astekaria 2015/11/27
arrowItzuli

gizartea

ITZALA ARGITZEKO DAGO ORAINDIK

Amagoia Iban

ITZALA ARGITZEKO DAGO ORAINDIK

Aita, zenbat uso hil dituzu bart?», alabaren galdera. «Bizpahiru», aitaren erantzuna. «Oso-oso gutxi da hori, aita. Hil behar zenituzke gehiago». Ez da ipuin bat, beldurrezko istorio bat baizik. Izu historia bat. Tafallakoa (Nafarroa). Beste toki askotakoa. Euskal Herrian oraindik argitu gabeko krimen multzoaren iradokitzaile. Inork inoiz inon epaitu, takigrafoen laguntzaz jaso eta lau haizeetara zabaldu gabea. 1936ko uztailaren 18an abiatu zen jazarpen makinaren barrunbe gehienak itzaletan daude oraindik ere. Makina haren nagusi Francisco Franco jenerala hil zenetik lau hamarkada luze joanak direnean. Indarkeria politikoaren biktimentzako egia, aitortza eta justizia eskatzen den garaiotan, Francoren eta frankismoaren milaka biktimak egia, aitortza eta justizia gabe segitzen dute.

«Zigorgabetasuna zama bat da biktimen gertukoentzat, zama ikaragarria. Hiltzaileak zigorrik gabe geratu zirela ikustea, eta lapurtu zutela dena, eta horretan oinarritu direla hemen gero izan ditugun botere ekonomiko eta ez ekonomiko asko eta asko... Horrela eduki gaituzte ia 80 urte beraien menpe, horretan oinarrituta. Denok jasan dugu hori». Bingen Amadoz ari da hizketan. 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpe militarrarekin bat egin zutenek akabatutako Miguel Amadoz Diez eta Vicente Amadoz Abaurrea aita-semeen biloba eta iloba da. Kazetaria ere bai. Urtebete darama testigantzak biltzen Nafarroan, 1936ko udako lehen hilabeteetan gertatu ziren izugarrikerien egileei izena eta izana jarri nahian. Berak jasoa da Tafallako uso pasearen ipuina. «Halakoak egiten nola buka daitekeen jakin nahi nuke».

Horixe da, baita ere, Fernando Mikelarena historialariaren kezka nagusia. Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936. Responsables, colaboradores y ejecutores (Gupidarik gabe. Garbiketa politikoa Nafarroan, 1936. Erantzuleak, kolaboratzaileak eta exekutoreak) liburua argitaratu berri du Pamiela argitaldariarekin, eta bertan eman ditu, biktimenekin batera, dozenaka eta dozenaka jazartzaileren izenak. Esteban Ezkurra Arraiza, Vicente Munarriz Sanz de Arellano, Benito Santesteban Martinez, Jose Moreno Diaz, Lucio Arrieta Sanz, Pedro Diez Teres Berbintzabako Sudurmotza, Galo Egues Cenoz... ezagunagoen ondoan, beste asko eta asko, hilketetan parte hartzen, pertsona ehizan boluntario joaten, espetxeetako zaindari eta jipoitzaile lanak egiten. «Badira gutxi batzuk hilketa asko egin zituztenak, baina badira beste asko hilketaren batean edo bitan parte hartu zutenak. Horiek ere hiltzaileak ziren. Eta ez hori bakarrik: askok kolaboratu zuten... eta apezak...». Bingen Amadozek harrituta hitz egiten du testigantzak bildu ahala sumatzen hasi zen jazarpen sarearen tamainaz. Aldez aurretik uste baino askoz handiagoa dela dio. Beldurgarri handia.

Bat dator harekin Sin piedad liburuaren egilea. Informazio inkriminatzailea bilatzen eta azpimarratzen aritu da denbora luzez Nafarroako Artxibategi Nagusian gordeta dagoen errekete boluntarioen fitxategian, han agertu dira izen eta jazarpen fisikoaren maparako puntu asko. «Batzuek egindakoak esan zituzten; beste askok, ezkutatu. Seguru nago jende anitz ibili zela halako hilketa eta jazarpen fisiko zuzeneko lanetan. Izotz mendiaren punta besterik ez da hori. Ehunka lagun ibili ziren pertsona ehizan». Horrek azalduko luke, Mikelarenaren ustez, orain arte nabarmendu izan diren arduradun militarrez, buruzagi karlista eta falangistez eta jazarpen eskuadroietako exekutoreez gain bazela beste maila bat: kolaboratzaile anonimoena. «Hor dago giltzarria azaltzeko nola hedatu zen frankismoaren sostengua. Isiltasuna ere, omertá agerikoa, horrela lotu zen. Hainbertze jendek zikindu zituen eskuak odolez, isiltasuna eta ahaztura bermatu zituzten. Eta frankismo osoan gauzatu zen autojustifikazio prozesu bat hasi zen. Alde guztietan, gainera».

Nafarroa lehena

Emilio Mola jeneralak Iruñeko kuarteletik zuzendutako kolpearekin bat egiten lehena, izan ere, Nafarroa izan zen. Hala errepikatu zuen nazkatu arte propaganda frankistak. Inoiz esan ez zuena, lehena bihurtu zela, aldi berean, Fronte Popularrari boza eman zioten 1.000 pertsonako hildako gehien eduki zuen herrialdeen zerrendan, penintsula osoan.

Ehunka lagunen jazarpena eta hilketa etorri ziren, gerra fronterik gabeko eremuan. Pertsona uxaldiak sistematikoki abiarazi ziren Nafarroa hegoaldeko herrietan. Ezkertiarrak besaburuko zuri bat soinean eramatera behartu zituzten, beren buruak identifikatzeko, eta ehiza piezak identifikatzea erraztu zieten ehiztariei. Falangistak eta erreketeak, eskuindarrak aritu ziren halako lanetan. Eta esportatu ere egin zuten basakeria. Lucio Arrieta Falangeren errepresioa zuzentzen aritu zen Donostian, eta Nafarroan jazartzaile inportanteenak izan ziren Benito Santesteban eta Bixente Munarriz, gero, Bizkaian aritu ziren antzeko lanetan. Santestebanek berak esana da Marino Aierrari milaka pertsona hil zituela Nafarroan, Bizkaian, Santanderren... «Beti begiratu izan zaio Nafarroako basakeriari salbuespen gisa. Eta eredua balitz, salbuespena izan beharrean? Hemen erabilitako logika bera erabili zuten joan ziren herrialdeetan». Mikelarenak. Jazarpenaren logika hemen. Kanbodiara edo Alemaniara joan beharrik izan gabe. «Eta zergatiak edo sustraiak ez dira batere azaldu. Belaunaldi horretako jendea bizi da, eta ondorioak oraindik mantentzen dira».

Garbiketa politikoaren gaineko erantzukizunez mintzo da historialaria. 1936an martxan jarritako makinak utzitako arrastoaren benetako neurria hartu eta ulertzen hasteko giltza gisa. «Paradigma aldaketa da, nire ustez, inportanteena. Krimen egileei begira jarri behar dugu. Azken batean, biktimak ez dira berez sortzen. Biktimario batzuk izan direlako existitzen dira. Hori azpimarratu behar da. Eta nola gertatu zen dena».

Iritzi berekoa da Joseba Agirreazkuenaga Euskal Herriko Unibertsitateko Historia katedraduna: «Zigorgabetasunarena eztabaidaren erdigunean dago oraintxe bertan. Gizarte heldu batean, ez luke krimen egileei begiratzeak arazorik sortu behar. Badira informazio zehatzak; urte pila joan da gainera; eta, azkenik, borreroen izenak-eta emateagatik gizarteko elkarbizitza ez da zalantzan jartzen. ETArik ere ez dago. Garaia da, nolabait, ahalik eta ikuspuntu interpretatibo osoena izateko, informazio guztia ezagutarazteko».

Osaketarako piezak

Argazki osoa argitzea. Pixelez pixel. Agiriz agiri. Testigantzaz testigantza. Bilaketa lanak errazten ez dituzten —edo zuzenean ukatzen dituzten— artxiboetan bilaketan segitzen dute ikerlariek. Testigantzak biltzen ere bai, gero eta urriago diren lekukoen bila. Ez da alferreko lana. Biktimen zerrenda oinarrizkoena, hildakoena, erabat osatu gabe dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. «Hilen zerrendak badaude, baina ez nizuke esango izen guztiak daudenik. Akumulazioz osatuta daude zerrendok, ez modu sistematikoz. Nafarroan ari dira lan horretan. Metodologia jakin batekin egin beharreko ikerketa da hori». Agirreazkuenagak.

Kontakizunaren falta nabarmendu du Mikelarenak. Kritiko ageri da oroimen historikoa kudeatzeko modu ofizialekin: «Hemen oroimen historikoaren kudeaketa bat bultzatu da, baina ez da inolako kontakizun zehatz eta osoa bilatu. Hori izugarrizko ahulezia da. Ezin duzu gogoratu, ezin duzu gauza bakoitza bere neurrian paratu —ezta ikurrak ere—, ez baduzu ezagutzen gertatu zenaren parte handiena».

Kontakizun horretan, Agirreazkuenagaren aburuz, 1936ko kolpea, gerra eta ondorengo diktadura Euskal Herria genozidiotzat jo ote daitekeen aztertu behar da. Gatazka zeharkatzen duten interes ekonomikoak aztertu beharraz mintzo da Mikelarena. «Testigantzak biltzen segitu behar da. Eta agiritegietan bilatzen». Bi historialariok errepikatzen duten maxima. Lau hamarkadako jazarpen fisiko, politiko, ekonomiko, kultural, sozialak utzitako orbanaz jabetzeko. «Horrez gain, ez dugu ahaztu behar hemendik 100.000 bat pertsona atzerriratu zirela. Horietarik batzuk 40ko hamarkadan itzuli ziren. Beste batzuk, 1977an. Euskal Herri ibiltari horren arrastoaren azterketa ere egiteko dago, eta euskaltzaletasunaren erabateko hausturarena ere bai». Haustura. «Hemen ez da hausturarik izan. Asko jota, etena. Eta erregimenaren krimenak argitzeko ezinbestekoak ziren judikaturan eta segurtasun indarretan, ezta hori ere. Ukitu gabe segitzen dute». Francok utzi zigun oinordetza. 40 urte geroago kitatu ez dugun zorra.

BERRIAn argitaratua (2015/11/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA