astekaria 2017/07/21
arrowItzuli

bizigiro

TATEH LEHBIB BREICA

«Botilak batzen ikusi, eta botilen zoroa nintzela zioten»

Zihara Jainaga Larrinaga

«Botilak batzen ikusi, eta botilen zoroa nintzela zioten»

Hasieran ideia zoroa dirudien arren, errefuxiatuen kanpamentuetan bizi baldintzak hobetzea du helburu Tateh Lehbib Breica ingeniariak (Auserd, Mendebaldeko Sahara, 1989). Erasmus Mundus erakundeak emandako bekari esker, eraginkortasun energetikoan masterra egin zuen Kanaria Handiko unibertsitatean (Espainia), eta han sortu zitzaion ideia. Errefuxiatuen egoera salatu du.

Nola liteke posible plastikozko botilekin etxe bat eraiki ahal izatea?

Hala da; etxeak harez beteriko plastikozko botilez eraikiak daude soilik. Zementua erabiltzen dugu botilak elkarren artean itsasteko. Horrez gain, eraikuntzek barrutik isolatzaile termikoa dute, lurrez eta lastoz egindakoa.

Zergatik dira botilak adobea baino egokiagoak?

Hemen lurrak ezaugarri bereziak ditu, eta adobeak ez du ura jasaten, oso hauskorra baita. Harez beteriko plastikozko botila batek, aldiz, adobeak baino gehiago irauten du.

Zerk bultzatu zintuen horrelako zerbait egitera?

Kanpamentuetako bizi baldintzak oso gogorrak dira, asko sufritzen da. Beti arduratu izan nau egoera hori hobetu beharrak. Halaber, master amaierako lanean kanpamentuetako etxeen txapazko teilatuei alternatiba bilatzea izan zen nire helburua. Teilatuetarako sorturiko egitura hori etxe osoak egiteko egokia izango zela iruditu zitzaidan etxera itzuli nintzenean.

Bazeneukan motibazio berezirik?

Amonari egin nahi izan nion lehen etxea.

Zein bizi baldintza dituzue kanpamentuetan?

Elikadura urritasun handia egoteaz gain, landarerik hazten ez den tokian bizi gara; infernuarekin alderatu daiteke. Tenperaturak 50 gradu baino gehiagokoak izaten dira, eta uholdeak ere egoten dira.

Arriskuan bizi zarete, orduan.

Haize handia dagoen egunetan, etxearen alde batean babestu behar izaten gara, teilatuak hegan ateratzen direlako. Txikitatik bizi izan dut arrisku hori, eta konponbidea bilatu nahi nion.

Zenbat etxe eraiki dituzu orain arte?

Amonaren etxea eraiki ostean, UNHCReko talde batek proiektuarekiko interesa erakutsi zuen, eta Genevako Berrikuntza Zentroan aurkeztu zuten. Proiektua hautatua izan zen, eta, ondorioz, 25 etxebizitza finantzatu zituzten beharrizanak dituzten familientzat, pertsona nagusientzat eta ezinduentzat. Hala ere, ez dira nahikoak.

Zuk bakarrik eraikitzen dituzu etxeak?

Lehenengo etxearen prozesu osoa nik bakarrik egin nuen: botilak batu, harez bete eta, ondoren, etxea eraiki. Egunean, bi kilometro ibili behar izaten nintzen botilak batzeko. Pertsona batek egun bakarrean mila botila batu ditzake, eta etxe bakoitza eraikitzeko 6.000 botila jaso behar dira.

Egun, nola funtzionatzen du proiektuak?

UNHCR-ek emandako finantzaketarekin, langileak kontratatzen ditugu. Haien lana etxeak eraiki aurretik taldetan banatuta botilak batu eta hareaz betetzea izaten da. Guztia prest dagoenean, bost egun behar izaten dira etxebizitzak eraikitzeko.

Zein neurritan sustatzen da birziklatzea?

Ingurumenaren aldeko etxebizitzak dira. Kanpamentuetan ez dago herrialde garatuetan bezalako birziklapen modernorik, eta proiektu honekin birziklatzea izugarri sustatzen da. Milaka botila erabiltzen dira egunero munduan, eta kalean lurrean botata edo zabortegietan bukatzen dute. Halaber, arnasten dugun aireari zein urari eragiten die. Botila horiei bigarren erabilera bat ematen zaie etxebizitza horiei esker.

Zein motatako kritikak jaso dituzu?

Hasieran, kritika asko jaso nituen. Inork ez zuen uste harez beteriko plastikozko botilek etxebizitza bat eraikitzeko balioko zutenik, ezta nire familiak ere. Hasieratik erabateko porrota izango zela zioten. Zabortegietan botilak batzen ikusi, eta botilen zoroa nintzela esaten zidaten, Trumpekin alderatzera ere iritsi ziren. Sentsibilizazio kanpainak egin behar izan nituen. Etxeak eraikita ikusterakoan, ordea, iritziak aldatu eta proiektua goraipatu zuten. Ordutik aurrera, hedabideen deiak jasotzen hasi nintzen.

Desertutik kanpora, halakoak egitea posible ikusten duzu?

Posible eta beharrezko ikusten dut. Halaber, munduan 60 milioi errefuxiatu daude, asko eta asko kalean bizi dira. Egunero hainbat tona plastiko botatzen dira zaborretara, eta botatzen ditugun plastikozko botila horiek guztiak eraikuntzan aprobetxa daitezke.

BERRIAn argitaratua (2017/07/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA