astekaria 2017/07/14
arrowItzuli

gizartea

DENIS ITXASO

«Uztargarria da bi alardeetara joatea»

Maite Asensio Lozano

«Uztargarria da bi alardeetara joatea»

Ezustekoa eman zuen iaz, Gipuzkoako Foru Aldundiko jarduneko ahaldun nagusi zela, Irunen agertu, eta alarde parekideari hiriaren bandera eman zionean. «Ohore bat» izan zela dio Denis Itxasok (Donostia, 1975). Joan den astean ere han izan zen: bi alardeei egin zien harrera. Zintzo azaldu du bere jarrera «delikatua» dela, «erasotzen erraza», eta bere «kontraesanak aztertzen» ari dela. Baina estrategia bat hautatu duela.

Aurten bigarrenez ikusi zaitugu Irunen. Zerk bultzatu zintuen iaz pausoa ematera, eta zerk bultzatu zaitu aurten errepikatzera?

Politikan, batzuetan badago alde bat pentsatzen duzunaren eta egiten duzunaren artean: alderdi batean zaude, edo gobernu batean, eta ez duzu beti bat egiten zure kideekin, baina gutxieneko erlazio bat egon behar da pentsatzen eta egiten duzunaren artean. Eta beti pentsatu dut alarde mistoa aldarrikatzen dutenek gutxienez alarde tradizionala antolatzen dutenen errespetu berdina behar dutela. Banekien ez zela ondo ulertuko bi alardeetara joatea, ez alde batetik, ez bestetik; baten batek pentsa dezake jarrera ekidistante bat dela. Baina iruditzen zait badagoela hirugarren espazio bat, Irunen zabaltzen ari dena: alarde batean eta bestean parte hartzea, ez fisikoki, baizik eta bietako lagunak edukiz. Nire itxaropena da etorkizunean belaunaldi gazteek modu naturalagoan hautatuko dutela batean edo bestean parte hartzea, ez dela izango hain kontu politikoa edo ideologikoa; erabakiko dute segun non pasatzen duten hobeto edo non dituzten lagunak. Uste dut etorkizunean hirugarren espazio hori gailenduko dela, eta agian izango dela alardeak elkarrekin ateratzeko hazi bat. Eta, azkenean, baliteke konfluentzia batera iristea.

Kritika asko jaso dituzu?

Alarde tradizionalekoen aldetik mezu asko jaso ditut, gaitzetsiz Irunera joan izana. Baina sentitu dut nahiko giro ona dagoela, eta gero eta elkarbizitza handiagoan bizi dutela festa batzuek eta besteek. Ez dut inoiz pentsatu Irunera edo Hondarribira joatea inori lezioak ematera. Iaz erabaki nuen hitzak neurtzea, ez nuela suterik sortu nahi, eta nire umiltasun osoarekin nahi nuela, ahal bazen, lagundu; beraz, ez zela egokia Irunera joatea lerrokatzera, dinamika frontista bat babestera. Uste dut uztargarria dela bi alardeetara joatea, eta ulertzea tradizionalean ateratzen diren hainbat gizonezko ez direla matxistak. Gehiegizko karikaturizazioa egin da, eta batzuetan klixeetan erori gara.

Orduan zer dago gizon horien buruan, emakumeei parte hartzea ukatzeko?

Segur aski, bakoitzaren buruan gauza desberdinak daude. Duela bi urte foru hauteskundeetara aurkeztu nintzenean, alardeekin hitz egin nuen, nire kabuz: tradizionaleko agintariei esan nien ahaldun nagusi banintzen bietara joango nintzela, eta ez zitzaien gaizki iruditu. Hori egin egin dut, eta berdintasun eskubidea eta elkarbizitza festiboa uztartzearen aldeko mezua eman dut. Azken batean, Irungo herritarren ehuneko handi bat estigmatizatzen badugu denak matxistak balira bezala, horrek ez du mesederik egingo. Badakit ez dela jarrera erraza, eta esentzietatik erosoago mugitzen garela. Baina kontua da erakundeetatik zenbateraino lagundu dezakegun ezertan.

Aipatu duzu jarrera ekidistantea egotzi ahal zaizula. Berdin babes daitezke berdintasunaren alde daudenak eta emakumeak baztertzen ari direnak?

Berriro diot: esentzietatik, ideologietatik eta erraietatik gerturatuz gero, zaila da. Horrelako prozesuetan, inportantea da hirugarren espazioak irekitzea. Nik nire ideiak dauzkat, eta berdintasunaren aldeko hautua oso argi daukat pertsonalki, baina orain arte berdintasunaren alde egin diren zenbait ekimen ez dira eraginkorrak izan, zuzenean egotzi nahi izan diotelako alarde tradizionalari matxismo hutsa, eta askotan nahastu izan da jaietan emakumeen kontra gertatzen diren erasoekin. Oker sakona iruditzen zait; ez da eraginkorra Irunen espazio demokratikoak eta irekiak sortzeko. Sinesten dut Irunen jarrera baikor hori gero eta presenteago dagoela.

Alegia, uste duzu alarde baztertzailearen barruan bagoela hurbiltzeko prest dagoen jendea.

Uste dut alarde tradizionalean dauden pertsona asko ez daudela berez parekidearen kontra.

Nola uler daiteke hori?

Parekidearen kontra ez bazaude, ez duzu inor iraintzen, sare sozialetan ez duzu parekidearen argazki bakarti bat erakusten satisfakzio moduan, ez duzu plastiko beltza jartzen... Niregana etorritakoei esan nien bizitzeko festa, eta besteei ere uzteko festa nahi bezala bizitzen, inori klixeak ezarri gabe: kanpotik datoz, halako alderdi polikoren ingurukoak dira...

Auzia matxismotik bereiztea ez al da despolitizatzea? Zeren badauka zerikusia berdintasunarekin, ezta?

Badauka zerikusia berdintasunarekin, eta badauka zerikusia festarekin eta tradizioarekin. Zorionez, Euskal Herriko festa gehienek egokitzen jakin dute. Irunen eta Hondarribian normaltasun falta izugarria dago oraindik. Hortaz, agian ez zaio gaizki etorriko despolitizatzea. Alarde tradizionaleko denak matxistak direla baino nahiago dut esan hemen berdintasunaren aldeko apustua egin behar dela: aldeko mezua eman, optimista, eta ez aurkakoa. Pedagogia egitean eraginkorragoa izan daiteke. Alarde tradizionalekoak etortzen zaizkidanean, esaten diet badakidala ez direla matxistak, eta lasaitu egiten dira, oso erasoak sentitu direlako. Ez dut uste inork pentsa dezakeenik Irunen edo Hondarribian horiek guztiak matxistak direnik. Agian eskatu beharko genieke utz diezaiotela alarde parekideari festa ospatzen eta alai egoten. Eta hori alarde parekideko batzuei ere esan beharko zaie: hemen gehien mugituko duen indarra festa giroa izango da.

Alarde parekidekoei, hala ere, askotan festa egiten ere ez diete utzi: eraso fisikoak eta irainak jasan dituzte.

Egia da, baina ez dirudi gaur egungo egoera denik Irunen. Beraz, hori gertatzen ez bada, aprobetxa dezagun eta egin dezagun aurrera; baldintza minimo batzuk badaude festa giroan egoteko, pasatu ongi. Mezu positiboak emateak auzia desdramatizatzen du. Batzuetan ez da posible, batez ere indarkeria dagoenean, baina aprobetxa dezagun Irunen errespetu minimo bat lortu dela, espazio horiek irekitzeko.

Hondarribian desberdin ikusten duzu egoera?

Zoritxarrez, Hondarribiko giroa gaiztotuago dago: plastikoen kontuan ikus daiteke.

Zure alderdikoa da Jose Antonio Santano Irungo alkatea. Zer iruditzen zaizu bere jarrera?

Ez dut baloratuko bere jarrera.

Baina gatazka konpontzeko nahi bat ikusten diozu?

Nire ustez, Irunen giroak aurrera egin du, neurri batean, alkatearen jarreragatik, nahi izan duelako beti festa giroa gailentzea, eta elkarbizitzaren aldeko mezuak eman dituelako. Ez dut uste alkateari inork entzun dionik irainik alarde mistoaren kontra.

Gatazka hogei urtez lutzatzea udalei egotzi izan diete, bere garaian alarde parekideak babestu izan balituzte auzia ez litzatekeelakoan enkistatuko.

Uste dut zauriak oraindik ez direla osatu, besteak beste, bere garaian gatazka muturreraino eraman nahi izan zelako. Eta ez naiz gai baloratzeko hor zeinek daukan ardura handiagoa. Gainera, atzera begirako hausnarketek balio dezakete, baina ez dakit zenbateraino; pentsatu behar dugu etorkizunean nola baliatu orain daukaguna pausoak emateko.

PSEk babestu izan ditu alarde parekideak, besteak beste, hainbat sari emanez. Alderdiaren barruan presioa egiten al zaio Santanori?

Hitz egiten da; nik ere Santanorekin hitz egin izan dut. Baina PSEko kide baino lehenago, alkate da.

Baina alderdi batekin aurkezten da.

Bai, baina alkate moduan egiten ditu gogoeta batzuk, elkarbizitza festiboaren ildotik. Ez naiz bere jarrera baloratzera sartuko. Baloratzen hasiko bagina bertako agintariek egiten dutena, gure alderdikoak izan ala ez, egin nahi dugun ekarpen positibo hori bertan behera geratuko litzateke.

Ulertzen duzu jendeak pentsatzea PSEk ez duela Santano kendu alardeen auzian duen jarrerak botoak ematen dizkiolako?

PSEk ez du alkatea jartzen edo kentzen, herriak baizik. Baina hori hala erabakiko balitz, izango litzateke pentsatzea Irunen alardeez gain besterik ez dagoela. Ez bakarrik herrigintzan, baizik eta berdintasun politiketan; eta egon badaude, asko, eta onak, gainera.

Iaz zu Irunen agertu izanak polemika ekarri zuen Gipuzkoako Diputazioaren barruan. Balio izan du eztabaida berbideratzeko?

Hitz egin izan dugu, baina ez hainbeste. Irungo alkatearekin gehiago hitz egiten dut. Koalizio gobernu honetan programa politiko baten inguruko akordio bat dago, baina horrek ez du esan nahi bakoitzak ez dituenik bere planteamenduak mantendu behar akordiotik kanpoko gaietan. Eta nik, ahaldunorde nagusi moduan, argi daukat nire jarrera izan behar dela hartu dudana.

Markel Olano ahaldun nagusiari eskatu al zenion zurekin joateko Irunera?

Ez, ez naiz inor hori eskatzeko. Uste dut honezkero Olanok badakiela zein den egoera, baloratu egin duela, eta ondo pentsatuta hartu dituela bere erabakiak.

BERRIAn argitaratua (2017/07/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA