astekaria 2017/07/21
arrowItzuli

bizigiro

HARITZ MONREAL

«Euskal herritarrak abenturazaleagoak gara idazleak baino»

Kerman Garralda Zubimendi

«Euskal herritarrak abenturazaleagoak gara idazleak baino»

Donostiako Club Vasco de Camping elkartean mendi literaturaz inguratuta orduak pasatu ditu Haritz Monrealek (1969, Bilbo). Iaz, tesia egin zuen, eta, orain, liburu formatuan argitaratu du.

Zer da zailagoa: 8.000 metroko gailurra, 9b+ horma ala mendi literatura liburu bakarrean jasotzea?

8.000 metroko gailurra igotzea edo 9b+ bat eskalatzea oso gauza zaila da. Horregatik, niretzat miresgarria da. Eta mendi literaturaren bilakaera liburu bakarrean jasotzea, kostata, baina egin dut. Oso pozik nago.

Zer du mendiak, antzinatetik gizakia hara joateko?

Alde batetik, badago mendia produktu kultural bat dela esaten duen jendea. Hau da, mendira joaten garela aurretik egon delako mendira joan den norbait. Eta, bestetik, mendiak berez erakartzen gaituen zerbait duela uste duen jendea dago. Ni, gehiago, bigarren uste horretakoa naiz. Baina oso zaila da zerk erakartzen gaituen arrazionalizatzea eta esatea.

Lanean diozu garai bakoitzean arrazoi desberdin batengatik igo izan dela mendira.

Norbait mendira igotzean, aldi berean, gozatzeko, erronka delako, ospearen bila... igotzen da. Nik uste dut motibazio asko biltzen direla momentu bakarrean. Baina garai bakoitzean leitmotiv bat dago.

Egun zein izango litzateke arrazoi nagusi hori?

Nire inguruan oso arrazoi zehatzengatik joaten da jendea mendira. Baina, bereziki, gozatzeko eta aire apur bat hartzeko. Hori nire inguruan; beste gauza bat da alpinismo profesionala.

Antxon Iturriza mendizaletasunaren historiagileak zera dio: «Jende gehiago ibiltzen da mendian korrika oinez baino». Hau da, jendeak ez duela mendia dastatzeko denborarik hartzen. Bat zatoz?

Hobe ongi pasatzea, konpainiaz gozatzea, patxadaz hartzea... baina, gaztea nintzenean, ni ere ahalik eta azkarren joaten nintzen. Jendearentzat erronka bat da, eta denoi gustatzen zaizkigu erronkak. Beti gertatu da. XIX. mendean, Alpine Clubekoak mendira joaten zirenean, bazeuzkaten elkarren arteko lehiak. Pertsonok berezkoa dugu.

Mendizaletasuna eskrupulurik gabeko lasterketa bilakatu da?

Azken urteetako komertzializazio bat eman da. Edo, esate baterako, Everesten, ikusi izan dira pertsonak hilzorian daudenak eta alde batera utzi direnak. Baina nik ezin dut horri buruz hitz egin, ez naizelako alpinista eta bizi ez dudan zerbait delako. Baina, kanpotik ikusita, bai ikusten dira, apur bat, gauzak lekuz kanpo daudenak.

Arrakasta handia izaten dute lehen pertsonan idatzitako esperientziek. Bizia arriskuan jartze horrek eragiten duen morboak zer pisu du mendi literaturan?

Polemikek arrakasta handia dute. 1996ko Everesteko zorigaitzaren ostean, Jon Krakauer kazetariak gertatutakoari buruzko liburu bat argitaratu zuen. Kontatutakoarekin bat etorri ez, eta Anatoli Bukreyev gidak bere liburua argitaratu zuen. Polemika handia piztu zen, eta bi liburuak oso arrakastatsuak izan ziren. Baina hori ere aspaldiko kontua da. Ahalmen handia du alde morboso horrek liburuak saltzeko.

Lanean argi ikusten da mendi literaturak publiko zabala duela. Zerk erakartzen ditu?

Kontuan izan behar da lehen liburuek konpetentziarik ez zutela, eta orduan errazago saltzen zirela. Baina motibazioak desberdinak dira. Esate baterako, Maurice Herzog frantziarra Annapurnara igo zenean, epopeia nazionala bilakatu zen. Ondorioz, milioika ale saldu zituen. Zenbakiak ez datoz bat. Kontsumitzaileak praktikanteak baino gehiago dira. Euskal Autonomia Erkidegoan, ordea, 30.000 daude federatuta, eta ikusi egin beharko litzateke zenbat liburu saltzen diren.

Euskal Herriko mendi literaturaren lehen urratsak ez dira euskal herritarrek egindakoak. Beti pauso bat atzetik doa?

Gauza bat da mendi literaturan jasotzen dena eta beste bat errealitatea. Zeharka bada ere, aipatzen da herri menditar bat garela. Hori idatzietara ez eramateagatik beti pauso bat atzetik goaz? Ez nuke hori esango. Adibidez, Unamunok bere garaiko idazketa joera guztiak maneiatzen zituen.

Euskaldunek menditar fama dute. Euskal mendi literatura espektatiba horiekin bat etorri da?

Euskal herritarrak mundu osoan zabaldu gara itsasontzien bitartez, eta horren inguruan zenbat idatzi da? Abenturazaleagoak gara idazleak baino.

Egungo euskal mendi literatura sasoi onean dago?

Dendaletxe mendi literaturan adituak dio Hegoaldean lanak asko ugaritu direla, bereziki diru laguntzei esker. Iparraldean, ordea, ez.

BERRIAn argitaratua (2017/07/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA