astekaria 2017/07/21
arrowItzuli

gizartea

SOLEDAD ARNAU

«Aniztasun funtzionala ulertu ez, eta haurren gisara tratatzen gaituzte»

Ion Orzaiz

«Aniztasun funtzionala ulertu ez, eta haurren gisara tratatzen gaituzte»

Bi aldiz biktima dira genero indarkeria pairatu eta urritasun fisikoa edo psikikoa duten emakumeak. Auzi horren inguruan mintzatu da Iruñean Soledad Arnau filosofoa (Madril, 1971), Nafarroako Berdintasun institutuak gonbidatuta. Manuel Lobato Iberoamerikako Unibertsitate Irekiko zuzendaria da Arnau, eta aditua da bioetikan eta sexologian.

Elbarritasun edo urritasun bat duten emakumeek zama astuna daramatela salatu duzu...

Oso errealitate ezezaguna da, eta, horrexegatik, ezinbestekoa da indarkeria mota hori azaleratzen hastea. Emakumeen kontrako indarkeria, tamalez, transbertsala da, gizarte osoa zeharkatzen du, eta indarkeria horren aldaera bat da aniztasun funtzionala dugun emakumeon aurkakoa. Gure kolektiboa ez da sexu erasoetatik libratzen; aitzitik, maiztasun handiagoarekin pairatzen ditugu. Zehazki, urritasunen bat duten emakumeek gainontzekoek baino lau bider arrisku gehiago dute indarkeria pairatzeko, eta, azken ikerketen arabera, arauz kanpoko funtzionaltasuna duten andreen %80ek erasoak salatu dituzte noizbait. Senideak eta zaintzaileak izan ohi dira eraso egiten dietenak, baina halako kasuak oso gutxitan azaltzen dira hedabideetan.

Erasoaren gainean, ikusezintasuna. Zigor erantsia?

Bai, zalantzarik gabe. Gizarteak, oro har, ez du aniztasun funtzionala ulertzen, eta haurren gisara tratatzen gaitu. Askok uste dute gaixotasun bat dugula, eta, hein batean, indarkeria mota bat da hori ere. Zergatik? Bada, jarrera paternalista horrekin, pairatzen dugun bazterketa ukatu egiten digutelako. Gaixoak besterik ez gara haientzat. Izaki errukarriak. Minusbaliotasun kontzeptuan oinarritutako ikuspegi kapazitista eta klinikoek urratu egiten dute pertsonen duintasuna. Balio moral eta sinesgarritasun txikiagoa aitortzen zaie biktimei, aniztasun funtzionala izate hutsagatik.

Arazoa gizarte osoarena da, beraz...

Bai. Oso errotua dugu ikuspegi hori. Jendeak begiratzen nauenean, 'Sole gaixoa' pentsatzen du. Haur baten gisara tratatzen naute, erabaki propioak hartzeko gai ez den norbait. Baina gehiegizko babes hori ez da mesedegarria guretzat. Kontrara, kalte egiten digu. Erabakiak hartzeko eskubidea dugu, baita erabaki okerrak ere. Huts egiteko aukera hori da nahi duguna.

Zeintzuk dira eman beharreko pausoak, egoera iraultzen hasteko?

Lehenik eta behin, aniztasun funtzionala dugun emakumeon ahalduntzea bermatzeko neurri espezifikoak behar ditugu. Gizarteak eskaintzen digun aukera bakarra ez dadila izan erresidentzia edo erietxe batean giltzapetzea. Independente eta buruaskiak izan nahi dugu. Gure bizitzaren jabe izan. Bestalde, pairatu ditzakegun indarkeria mota guztiak identifikatzeko gai izan behar dugu, laztan bat maitasun keinu bat izan daitekeelako, ala gure borondatearen kontra eginiko igurtzi bat. Emakumeok, oro har, zorrotzagoak izan beharko genuke baimenaren kontuarekin. Argi izan beharko genuke, guk nahi edo eskatzen ez badugu, inork ez gaituela ukitu behar. Ezta bikotekideak ere.

Indarkeria matxista oso zabalduta dago, oro har, gizartean. Bikote barruan gertatutako abusu eta indarkeria kasu asko ezagutu dituzu zuk?

Tamalez, bai, eta ez naiz ari arauz kanpoko funtzionaltasuna duten emakumeez soilik. Lotan gaudela, bikotekideak egoera hori baliatzea ukituak egiteko, edo baimenik gabeko sexu harremanak edukitzeko... Hori guztia oso ohikoa da. Orokortutako gaitza da, baina urritasun fisiko edo psikiko bat izateak areagotu egiten du arriskua, emakumeak babesgabe daudelako. Menpekotasun egoera erabatekoan bizi dira. Askok ezin dute ihes egin edota laguntza eskatu, kasu gehienetan, zaintzaz arduratzen den pertsona bera delako eraso egiten diena. Eta salatzen dutenean ere, jendearen sinesgogortasun eta aurreiritziekin egiten dute topo.

Administrazioak al dira gaitzesten dituzun egoera horien erantzuleak?

Bai, jakina. Ez dugu karitatean oinarritutako neurririk nahi, giza eskubideen ikuspegitik hartutako neurri publiko eraginkorrak baizik. Aniztasun funtzionala dugunon bizimodu independentea bermatu beharra dago. Baliabideak eskaini behar dizkiegu mendekotasun egoeretan bizi direnei, eraso horiei aurre egiteko gai izan daitezen. Bestalde, egungo sisteman ez da benetako hezkuntza inklusiboa eskaintzen, hortaz, ez dakigu ezberdinak direnekin elkarbizitza sustatzen. Ez dugu gizartearen pluraltasuna kudeatzeko arrastorik ere.

BERRIAn argitaratua (2017/07/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA