astekaria 2017/07/21
arrowItzuli

bizigiro

JOSELU RUIZ DE GORDOA

«Gure kamioia kasik gu baino ezagunagoa da»

Lander Muñagorri Garmendia

«Gure kamioia kasik gu baino ezagunagoa da»

Besteek oporrak dituzten bitartean, lanean aritzen da Joselu Ruiz de Gordoa (Araia, Araba, 1957) Javier, Andoni, Felix eta Jesus bere lau anaiekin. 40 urte bete dituzte horrela. Herririk herri euren kamioian sartuta, plazarik plaza musika emanaldiak eginez eman dituzte berrogei urte. Joselu Anayak berbena taldea izan ez den herri edo plaza gutxi izango dira Euskal Herrian. Eta, gaur-gaurkoz, horrela jarraitzeko asmoa daukate. Maiatzean euren zortzigarren diskoa aurkeztu zuten, hamazazpi urtez diskorik argitaratu gabe egon ostean: Beti eta betiko. «Hau ez da agur bat, oraindik plazaz plaza jarraitzeko asmoa daukagu», argitu du Joseluk.

2000. urtetik zeundeten diskorik argitaratu gabe. Zergatik orain?

Pentsatu genuen 40. urteurrena ospatzeko modu polita zela. Gogoa genuen, gainera, berriz ere estudioan sartzeko. 1990. urtetik 2000ra arteko urteetan argitaratu genituen disko gehien; baina, ondoren, nire gauzak egiteko denbora hartu genuen, eta, hor, estudiotik aldendu ginen. Orain, berriz itzuli nahi genuen, eta, gainera, bazegoen ikusleen aldetik halako eskaera bat.

Aurreko diskoetan, bertsioak ere sartzen zenituzten; baina, oraingoan, denak dira zuen abestiak.

Bai, beti egin ditugu gure abesti propioak, baita bertsioak ere. Baina bagenuen gogoa gurea propioa izango zen zerbait egiteko.

Urteurrenaren harira, Araiako jaietako pregoia ere zuek bota duzue. Gustura?

Bai, urte honetan, dena batera gertatzen ari da, eta, egia esan, detaile politak dira, animatu egiten zaituztelako. Gure hastapenak, gainera, han izan ziren, Kasino tabernan.

Nola sortu zenuten taldea?

Gure aitak trikitia jotzen zuen...

Etxetik datorkizue, orduan, musikarekiko afizioa?

Bai, eta gure aitarekin igande arratsaldeetan asko jotzen genuen, eta asko ikusten genuen bera jotzen. Hori barneratuz joan zen, eta afizioa beti izan dugu. Nire anaia zaharrena hasi zen lehenengo, eta, ondoren, niri esan zidan, gitarra jotzen nuenez, berekin hasteko.

Zure haurtzaroan, zein izan zen musikarekin izan zenuen lehen harremana?

Lehen aldiz, 6 urterekin hartu nuen gitarra bat, eta orduantxe jakin nuen hori zela gustatzen zitzaidana. Hortik, harmonia ikasten hasi nintzen, eta hori nirea zela ondorioztatu nuen. Lengoaia musikalarekin goiz hasi behar duzu, hori delako garairik egokiena. Musika ikasketekin jarraitu nuen ordutik.

Beti musika arloari lotuta joan dira zure ikasketak?

Bai, beti. Musika ezagutzea aldaketa izugarri bat izan zen niretzat.

Eta irakasleek zer esaten zizuten?

Galdetzen zidatenean ea musikatik bizi nahi ote nuen, nik baietz erantzuten nien, 11 urterekin. Harrituta geratzen ziren. Ordurako, nire anaiarekin jotzen hasia nengoen, eta kontzertuak ematen genituen. Esan daiteke alde horretatik ausarta izan nintzela, bai.

Eta, hortik, lehen pausoak zure anaiarekin ematera. Bi anaiak batera hasi zineten Joselu Anayak sortu aurretik?

Bai, ordu hartan, besteak oraindik oso txikiak ziren. Pentsa, nik 9 urte nituen jendaurrean lehen aldiz jo nuenean, eta 50 urte daramatzat musikan. Joselu Anayak geroago sortu zen, anaia guztiak geundenean.

Beraz, 20 urterekin hasi zinen taldearekin.

Bai, gero, apur bat banandu nintzen, soldaduska Nafarroan egin bainuen. Tarte horretan, Diamantes eta Iruñea Band taldeekin aritu nintzen, baina, gero, berriz itzuli nintzen.

Bost anaiak zaudete, baina taldeak zure izena darama...

Bai, hala nahi izan zutelako nire anaiek. Ziurrenik, ni aritu naizelako beti abestiak txukuntzen, eta beti gustatu zaidalako musika sortzea. Beste talde batzuentzat ere egin nituen kantu edo moldaketak.

Nola oroitzen dituzu hastapen haiek?

Oso politak. 1980ko hamarkadara sartu aurreko urteak ziren, eta ikusleek gogo itzela izaten zuten. Herri batera joan, eta, akaso, festa guztietan egoten zinen bertatik mugitu ere egin gabe. Herritarren etxeetan geratzen ginen lotan, eta harreman handia egiten zenuen. Orain, hori asko aldatu da; leku askotara joan arren, jendeak gutxiago laguntzen du.

Alde horretatik, herriak aldatu egin direla sumatzen al duzu?

Bai, lehen, akaso, tokikoek bertakoek zamalanak egiten laguntzen ziguten, eta herrian bertan bizi asko egiten zenuen. Egia da, ordea, gehiago zela eguneko festa. Giro hori aldatu da, bai, baina baita neguko zirkuitua ere; lehen, areto asko zeuden, eta horietan jotzen genuen: Gure Txokoa, Bordatxo, Txitxarro... Musika asko egoten zen neguko zatian ere. Akelarrerekin eta Eganekin batera kontzertuak ematen genituen, eta jendeari asko gustatzen zitzaion. Gainera, musikariekin orain baino tratu gehiago izaten genuen.

Orain, berbenetan talde batek bakarrik jotzen du...

Bai, eta, lehen, hartu-eman asko zegoen. Hori oso polita zen.

Festen bilakaera ezagutu duzue bertatik bertara, baita dantzatzeko ohiturak ere. Nola aldatu dira?

Gogoan dut hasierako garai haietan lotuta dantzatzen zela gehiago. Gaur egun, hori aldatu da. Jendeari gustatzen zaio rantxera bat edo balsen bat dantzatzea, baina ez lehen bezala. Jendea ere aldatu da, eta, askotan, aitona-amonak, gurasoak eta horien seme edo ilobak etortzen zaizkigu, eta esaten digute gure abesti batekin ezagutu zutela elkar euren guraso edo aitona-amonek.

Belaunaldi guztiak pasatu dituzue orduan...

Bai, euren ilobak ere bai... Duela gutxi, Urdiainen [Nafarroa], emakume bat etorri zitzaigun esanez asko disfrutatzen zuela gurekin. Pentsa, 80 urte zituen. Esan nion, ordea, ez zuela dantzarik egin; baina gazteek nola gozatzen duten ikusita gustura zegoen bera. Hor ikusten duzu festaz gozatzeko modu ezberdin asko daudela. Horregatik, ez da galdu behar festetako esentzia hori.

Zein da festetako esentzia?

Publiko guztiaren parte hartzea. Festa ez da gazteentzat soilik, haurrentzako edo beste adin guztietako pertsonen parte hartzea da jaietako esentzia hori.

Festetako osagaietako bat Joselu Anayak dela ere esan daiteke. Urte batean, 210 kontzertu ere eman zenituzten. Posible al da hori?

[Barreak] Bai, urte batean, 210 kontzertu ere eman genituen, baina erokeria hutsa izan zen. Orduan erabaki genuen pistoia jaitsi behar zela; gehiegizkoa izan zen. Baina kontua da sasoi batean neguan ere berbenak egiten zirela, eta, horrela, urte osoan irauten zuen gure denboraldiak.

Neguko sasoi haien falta sumatzen duzu?

Ez. Orain, udan gehiago jotzen duzu. San Prudentzio jaietan hasten gara, eta, hortik urrira bitartean, ez gara gelditu ere egiten. Neguko sasoi hori, gaur egun, ondo etortzen da bestelako gauzak egiteko.

Aldi berean beste gauza batzuetan aritu izan zara lanean. Beraz, esan daiteke beste Joselu bat badagoela?

Bai, badago nire beste zati bat. 2000. urtetik aurrera beste lan batzuk egiten aritu naiz. Sustraia izeneko kantata bat idatzi nuen orkestra eta koroentzako, udal bandarentzat ere pieza batzuk idatzi izan ditut, koroentzat, jazzerako... Beti saiatu izan naiz eskatu didaten guztiei laguntzen.

Zer eskaintzen dizu Joselu Anayak-etik kanpo lan egiteak?

Gustatzen zait bi alor horiek tartekatzea, baina hain dago denbora gutxi udan... Neguan, berriz, musika eskolan aritzen naiz eskolak ematen, eta, azkenerako, denbora gutxi geratzen zait egin nahiko nukeen guztia egiteko.

Nola ikusten du ikasleak Joselu?

Bueno, etortzen dira gure erromerietara, eta beti esaten diet: «Ikasi behar denean ikasi, baina ondo pasatu behar denean ere jakin behar da ondo pasatzen». Baten bat igo izan da nirekin jotzera, eta oso momentu politak izaten dira horiek.

Joselu Anayak-ez kanpoko bide horrek zer eskaintzen dizu zuri?

Askatasun handiagoa. Askeagoa naiz, eta beste era batean egiten dut horietan lan. Ez du zerikusirik berbenarekin, baina bada beste parte bat fantasiarekin zerikusia duena, eta beste forma bat da, eta, askotan, beste ikuspegi bat behar izaten dut arnasa hartzeko.

Musikak zer ematen dizu?

Dena, hori kenduz gero, hutsik geratuko nintzateke. Gainera, beti aurrera eta atzera ibiltzeko aukera ematen dit, eta nire profesioa da, gainera. Horretaz aparte, ongi pasatzen dut, eta hori da garrantzitsuena.

Eta Joselu Anayak-ek zer eskaintzen dizu?

Bizi oso bat. Nire anaiak dira, eta oso lotuta gaude, eta horrek ere animatzen nau jarraitzera.

Garaiak aldatu dira, eta musika ere aldatu da, baina zuek zuen esentzia gorde duzue. Azken diskoko abestiak entzun, eta sumatzen da Joselu Anayak dela...

Tira, saiatzen gara aldian aldiko erritmoak hartzen. Gure musika konbinatzen dugu gureak diren baliabideekin. Gaur egun, jende gazteari ska musika gustatzen zaio, eta, lehen, ez genuen halakorik egiten. Lehen, ez ginen hain gitarreroak; baina, orain, hori aldatu da.

Hori eskatzen al dizuete?

Bai, gazteei distortsioa gustatzen zaie. Niri beti gustatu zait rock klasikoagoa, eta abesti garbiagoak egiten saiatu naiz beti. Baina aldian aldiko garaira egokitzen jakin behar da. Beti konbinatu dut instrumentazio ugari: akordeoia edo trikitia, gureak diren instrumentuak. Horiei beti eutsi izan diegu, beti bereizgarri bihurtzen baita. Hori entzutean, jendeak Joselu Anayak dela jakiten du. Garatuz goaz estiloan; baina gure instrumentuei eutsiz, esentziari eusten diogu.

Eta kantuak euskaraz zergatik?

Gerora ikasi genuen euskara, eta nire anaiak hitz egiten du. Betitik egin dugu hori, beti defendatu ditugu gure sustraiak, eta euskara sustatzen ibili izan gara. Gogoan dut Tuteran [Nafarroa] jo genuenean jendeak oso arraro begiratzen gintuela.

Zuen garaikideak diren Akelarre eta Eganek azken urte hauetan agurra eman dute. Pena emango zizuen...

Bai, baina guk jarraitzeko asmoa dugu, ez pentsa! Jendea esaten ari zaigu, diskoaren izenagatik [Beti eta betiko], ea hori agur bat den, baina ez. Pena ematen du talde horien agurrak, eta nostalgia apur bat ere ematen du, gauza askotan parte hartu izan dugulako. Baina bizitzak aurrera jarraitzen du, eta beste garai bat da.

Zuen kamioiak ere hor jarraitzen du...

Euskal Herrian oso ezaguna da, bai.

Noizkoa da?

1991. urtekoa dela uste dut.

Kilometro asko izango ditu honezkero…

Bai. Orain, sei hilean behin pasatu behar diogu azterketa teknikoa, eta hori ere adinaren sintoma da [barrez].

Komeni zaizue kamioia mantentzea. Ezagun egin zaituzte...

Pentsa, diskoaren azalean ere agertzen da! Kasik gu baino ezagunagoa da [barreak].

BERRIAn argitaratua (2017/07/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA