astekaria 2017/07/21
arrowItzuli

gizartea

Eskubideak eta desioak

Jose Mari Pastor

Eskubideak eta desioak Jose Mari Pastor

Anthony Quinn aktoreak galdera bat egiten zion bere buruari emakume batekin amodio-erlazioetan hasten zenean, andrazkoa etorkizuneko bizi-proiektuan benetako bikotekidea izan ote zitekeen jakiteko asmoz: «Nire seme-alaben ama gisa ikusten dut emakume hau?». Orain beste aro batean bizi gara. Orain ume baten amarik gabeko aita izan nahi dutenek hau galde dezakete: «Soilik nirea edo nirea eta nire bikotekidearena izango den haurra lortzeko baliabide egokia da haurdundu eta erditu arren ama izango ez den emakume emankor hau?».

Amatasun edo haurdunaldi subrogatua arautzeko eskatu du EH Bilduk. Ezker abertzalearen proposamenaren arabera, osasun sistema publikoan egin beharko litzateke, dirurik ordaindu gabe. Kanadako eredua omen da. Kanada. Hain urrunera joan beharra zegoen?

Suedian adituen iritzia eskatu du gobernuak eta haiek amatasun subrogatuari ateak ixtea proposatu diote. Kasu guztietan. Kajsa Ekis Ekman kazetari eta idazleak bat egin du batzordearekin, ikuspuntu feminista eta marxistatik. Haren ustez, amatasun subrogatu altruista «kezko hesia» baino ez da, benetan oso kasu gutxitan gertatzen baita. Galdera bota du: «Esplotazioa soilik dirua dagoenean ematen da?». Ekmanen arabera, subrogazio altruistan diruzko subrogazioaren baldintza berdinak ematen dira, baina emakumeak ez du deus jasotzen sakrifizioaren truke: «Emakumeak altruismo halo hori baino ez du lortzen, oso prezio txikia da egiten duen esfortzuarentzat, eta erakargarria soilik gizarte batean, zeinek emakumeak haien sakrifizio mailaren arabera baloratzen dituen, ez lorpenengatik».

Aita izatea eskubidea dela, ez desioa, defendatzen dute amatasun subrogatuaren aldeko elkarteek. Ez al du osasun zerbitzu publikoak in vitro ernalketa erabiltzen? Nire ustez, gurasoak izateko desioa izaten segitzen du, baina jendeari bidea errazten zaio nahia asebetetzeko -estetikagatik belarriak operatzea bezala ez dena-, inoren sabela alokatu edo gorputzaz jabetu barik. Organoak doan ematea ere legezkoa dela diote. Bai, baina bizi bat salbatzeko izaten da normalean. Adopzioan dirua ematen da. Ados, baina kasu horretan ume guztiek behar dutena ematen zaio haurrari: etxea, familia baten maitasuna eta babesa. Umezurtz-etxean izango ez duena, alegia. Amatasun subrogatuan, aldiz, sabelean izan zuen emakumeari ama deitzeko eskubidea ukatzen zaio haurrari.

Nonbait izango da amatasun subrogatu kasu altruista bakan horietako bat, baina zenbat? Klase borrokarik gabeko gizarte new age honetan zenbat emakume aberats egongo da prest bere alua, sabela, gorputza, burua eta metabolismoa bederatzi hilabetean gizonezko pobre baten eskuetan uzteko, bere fruitua hari emateko eta, kasurik txarrenean, bizia sakrifikatzeko? Altruismo kasu batean, guztiz legezkoa balitz ere, hau esango nioke gizonari: «Emakumezko adiskide horren aluaz, sabelaz, gorputzaz, sexualitateaz eta abarrez bederatzi hilabetean jabetzeko eta prozesu horrek izan litzakeen osasun ondorioak -baita hiltzeko arriskua ere, oso txikia izan arren- kontuan ez izateko prest zaude, aita izateko desioa asetzeko? Pentsa ezazu».

Anthony Quinnek 12 ume izan zituen. Azkena, Ryan Nicholas Quinn, 81 urterekin. Garaiz zaude haren moduan egiteko, gizona. Segi jokatzen. Aukera hori gustukoa ez baduzu, edozein arrazoi dela medio, eta zure hazia alferrik galduko ote den beldur bazara, sehaska bat eta punta-puntako hozkailu bat erosi. Sehaskan Teddy Bear bat sartu eta hozkailuan edukiontzi bat, zure aldian behingo masturbazio saioen emaitzarekin. Hirugarren aukera: semen-emailea izan. Zure umeek ez dute jakingo aita nor duten baina, tira, zureak ere ez luke ama izango ondoan. Hala ere, zure kasua ama horrena baino askoz ere samurragoa izango da: inork ez ditu zure gorputza, burua eta gogoa, barrenak eta kanpoa, azala eta mamia, bederatzi hilabetean bahituko. Azken aukera bat duzu: ezer ez egitea. Lasai, ez da ezer gertatuko. Munduak biraka segituko du.

BERRIAn argitaratua (2017/07/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA