortxatu egiten gaituzte. Duela hogeita bost urteko pegatinei erreparatuta, argi dago emakumeok ezin dugula udako jaietan jai bakarrik egin: borrokara kondenatuta gaude.