astekaria 2017/07/21
arrowItzuli

kirola

BERTSOA ZELAIAN, BALOIA PLAZAN

Aitor Manterola

BERTSOA ZELAIAN, BALOIA PLAZAN

Atera du gai-jartzaileak bertsolaria mikrofonoaren aurrera Artadiko elkartean (Zumaia), eta jarri dio gaia: bertsolariaren, bertsolaritzaren, futbol entrenatzailearen eta entrenatzaile izatearen antzekotasunak. Entzuleen artean, entrenatzaile bat, bertsolariaren laguna. Biek dakite badela antzik bi lanbideen artean; baita ezberdintasunak ere. Entrenatzailea kantari hasi da, eta bertsolaria, baloiari ostikoka.

Sormena

Bertsolaria eta entrenatzailea. Biak sortzaile.

AMETS ARZALLUS: Sormen lanarena askotan erabiltzen da, baina zalantzak dauzkat gure jarduna sormena den. Bertsolaritza da besteek egindakoaren gainean norberak ematen dion buelta, eta hango iturriak eta hariak nahastuta, birziklatzaile sentitzen naiz, egin izan denaren mutazioa eginez. Sormena hitz handia da. Hizkuntza sortua dago, ideiak hor daude, eta zu horien harrapari bat zara. Zure bertso edo ideia bakoitza zenbat iturritatik ote dator? Zure parte purua zenbatekoa da ez bada horien nahasmenduan ibiltzea? Bertsotan ibiltzen naiz, bertsolaria naiz, baina sortzaile hitzaren inguruan bertigoa sentitzen dut. Hitzen, bertsomoldeen eta ideien birziklatzaile sentitzen naiz. Agian, zuk saio oso batean botatzen duzun bertsoren batean izan zaitezke sortzaile, baina beste guztietan, zure memoria konbinatuz eta horietatik jolas propioak eraginez zuk asmatzen duzun soluzioa da. Trapuekin trajea janztea da nire ustez, unean unerako balio dizuna.

GAIZKA GARITANO: Ni ere ez naiz asmatzaile sentitzen. Beste entrenatzaileek egindako lana plagiatzen dugu guk, besteek egindakotik ikasi. Gure ekarpena egiten diogu, eta arriskatu egiten dugula uste dut, gure jarduna jendearen aurrean delako, eta gertatu baino lehenago egin behar dugulako hautua. Gure lana eta bertsolariena antzeko ikusten ditut alde horretatik. Otarrea daukagu aukeran, besteek egindakoarekin betea, eta aukera egin behar dugu. Bertsolariena zailagoa da, bat-batean egin behar dutelako. Gureak ere badu hortik, baina bertsolariena zailagoa da.

A. A.: Norbere bertsokera denboran zehar garatzerakoan, denok izaten dugu izan diren edo ibili diren bertsokerak imitatzeko joera, eta ahaleginduz lehen egindakoa imitatuz, nekatu ere egin zintezke, eta desimitatzen hasten zara, zure zerbait propioa egin nahian; baina hori da imitazioaren bilakaera eta nekatzearen azkeneko ondorioa. Bertsolari batzuek korrontearen kontra garatuko zuten estilo bat, baina bestela, elkarri eragiten bizi gara etengabe; egin izan dena jaso dugu, eta denok dauzkagu gure zaletasunak. Horietatik edanda ere, zuk zurea egiten duzu, eta, zurea bereizgarria bada, asko lortu duzula uste dut.

Imitatzaile hitzak esanahi despektiboa izan dezake?

A. A.: Birziklatzailearena ez dut modu txarrean ikusten, nahiko artista izan daitekeelako hori ere ondo egiten duena. Badu bere meritu partea. Zerbait berria, inoiz inon inork intuitu gabea egitea oso gutxitan gertatzen da bertsotan. Milaka eta milaka bertso bota ditut, eta bi berdin ez dira izan. Gauza berdintsuak esanahi bertsuen inguruan bai, baina buelta ematen saiatzen zara momentuaren galbahetik pasatzeko. Gauza birziklatuak etengabe dabiltza bueltaka.

G. G.: Buruari bueltak emanez bizi gara. Erreferente asko izan ditugu: Rinus Michels izan zen bat; Arrigo Sacchi, Johan Cruyff eta Pep Guardiola gero. Hortik edaten duzu, eta, gero, norbera joaten da moldatuz berera. Entrenamenduak ezberdinak dira orain, hamar urtekoekin alderatuta, baina egiten duguna da otarre batean dagoena hartu. Sortzaileak haiek dira, eta gu atzetik goaz.

Etxekoen

eragina

Otarre horretan, zenbat dago etxekotik?

G. G.: Txikitatik etxean bizi izandakoak asko eragiten du. Hortik edaten dugu. Umetatik bideratu ninduten futbolera etxean, eta gero, neuk osatu dut bidea. Pasioa izan dut beti futbolarekiko, eta jokalari izan eta gero, entrenatzaile naiz. Bizitza osorako pasioa dut.

A. A.: Gure etxean bertso giroa oso presente zegoen, eta ohartzerako han zebilen. Zu ez zara ohartzen zenbat edaten duzun handik, eta, gero, bertsotan hasitakoan, ateratzen zaizu. Askatzea ere kostatzen da. Zure bidea lantzen hasitakoan, hautsi egin behar da dakarkizun horretatik. Gero eta gehiago sinesten dut geroko lanak ematen diola forma zuk egiten duzun horri. Nahi gabe iritsi zaizun horrek sekulako abantaila ematen dizu, baina gero zure lanketak eramaten zaitu aurrera. Lehengaia ez baduzu erabiltzen, eta ez bazara saiatzen bide berriak aurkitzen, leku jakin bateraino eramango zaitu, ez harago. Bertso eskolak utzi eta gero, autodidakta lana hasten da, gauzak probatuz saioetan, norbere buruaren kontra joanez, mila iturritatik jasoz eta moldatuz; bakoitzak urratu behar du bere bidea bertsolari gisa, beste guztia lagungarria izanda ere. Etxeak solairu bat ematen dizu, bertso eskolak beste geruza bat, eta momentu batetik aurrera askatu egin behar duzu egindakotik; hor hasten da bakoitzaren bidea.

Askatzeak etena esan nahi du, edo izandakoa behin eta berriz itzultzen da noizbait?

A. A.: Bakoitzaren izaeraren araberakoa da. Etxean oso harreman ona izan dugu, eta nik ez dut hautsi etxekoekin. Baina artistikoki gerta daiteke. Nire kasuan ez da hausturarik egon: ez dut ikusten une batean hori gertatu zenik. Uneren batean eskua askatu eta bakarrik ibiltzen hastea ez da etena izan nire kasuan. Eten beharko nukeen agian, baina etxekoa izan naiz beti, eta kosta egiten zait.

Esaten da futbolean dena dagoela asmatuta. Hala da?

G.G.: Ez da egia. Gaur egun ere gauza berriak ikusten ditugu partidetan, entrenatzeko metodologietan, jokalariekin izan beharreko harreman moldeetan... Bide berriak daude; coaching-a, adibidez. Azken hamar urteetan gauza berriak asmatu dira, lehen pentsaezinak zirenak. Aldaketa handiena lider izateko eran izan da, jokalariekin eduki beharreko harremanetan. Lehen, nagusia zegoen hor goian, eta beste guztiek harentzat egiten zuten lan. Gaur egun, liderra aurrera doa, eta, zenbat eta jende gehiago joan haren atzetik, lider hobea izango da eta talde hobea edukiko du. Orain, etorri egin behar zaizu jendea atzetik, ekarri, zure izaeragatik, esperientziagatik eta zure ezagutzagatik. Konturatzen zara horretan dagoela arrakastaren giltza. Egunero futbolean lanean gabiltzanok berritasunak ikusten ditugu. Egunero ikasi behar dugu, eta duela bost urte egiten nituen gauza batzuk ez ditut erabiltzen orain, ikasi egin dudalako. Prozesu bat da, beti ikasten, eta galderak egiten zeure buruari. Horixe gustatzen zait gehien nire lanbidetik: egunero neure burua estutzen ibili beharra hobetzeko eta ikasteko. Nondik ikasi? Partida bat ikusiz, hitzaldi bat entzunez edo bertso saio bat ikusiz edota entzunez. Beste toki batzuetatik ere edaten dugu.

Gehiago ikasten da galtzean?

A.A.: Bertsotan izugarri erlatiboa da zer den galtzea eta zer irabaztea. Futbolean, aldiz, oso garbi dago. Saio batzuetan irabazle ateratzen naiz, erronka batzuk gainditu ditudalako, eta beste batzuetan, galtzaile. Baina saio guztietan ateratzen naiz jakin gabe irabazle edo galtzaile izan naizen. Galdu izanak exijentziaren zorroztasunera eramaten zaitu, neke eta aurrera egin nahi batera. Txapelketan beste matematika bat dago, baina, hala ere, oso erlatiboa da galtzearena eta irabaztearena.

G.G.: Irabazitakoan ere ikasten da. Guk oso garbi izaten dugu noiz galdu eta noiz irabazten dugun emaitzaren aldetik, baina gehiago hazten da pertsona moduan galtzen denean. Aldiz, profesionalki hazteko, komeni irabaztea.

Ihesbideak,

ideia sortzaile

Gaizka, esan duzu beste jarduera batzuk ere erabiltzen dituzula futbolaz gogoetak egiteko.

G.G.: Ideia berriak etortzen zaizkit burura beste edozein jardueratan ere: kontzertu batean, edo albistegiak ikusten. Beste kirol batzuetatik ere ikasten dut, denetarik eta denetatik ikasi behar delako. Futbolarekin gainezka nagoenean, beste gauza batzuk ikusten ditut, eta indarra ematen dit futbolerako. Asko irakurtzen dut, futbolerako ideiak hartzeko.

Ezin futbola burutik kendu.

G.G.: Ez dugu kentzen, ez. Baina ikasi dut urteekin neurria jartzen. Lanerako, freskotasuna behar izaten da. Badakit deskonektatzen ere, eta beste gauza batzuekin gozatzen eta sufritzen ere.

Amets, zuk ere beti edo askotan bertsolaritza buruan?

A.A.: Modu obsesiboan batzuetan, eta lasaiago besteetan. Freskurak mesede handia egiten du pentsatzeko. Lan eta bilaketa nekagarrian bizi bazara, freskurak haize berria ekartzen du, eta, batez ere, burutik kentzea gai horiek. Gertatu izan zait oporretara joan eta bueltan oso fresko izatea burua. Aldiz, hor zabiltzala etengabe, txispa erreta sentitu izan dut. Ados nago Gaizkak esan duenarekin: burua zurea ez den zerbaitetan daukazunean, ideiak erori egiten zaizkizu. Konexio berezia egiten du buruak zuretik ateratzen zarenean. Gustatzen zait ateratzea, baina futbol partidetatik ez zaizkit ideia handiak etorri, egia esatera. Baina hori bakoitzak ikusten du. Futbolean jokatzeak oxigeno pixka bat eman izan dit. Are gehiago horretarako nire inguruko mundua erdalduna izan denean; erabat urrundu izan naiz bertsolaritzatik.

Sinesgarritasuna

eta lidergoa

Bertsolaria plazan dela, zenbateraino da bera, eta ez antzezle bat, gaien aniztasuna eta ezberdintasuna kontuan izan gabe?

A.A.: Ahal duen gehiena, eta, zenbat eta gehiago eduki beretik, orduan eta irisgarriagoa izango da. Zuk esaten duzuna sinesgarria bada edozein gaitan, hori da arrakasta. Beste kontu bat da grazia handiagoarekin, pena pittin batekin edo nola kantatzen duzun, zuzenago edo okerrago. Sinesgarria ez bazara, distantzia batera geratzen zara, nahiz eta bertsolari ona, zuzena eta egokia izan teknikoki. Gaiak ezin dira aparte utzi, eta maskara bat bezala jartzen dizute, baina zure ahotsa eta ezpainak dira kantatzen ari direnak. Orduan, bien artean borrokan zabiltza, eta batzuetan gaiak eskatzen du antzerkia egitea, ia erridikuluraino batzuetan, eta besteetan, gaia zu zaren horretatik gertu egoten da. Ni, hala ere, beti saiatzen naiz gaiak nirera ekartzen. Gero eta gehiago sinesten dut honetan: bertsolariaren lana ez da gaian ahalik eta ongien sartzea, antzerki horretan ahalik eta fidelena izatea; norbere ahalegina da gaiak jartzen zaituen kokaleku horretan ahalik eta gehien bihurritzea zuk pentsatzen duzuna bertsoaren bidez transmititzeko. Bestela, bertsolari onena imitatzailea litzateke. Gaia bitarteko bat da zuk pertsona gisa gai horretaz pentsatzen duzuna ahalik eta gertuen azaltzeko. Gaiek batzuetan erabat markatzen zaituzte, baina beti dago tarte bat, txikia bada ere, zu zarena erakusteko, eta hor hasten da bertsolaria bertsotan.

Entrenatzaileak ere sinesgarritasuna galtzen badu bere jokalarien aurrean, jai, ezta?

G.G.: Nahikoa da minutu bat, baina irabazteko ez, hilabeteak behar dira. Behin galtzen denean, ez da berreskuratzen. Garrantzitsuena sinesgarritasuna da. Taldea gu garen bezalakoa izatea da gure helburua, eta horregatik behar dira lider onak: nahi badugu taldea orekatua izatea, entrenatzaileak orekatua izan behar du; nahi badugu taldea ausarta izatea, entrenatzaileak ausarta izan behar du; zu beldurtia bazara, ez duzu ausardia transmititzen. Ez du balio lehengo ereduak: agindu eta besteek egitea. Eredu izan behar du entrenatzaileak. Behartuta egiten duzunean zerbait, agerian geratzen da ez duzula horretan sinesten. Jokalariek segituan antzematen diote entrenatzaileari nolakoa den. Ez da erraza, denok izaten ditugulako une zailak, dudazkoak eta abar. Ezinezkoa da denean ona eta eredua izatea, baina horretarako egiten dugu lan. Izateko erak zehazten du gaur egun nolakoa den entrenatzailea, ezagutzak eta esperientziak baino gehiago.

Bertso saioetan bertsolari bat izan daiteke liderra?

A.A.: Bai, noski. Askotan sentitzen dugu geure artean edo norberak bakarrik saioari tiratzeko ardura. Talde lan guztietan gertatzen da, eta bertsolaritza ere talde lana da. Presioa ere sentitzen duzu, adinarekin agian txikiagoa zena; orain, motxila hori astunagoa da akaso, lider izatearena; eta eragin egiten dizu mikrofonoaren aurrean jartzeko orduan, eta saio bakoitzera joaterakoan. Hala ere, harri gutxien daramanak ere atera dezake saioa aurrera, batzuetan. Bertsotan egiterakoan ere horrekin jokatzen ikasi behar duzu, eta gaindi zaitzakeen zama bat da, eta itzali ere bai. Ikasi egin behar da presioa lagun bihurtzen.

Bertsolaritzan, berez sortzen da elkarri laguntze hori?

G.G.: Bertsolariak bere lana egiten du, eta interesatzen zaio dena ondo ateratzea. Horretarako, beste bertsolarien beharra dauka. Badakit beren kalterako izanda ere bertso bat ez dutela kantatzen lagunari kalte ez egiteko.

A.A.: Besteari bidea ez ixteko.

G.G.:Futbolean saiatzen gara taldea elkartuta joan dadin, baina beste interes batzuk ere egoten dira. Bertsolariak beti kantatzen du saio batean, eta jokalariak ez du beti jokatzen partida guztietan. Hala ere, talde lanak eramaten zaitu irabaztera, eta futbolak badu zer ikasi bertsolaritzatik; ez hainbeste alderantziz. Talde barruan zure interesak eta bestearenak batzen badituzu, handitu egiten dira indarrak, eta hori oso garbi ikusten da bertsolaritzan. Txapelketetan, bertsolaritza oso indartuta ateratzen da, denek egin dutelako batera aurrera. Talde batek ere badu premia hori; norberak ondo egiteko beharra dauka, baina jakin egin behar da taldekideen beharra duela.

Bertsolariak bere esku dauka aurrez landurikoa plazaratzea, baina entrenatzaileak ez: jokalariek egin behar dute hori partidan, eta, gainera, beste horrenbeste aurkari dituzte aurrean.

G.G.: Transmisioa da gurea, eta ezberdina da. Zailagoa? Jende aurrean bertso bat bat-batean botatzea bai zaila! Hori baino gauza zailagorik... Gure lana ere ez da erraza, baina bertsolariena zaila.

A.A.: Bertsoa zuk prestatzen duzu, eta zu zara epailea ere. Saio batean, etengabeko gatazka psikologikoan zaude zeure buruarekin eserialdi bakoitzean: berrirakurketa, berriz atera, berriz animatu... Baina ondoko bertsolarien jardunaren menpe ere bazaude, onerako eta txarrerako. Zure jarduna ezin da bakarka bezala hartu, beste batzuekin ari baitzara, eta bakarrik ari zarenean ere gai-jartzailea daukazu. Zure ideiak, zure sasoia egokitu liteke gai-jartzailearen bidean, edo kontrakoa, zaildu egin zaitzake zure lan horretan. Momentuan gertatzen denaren baitan dago bertsoa, unean uneko paisaiaren eta denboraren baitan, eta bertsoan etengabe daude presente. Baina zure gaitasunaren araberakoa da errendimendua, bai.

Bakardadea

eta presioa

Bertsolaria bakarrik milaka pertsonaren aurrean final batean, eta entrenatzailea milaka zaleren aurrean, bakarrik halaber.

G.G.: Txikitatik nago futbol munduan, eta esperientziak eskarmentua ematen dizu. Zure sabotatzaile guztiak zurekin daude bizitzen, eta azkenean haiekin bizitzen ikasten duzu. Eta puntu bat heltzen da non sufrimendu eta presio horrekin bizitzea gozamena bihurtzen den. Hasieran, gaina hartzen dizu; gero, kontrolatu egiten duzu; eta, azkenean, gozatu. Konturatzen zara hazi egiten zarela pertsona moduan presio horrekin, urte batzuetan gaizki pasatu eta gero. Lehen une onak ere banituen, eta orain txarrak ere bai, baina ikasi dut sufrimendutik gozamenera dagoen bide hori pasatzen.

A.A.: Futbolean komunikabideek asko jartzen dute presioa. Bertsotan dauden presioak unekoak dira: dagoen jendea eta zuk zeure buruari eragiten diozuna. Zorionez, umetatik oso modu inkontzientean hasi nintzen jende aurrean aritzeko azala egiten; konturatu nintzenerako, azala eginda neukan. Ez dut itomenik sentitu, baina bai bertigoa. Jende masa handia dagoenean aurrean, eta txapelketarena gehitzen badiozu baldintza gisa, tentsioa handia da. Ikasi egiten da horrekin ibiltzen, eta zure lagun bihurtzen ere bai. Zailena hori da. Badago jendea itzali egiten dena egoera horietan, eta, ikasten baduzu eragiketa hori egiten, zure alde erabiltzen tentsio eta bertigo hori, hazi egiten zara jendearen aurrean. Hori dena bidean ikasten da. Jende asko dagoenean baino bertigo handiagoa edukitzen dut, hala ere, jende gutxi denean, lotsaren presioa sartzen zaizulako. Ibiliak erakusten dizu azal klase guztiak egiten, eta, hala ere, inoiz ez da dena ikasten.

Bertsolari ezin da edonor izan, eta entrenatzaile bai?

G.G.: Gogorra da esaldia. Ezin da edonor izan entrenatzaile, badakidan arren zer esan nahi duzun. Bertso bat egiteko gai izan behar duzu, baina entrenatzaile izateko ez du edonork balio. Gaur egun, lehen baino abilezia eta titulazio gehiago eskatzen zaizkigu.

A.A.: Bertso eskolan ibili izan naiz irakasten, eta beti sinetsi izan dut nahiko zailtzat jo izan dela bertso bat osatzea, baina, oinarrizko teknika landuta, bertso bat edozeinek osa dezake. Beste gauza bat da jendaurrean estrategia bat osatu eta bertsoa galdu gabe osatzea. Uste baino jende gehiago izan daiteke gai bertsoa osatzeko; beste kontu bat da bertso horrekin zerbait esatea, ona eta estiloarekin.

G.G.: Kazetaria naiz, baina ez dut neure burua gai ikusten kazetari lanerako. Bakoitzak gauza baterako balio du. Nik ere egin dezaket bertso bat, baina gaizki ziurrenik. Gauzak ondo egin behar dira, ez edozein modutan. Denok balio dugu gauza bat egiteko, eta nik ez dut neure burua gai ikusten beste gauza batzuk egiteko; edo, gutxienik, errespetua diet beste gauza horien egileei.

A.A.: Zerbait ondo egiteko, gaizki ere egin behar izaten da aurretik zenbait kasutan.

G.G.: Guk ere horrela ikasten dugu.

A.A.: Nik ere, makina bat bertso txarren buruan, on tankerako bat osatzen dut. Ezinaren kontra zaildutako lanak dira azkenenean.

Lehia ezberdina

Lehia sanoa dago bertsolaritzan, baina futbolekoa beste zerbait da.

G.G.: Interes ekonomiko oso handiak daude, eta bertsoetara jendea gozatzera joaten da, baina futbolak maitasun eta gorroto asko sortzen ditu. Oso mugara eramanda dago, eta ez luke horrela izan behar. Futbolean lehia hor dago, eta gauza itsusiak ikusten dira. Ez gara inoren eredu. Baina jendeari gustatu egiten zaio. Txikitatik erakutsi digute talde batekoa bazara ezin zarela beste batekoa izan, eta ez dakit futbolak ekarri duen hori gizartera, edo gizartean zegoen zerbait den. Herrialde batzuetan ez da hori gertatzen, baina hemen bai.

A.A.: Lehiaren ondorioak dira tristeak askotan, ez lehia bera. Haurren partidetan gurasoak nola egoten diren tristearen hurrengoa izaten da. Inguruko jendeak esaten dituenak partida batean, eta hedabideek nolako zirku trataera ematen dieten gauza horiei, futbola oso desbirtuatua geratzen da. Pena da ez baloratzea bizitzaren oinarrizko jolas bat balitz bezala. Txikitatik gustatu izan zait futbola, barruko energia ateratzen lagungarri izan zaidalako lehia hori, baina gainera botatzen badiozu miseria hori dena, jolas bat zena galdu egiten da.

G.G.: Hezkuntza kontua da. Errugbian beste gauza batzuk ikusten ditut, eta hor ere lehia handia dago. Lehiakortasun hori elegantzia batekin bizi da beste herrialde batzuetan, eta uste dut hemen arazo kulturala ere badagoela. Gurasoak ikusten ditugunean epaileen kontra sekulakoak esaten, hor hezkuntza arazoa dago. Errugbiak erakusten du egin litekeela lehia modu sano batean, eta futbolean ere badira adibide onak. Txarrak gehiago ateratzen dituzte, baina.

Euskal kultur munduko sektore batek ez du kirola baztertzen, besterik gabe eta arinkeriaz?

A.A.: Kirola baino gehiago futbola esango nuke, eta futbolaren inguruko zirkua, jasanezina baita. Zalea izanda ere, nazkatu egiten zaitu, eta, ez bazaizu gustatzen, ba atera kontuak. Kategorikoki futbolari purrust egitea ez da harritzekoa: meritu guztiak egin dituzte. Kultur munduan ere badira kirolzale eta futbolzale asko, eta ez dut uste purrusta arrazoitu gabea denik.

G.G.: Hortik jaten dut nik, eta ondo datorkit hori dena horrela izatea, baina ez dut batere gozatzen. Niri jokoa bera gustatzen zait. Baina bestea behar dut, ondo ordaindua izateko. Hori bai, lotsa ere sentitzen dut hedabide batek tarte gehiena ematen badio Cristianoren eta Messiren egunerokoari, eta ez badio batere lekurik ematen Afrikako goseteari. Baina norbaitek esan dezake ea zertan ari naizen hau esaten, hortik diru pila bat irabazten badut.

Gizartearen

aurrean, eredu

Kirolak, kontuak kontu, milaka jarraitzaile dauzka, eta gehiago erabili beharko litzateke herrigintzan eragiteko, adibidez?

G.G.: Lege ez-idatzi bat dago esaten duena futbol mundukoek ez dugula iritzirik ematerik gizarteko gaiez, baloiari ostikadak ematen bakarrik dakigulako. Baina mediku batek, abokatu batek eta abarrek eman dezakete iritzia. Guk zergatik ez? Ni Gaizka naiz, eta entrenatzaile baino lehen pertsona, aita, euskal herritarra eta euskalduna. Gauza batzuetan ere parte hartzen dut, eta beharra ere sentitzen dut horretarako. Gainera, neure burua estutu ere egiten dut iritzia emateko gai batzuetan, nagoen lekuan nagoelako eta ikusten dudalako oihartzuna izan dezakedala. Behar horrek eraman nau gauzak esatera, eta kritikatua izan naiz, edo markatua geratu izan naiz zentzu askotan. Zer esan, zer egin, zer ondorio ekarriko dituen... Marra gainditzen dudanean, pasatu egin naizela sentitzen dut, baina gutxi esan dudanean edo isilik geratzen naizenean ere borrokan ibiltzen naiz neure buruarekin.

A.A.: Ez dut ukatuko bakoitzak naturalki bere jarrerak erakustea dela gakoa, eta, horrela egiten denean, iritzi edota jarrera bat eraginkorragoa izaten da. Gaizkaren pasartea, Almeriakoa, euskararen ingurukoa, erabat sinesgarria izan zen. Kirolzale edo futbolzale gisa irizpide linguistikoek eraman naute zaletasun bat era batera edo bestera ikustera. Pertsona gisa ekarpena egiten badu, ez dut ukatuko nire zaletasunak irizpide horren arabera gehiago berotzen edo hozten direla. Bestalde, Gaizkak esan duenaren harira, kirolariei esaten zaie ez arduratzeko gizarteko gauzez, baina hori esan izan zaie alde jakin bateko iritzia daukatenei, eta ez besteei. Horretan tranpa dagoela uste dut. Pilotari batek presoen alde egin nahi izateari oztopoa jartzen zaio, baina beste pilotari bat PPko zinegotzi aurkezten bada LogroƱoko Udalean [Espainia], inork ez du hori zalantzan jartzen. Boterearen jokoak dira hauek.

G.G.: Guk Espainian egiten dugu lan, ulertze aldera, eta oso markatuak egon gara egin edo esan izan ditugun gauza batzuengatik. Gainean daramatzagu betiko, horrela da. Jendeak erreferenteak behar ditu, eta, guk ez badugu hori egiten, zaila da beste batek egitea. Realeko edo Athleticeko jokalari batek adierazpenak euskaraz egitea garrantzitsua da, erreferente direlako haurrentzat. Guk erantzukizuna daukagu; ez gara bakarrik futbolariak eta entrenatzaileak. Nire kezka da naizen bezalakoa agertzea; horrelakoa izatea gustatzen zait, gauza onekin eta txarrekin. Guk egiten duguna, gure hizkuntza eta gure hautu politikoa erakusten baditugu jendaurrean, gazteek ikusi egiten dute, eta eredu gara.

A.A.: Bertsolari gisa, nik ere erantzukizun handia sentitzen dut. Ni ez nabil ondo pasatzeko bakarrik, eta umorearena ez da nire arlorik emankorrena. Nire kezkak eta nire iritziak azaltzeko aukera da niretzat kantatzea, eta aurrean entzuten ari denari une jakin horretan eragitea. Hori da bertsolaritza niretzat, eta esango nuke funtzio politiko bat ere badugula: bertsoaren bidez agertzea mundua irudikatzen dugun bezala edo mundua nola aldatu daitekeen. Eragina ez da handia izango, baina egin egin behar da, eta horrek motibatzen nau.

G.G.: Futbolari moduan bide lineala egitea, betiko esaldiekin elkarrizketak ematea aukera erraza da. Baina badaude beste aukera batzuk ere, ez jendeari laguntzeko, baizik zure iritzia lasai emateko zure herriaren eta zure hizkuntzaren alde, edo zerbaiten alde. Arriskatzea da bide hori, eta futbolean ondo ikusia dagoena bestea da. Baina gero jendeak leporatzen digu ez dakigula ezer ezertaz. Gero, erakusten baduzu badakizula beste gauza batzuen inguruan, orduan ere egurra ematen digute; batez ere, nondik zatozen edo nongoa zaren ikusita.

Zenbakien muga

Zenbakiak bertsotan metrikarekin, eta zenbakiak futbolean jokatzeko sistema edo marrazkiekin. Mugak dira?

A.A.: Bide estutzaile diren metrika eta errima bide zabaltzaile izaten dira askotan, batez ere errimarekin. Bertso bat hasten baduzu era batera edo amaiera pentsatu baduzu modu batera, ematen du kaiola txiki batean sartzen zarela, baina kaiolatik ateratzen dituzun hitzek ideien aukera zabaltzen dizute. Errima batetik metafora bat sor daiteke, adibidez. Eskerrak kaiolari, hori gabe lotuta sentituko bainintzateke bertsotan. Etorri behar ez liratekeen ideiak etorriko litzaizkidake.

G.G.: Gauza bera da futbolean. Ordena behar da bizitzan, eta futbolean ere bai. Zenbakiek ordena ekartzen dute, eta gero hasten dira gauzak mugitzen, baina ordena batetik. Mesede baino kalte gehiago egiten dute zenbakiek. Ordena batetik dator sormena. Ematen du askatasuna dagoela zenbaki horiek kentzen badira, baina kontrakoa da niretzat.

A.A.: Ordena puskatzeko, ordena behar duzu lehendabizi, Gaizkak esan duen bezala. Lerro artean aske ibiltzeko, egin izan denaren bidetik abiatzen zara. Bertsotan, hankak jartzeko harriak ematen dizkizu ordenak. Guk horrela egiten dakigu, behintzat.

BERRIAn argitaratua (2017/07/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA