astekaria 2015/11/27
arrowItzuli

politika

Pikondoan lo

Jokin Sagarzazu

Pikondoan lo

Kondairak dio arriskutsua dela pikondoaren itzal usuaren babesean lo hartzea. Pozoitu egiten duela morala; nahastu pentsamenduak eta memoria. Francoren erregimenaren itzalak ere antzeko eragina izan du Hego Euskal Herriko kultura eta soziologia politikoan. Hala uste dute, behintzat, Ramon Zallo unibertsitate irakasleak, Francisco Etxeberria auzitegi medikuak eta Miguel Sanchez Ostiz idazleak. Hirurek bizi izan zuten frankismoa, eta hirurek bizi behar izan dute harekin beren jardun profesionalean. Ez dira gutxi Zallok garai horri buruz kaleratutako lanak. Etxeberriak oraindik jarraitzen du lurpetik ateratzen 1936ko gerrako hilotzak eta dokumentatzen diktadurako eta ondorengo urteetako errepresioaren ondorioak. Eta Sanchez Ostizek garai horrekin loturik bi liburu kaleratu ditu azken urteetan: El escarmiento (Eskarmentua) eta La sombra del escarmiento (Eskarmentuaren itzala).

RAMON ZALLO

Gizarte Komunikazioan katedraduna

«Trantsizioan preso jarraitzen du euskal politikak»

Ramon Zallorentzat «handia» da oraindik frankismoaren itzala Hego Euskal Herriko politikan. Uste du Trantsizioa deituriko garaian harturiko erabakiek «asko baldintzatu» dituztela batzuen eta besteen ibilbide eta estrategiak, abertzaleenak bereziki. EHUko katedradunak argi du: «Trantsizioan preso jarraitzen du euskal politikak», eta zaila du, gaur egun behintzat, bigarren bat abiatzea. «Lortu zuten hemengo soziologia politikoa fragmentatzea. Herritar gutxi gara, geografikoki banatuta. Abertzaleek bakarrik ezin dute prozesu konstituziogile bat abiatu. Oso urruti gaude Kataluniako egoeratik». Zalloren aburuz, horretan nabari dira gehien frankismoaren azken urteetako ondarrak. «Ordutik Euskal Herriak ezin ditu erabaki garrantzitsuak bere kabuz hartu. Estatuko dinamikek asko baldintzatzen dituzte hemengoak».

Abertzaleen artean nabari du eragin hori gehien Zallok. Bere ustez, ezker abertzalean, adibidez, trantsizioa «etsigarria» izan izanak eragin zuen neofrankismo batean geunden ustea zabaltzea eta, beraz, aurreko estrategia militarrarekin jarraitzea. Uste du estrategia horrek 1990eko hamarkadaren erdi alderaino sendo iraun zuela, baina horrek elkarlanerako hainbat zubi eraitsi zituela. Lizarra-Garaziko akordioaren ostean (1998), baina, hasi ziren «lotura» horiekin hausten, «fase berri» bat irekiz, gaurdaino iraun duena, Zalloren ustez. «Orain badago aukera behingoz horrekin apurtzeko, erregimenaren kontrako beste indarrekin; baina iragan hurbila zama handia da, batzuentzat eta besteentzat».

Zallok uste du, trantsizioak utziriko «eredu demokratiko ahularen» ondorio kezkagarrienetako bat izan dela, hain justu, «giza eskubideen degradazioa»; eta horrek eragin duela «blokeo egoera etengabe bat», ETAren jardunak elkarlanerako aukerak eten zituelako, batetik, eta, bestetik, estatuak denbora hori baliatu duelako 1978ko erregimena sendotzeko. Horren ondorio jo ditu, besteak beste, Alderdien Legea eta espetxe politika.

EAJk, berriz, eta Zalloren ustez, «zeharka bada ere» parte hartu du joko zelai horretan. Irakasleak dio jeltzaleek trantsizioaren aukera baliatu zutela lidergoa hartzeko, eta Gernikako Estatutuak eman dien botere instituzionalaren bidez, horri eusteko ia 40 urtez. Hala ere, azpimarratu du EAJn ere ohartu zirela hautu horren mugez; bereziki, Ibarretxe lehendakariaren eskutik EAJk «bigarren trantsizio moduko bat» saiatu zuenean. Zallok dio jeltzaleek «salto kualitatibo» hori ematea erabaki zutela ondorioztatu zutenean Espainia politika antiterrorista ere—«hein handi batean frankismoaren oinordekoa dena»— erabiltzen ari zela haien kontra. «Baina aliaturik ez zuen aurkitu Ibarretxek, ezta bere alderdian ere: lehengo egoeran eroso zeuden asko baitzeuden». Aurrera begira, argi du Zallok: «EAJn ez dute ezer jakin nahi garai horretaz eta esperoan daude estatuan zer gertatuko, duela 40 urte bezala».

Espainiako alderdien kasuan, berriz, irakasleak uste du trantsizioan harturiko bi erabakik baldintzatu dutela haien jarduna Euskal Herrian: autodeterminazio eskubidea eta Hego Euskal Herriaren batasuna ukatzeak. Horrekin lortu dute, haren iritzian, euskal politika baldintzatzea, abertzaleena bereziki.

FRANCISCO ETXEBERRIA

Auzitegi medikua

«Barne Ministerioan dago diktadorea»

Francisco Etxeberriaren ustez, frankismoak nonbait utzi badu arrastoa hori izan da Espainiako Barne Ministerioan. «Trantsizioan ez zen ezer ukitu eta jarraitu dute gauza berberak edo oso antzekoak egiten. Ondare nazkagarri horrekin bizi gara: Barne Ministerioan jarraitzen du diktadoreak». EHUko irakaslearentzat, hori posible izan da, «neurri batean», hala nahi izan dutelako Madrilgo agintari politikoek.

Haiez gain, bere lanarengatik ere egokitu izan zaio Etxeberriari beste polizia batzuekin eta haien agintariekin tratatzea, Ertzaintzarekin adibidez. Han ere frankismoaren itzalik ikusi duen arren, azpimarratu du zerikusirik ez duela. «Ertzaintzan errore batzuk aitor ditzaket: egon direla pertsona desegoki batzuk, kontrol neurri batzuk ez direla behar bezala ezarri, une batzuetan ezikusiak egin direla... Baina ezin dira konparatu: Barne Ministeriorena estrukturala da».

Etxeberriak uste du, halere, «alde guztiei» interesatu zaiela egoera luzatzea, frankismo garaiko zenbait jarrera «mantentzea». «Gaur egun bidegabeak iruditzen zaizkigun hainbat gauza gizartearen gehiengo batentzat justuak izan dira denbora luzez: 'izorra daitezela', 'horretan sartzen denak badaki zer gerta dakiokeen'... Diktaduran funtzionatzen zuten esaldiak dira horiek, eta gaur egun arte iraun dute, alde batean eta bestean». EHUko irakasleak uste du «denok» egin beharko genukeela autokritika horri buruz. «Nik ere sarri neure buruari galdetzen diot non egon nintzen une jakin hartan, zer pentsatzen nuen, zer esaten... Zoritxarrez denok dugu inpregnazio hori». Etxeberriaren arabera, hori nabari da gehien egunez egunekoan. «Zigorraren kulturarekin funtzionatzen dugu». Eta hori agintari politikoengan are nabarmenagoa dela uste du. «Giza eskubideen kultura eta kultura demokratiko oso eskasa dute haietako askok».

Francori eta frankismoari heriotza ziurtagiria jartzeko, beraz, «gutxienez» beste belaunaldi bat beharko dela uste du. «Hemen, leku batzuetan, oraindik ere normaltzat jotzen da protesta batean parte hartu duen pertsona bat goizeko 03:00etan atxilotzea, hurrengo egunean bere abokatuarekin deklaratzera deitu beharrean. Nik uste dut 20 urteko gazte batek ez duela hori ulertzen; besteok, tamalez, bai, gehiegikeria handiagoak ikusi ditugulako».

Pentsamolde aldaketa eman dadin, baina, ezinbesteko jotzen du Etxeberriak «modu ofizialean» dokumentatzea gertatu den guztia. «Horretarako daude instituzio demokratikoak, eta ez, soilik, auzitegiak. Auzitegietara eraman nahi izan gaituzte, baina zigor zuzenbidea ez da aski, ikusi ditugu mugak. Lasaigarria izan daiteke, baina egia judiziala ez da egia osoa». Uste du lan hori egiteko zailtasunak egongo direla, egun badituztelako; baina ziur da orain artekoak baino gutxiago izango direla, halere. «Frankismoak zipriztindutako erruduntasun konplexua daukagu. Ez dugu jakin izan hau bere garaian egiten, eta orain lotsa ematen die politikariei hori gogoraraztea». Itxaropena jarrita dauka belaunaldi berriengan. «Ez dira gu bezainbeste atzeratuko; kultura demokratiko gehiago dute, eta beldur gutxiago».

MIGUEL SANCHEZ OSTIZ

Idazlea

«Gerra harrapakina balitz bezala tratatzen dute demokrazia»

Miguel Sanchez Ostizen arabera, frankismoak utzi duen politika ulertzeko modu «autoritario eta antidemokratikoa» islatzen da gaur egun ere. Idazle nafarrak nabarmendu duenez, «erregimenak» inoiz izan duen babes politiko, sozial eta mediatiko handiena dauka orain, frankismo garaiko ideiek gizarte oso bat «zipriztindu» dutelako eta hori belaunaldiz belaunaldi oinordetzan jaso delako. «Maila politikoan bezala, mentalitatean ere ez da hausturarik egon: ondare sentimental bat daukagu oso sakona, eta errutina politiko batzuk geureganatu ditugu». Ustelkeria jartzen du adibide gisa. «Esaten da krisi ekonomikoaren emaitza dela ustelkeria. Baita zera ere! Gerra harrapakina balitz bezala tratatzen dute demokrazia. [1936ko] Gerra irabazi zutelako uste zuten eskubidea zutela sari ekonomiko bat jasotzeko eta hori zela instituzioez jabetzea. Orain gauza bera gertatzen da: orokortua dago boterea daukanak instituzioak bere mesederako erabil ditzakeen ustea».

Sanchez Ostizek azpimarratu duenez, hori guztia bermatzeko oinarrizkoa da «errepresioa» eta hori «justifikatzen» duen «egitura oso bat». Arrazoi soziologiko eta psikologikoak ere badaude atzean. «Erregimenak erabiltzen zuen errepresioa herritarren gehiengoren babesa zuen. Eta gaur egun gauza bera: pentsamolde autoritarioa barru-barruraino sartuta dauka gizarteak eta ia konturatu gabe ontzat ematen ditu hainbat neurri». Egun bizi duguna «erregimen polizial» bat dela dio Sanchez Ostizek: «Poliziari ematen zaion botereak demokraziaren mugak gainditzen ditu: administrazioaz hitz egiten da, baina atzean Polizia dago».

Sanchez Ostizen arabera, iraganetik askatu ezin den herri bat da gurea. «Isiltasunaren gainean» eraikia, «lotsatu» egiten dena bere iraganarekin. Ezintasun hori lotzen du trantsizioan gertaturikoarekin. «Azken frankismoko politikari gehienek jarraitu zuten: UCDrekin, Fragarekin, alderdi sozialistarekin... Eta politikoen atzean klase sozial oso bat zegoen». Nafarroa jarri du «eredu». «Exajeratzen ari naizela dioten horiek badakit non kokatuko ziren duela 50 urte».

«Ezkorra» da aurrera begira, baina ez du inor desilusionatu nahi. Dena den, uste du duela 40 urteko zailtasun berberak izango dituztela orain ere aldaketa nahi dutenek. «Espejismo bat bizi dugu: pentsatzen dugu ordukoa bukatu dela, garaiak aldatu direla... Baina ez». «Tamalez», dio idazleak, Espainiako soziologia politikoaren gehiengo oso zabal batek ez ditu inoiz begi onez ikusten «zerbait aldatzera datozen horiek», eta tresna guztiak ditu bere eskura edozein argi izpi itzaltzeko. «Honek eztanda egingo zuela zirudien duela bi urte eta eztanda egin duen gauza bakarra izan da Riveraren alderdia [Ciudadanos] sortu dela, Zigor Kodea gogortu dutela, komunikabide handiak isilik daudela... Eta Rajoyk berriz irabaziko ditu bozak, eta horrela, ez dakit noiz arte».

Azken 40 urteetan «erresistentzia» gunerik egon bada, hori Euskal Herrian izan dela dio Sanchez Ostizek. «Hortik landa, basamortua izan da». Hala ere, uste du hemen ere ezin izan direla trantsizioan ezarritako joko arauak gainditu. ETAren jardunak, esaterako, «erregimenaren» aldekoen diskurtso poliziala «indartzeko eta iraunarazteko» baino ez duela balio izan dio. Baina bide politikoen eraginkortasuna ere zalantzan jarri du. «Beti esan dut boterea eskuratuta ere gutxienez beharko dela urtebeteko jardun esklusiboa 40 urtez eraiki duten sistema desmuntatzeko. Francok lotuta utzi zuen dena, eta hauek ere ondo lotuta uzten ari dira, beraien lege, egitura eta harreman sareekin».

Desengainua izan zen trantsizio ostea izendatzeko erabili zen kontzeptua, frustrazioa izan daiteke urte batzuk barru erabiliko dena, Sanchez Ostizen arabera. «Izatea nahi genukeenaren eta denaren artean hor egongo da beti errealitatea, ditxosozko errealitate hau».

BERRIAn argitaratua (2015/11/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA