iritzia
Ekaitza eta lagunak
Manex Agirre


Badago istorio baterako mamia, ze ondo. Burura datozen egoera posible ezberdinetan deserosoena, Ana Malagonen Gelditu zaitezte gurekin bildumako Udaberri familiarra ipuinean kontatzen denaren parekoa: Zer egin zuten Blesaren lagunek (gizona beraiekin baitzegoen), polizia etorri bitartean? Irudika ditzakegu, erraz, Malagonen ipuineko emakume protagonista bezala, ama suizidatu berriaren aurrean, eserita, gorpuari begira, «triste egoteko eskubide osoarekin baino gehiago, triste egotera derrigorturik». Gure kasuan, ordea, litekeena da eszenak drama-kutsua kendu eta patetikotasunean irabaztea, gauza bat baita ama, eta beste bat baitira lagunak, lagun-minak izanik ere; eta hori, laguntasun-presuntzioa betiere errespetatuz, Blesa mugitzen zen giroan «lagun» kategoriak beste definizio bat izan dezakeela ohartuta, Rafael Chirbesek papereratutako giro-moduetatik oso urrunekorik ez baitzen egongo etxalde hartan, zetazko lepoko, txaleko garesti, gomina-distira; azken finean, tragediatik thriller-era, edo are nobela beltzera, pasatzeko helduleku nahikoa ditu notiziak, eta baita polizia-nobela salmenta ugariko aspergarri batera iristeko arrisku bizia ere, eguneroko martxaren oso antzekoa, bidenabar.