astekaria 2017/07/14
arrowItzuli

bizigiro

Memoria historikoaren bila

Beñat Torres Lete

Memoria historikoaren bila

Z arateko haitzak oraindik ezagutzen ez diren sekretuak dauzka gordeta lur azpian. Aranzadi zientzia elkartearen gidaritzapean, Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako hamazazpi gazte dabiltza indusketa lanean Zizurkilen, Adunan, Asteasun eta Larraulen (Gipuzkoa). Uztailaren 3tik 16ra, 36ko gerran egon zen Saseta erresistentzia gunean zer gertatu zen hobeto jakiteko asmoz jardungo dute auzolandegi horretara animatu diren gazteek.

Proiektuak hiru helburu nagusi ditu: batetik, memoria historikoa berreskuratzea; bestetik, hain ezaguna ez den gertakari horren inguruan informazioa biltzen jarraitzea; eta, azkenik, auzolandegian dabiltzan gazteen arkeologia prestakuntza sustatzea. Indusketa lanak aurkezteko atzo egindako agerraldian, Zizurkilgo alkateorde Maite Amenabarrek gazteak egiten ari diren lana eskertu du: «Hemen ibili zareten gazteon esku egongo da egiaren transmisioa».

Bestalde, agerraldian, iaz Aranzadi zientzia elkarteak argitaratu zuen Saseta defentsa sistema. Armatutako erresistentzia antifaxista Adunan Asteasun eta Zizurkilen liburuaren berri emateko aprobetxatu dute. Auzolandegian aurkitutako aztarnekin, dokumentu historikoekin eta lekuko zuzenak izan ziren eskualdeko herritarren testigantzekin osatutako liburua da.

Saseta altxamendua 1936ko gerran Gipuzkoan egon zen lehen erresistentzia frontea izan zen. Abuztuaren 11n Tolosa erori ostean, mendi horietan egin zieten aurre frankistei; 100 lagun inguru hil ziren.

Erresistentzia zona horretan orain bi urte hasi ziren lanean. Zientzialariek diote han dauden harkaitz harresiak gerra aurretik jarritakoak direla; harriek nekazaritza eta abeltzaintzarako gune itxi bat mugatzen zuten. Erresistentzian ibili zirenek harri horiek aprobetxatu zituztela uste dute. Horregatik, artxiboak erabiliz, ikerketa historikoa egin zuten lehenbizi. Indusketatan, berriz, 36ko gerrako 80 zorro aurkitu zituzten iaz, estruktura horiek baliatu zirela erakusten dutenak. Aurten, defentsaren goiko gunean ibili dira lanean, eta ez da horrenbeste material aurkitu. Beheko gunean, berriz, harriak beharraren arabera mugitu zirela da hipotesi nagusia, oraindik arkeologikoki frogatu ezin duten arren.

Arkeologiaren ekarpena

Lanean dabiltzan gehienak historia edo arkeologia ikasleak dira. Horietako bat da Joanes Carrera billabonatarra. Arkeologiaren garrantzia azaldu du Carrerak: «Arkeologiaren bidez, adibidez, tiro gehienak non izan ziren jakin dezakegu. Goiko gunean hainbeste bala ez topatzeak behean baino tiro gutxiago egon zirela pentsatzera garamatza». Bestalde, azaldu du inguruak berak informazio asko ematen duela. Indusketa lanak egin ahal izateko, adibidez, belazeak garbitzen ibili behar izan dute. Horrez gain, erresistentzia guneko maldak ere azpimarratu ditu historia ikasleak: «Honek guztiak tiroketarako leku apropos bihurtzen du. Dena pentsatuta zegoen».

2014an antolatu zen lehen auzolandegia, Adunako (Gipuzkoa) indusketa lanei jarraipena emanez; hurrengo lubakia Asteasun (Gipuzkoa) bistaratu zen, Zaratehaitz mendiaren magalean.

Aurten auzolandegia lehengoz bi hizkuntzatan antolatu dela adierazi du Manex Arrastoak, auzolandegiaren koordinatzailetako batek. Ondorioz, Andaluzia, Madril, Asturias (Espainia) eta Kataluniatik hainbat boluntario ere etorri dira.

Horietako bi dira Alba Peñamuñoz (Tarragona, Herrialde Katalanak) eta Elena Manchado (Madril). Peñamuñoz egiten den lanarengatik eta lantaldearengatik animatu da. Manchadori, berriz, Aranzadirekin lan egitea gomendatu zioten lehenago egondako lagunek.

Haien ustez, arkeologiak historia objektibotasunez ezagutzeko balio du. Horrelako gaien inguruan oraindik gizarteari hitz egitea kostatzen ari zaiola aitortu dute. Manchadok, esaterako, herriak erresistentzia horretan izan zuen inplikazioa azpimarratu du: «Hemen ez zen ia profesionalik egon. Gehienak zibilak ziren. Horregatik, garrantzitsua da egia jakitea».

Memoriaren garrantzia

Atzoko ekitaldian zeuden guztiek, bai joandako ordezkariek eta bai indusketan ari diren gazteek, gertakizun horrek izan behar lukeen garrantzia azpimarratzeko beharra aipatu zuten.

Carrera, esaterako, kontziente da historia edo arkeologia ikasi dutenetako batzuek irakaskuntzan bukatuko dutela. Hori jakinda, lantzen den materialaren inguruan eta horrek duen garrantziaren inguruan hausnartzera ausartu da: «Sasetako erresistentziaren moduko gertakizunak gehiago landu behar lirateke. Izan ere, eskolan beti gauza bera ikasten da; Burdinazko Hesia, esaterako. Baina hona etorrita, pentsatzen hasten zara: hauek ez al dute kontatzen? Gipuzkoako lehen hildakoak hemen izan ziren. Erresistentzia honetan egun asko pasatu zituzten, eta bere garrantzia ere eman behar zaio».

Bideoa: auzolandegiaren aurkezpena (Andoni Mikelarena, BerriaTB).

BERRIAn argitaratua (2017/07/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA