astekaria 2017/07/14
arrowItzuli

gizartea

Atzeraka ari da euskara kalean

Garikoitz Goikoetxea

Atzeraka ari da euskara kalean

Geldialdia iragarri zuen orain bost urte, goranzko bidea gelditu egin zela. Baieztatu egin dute orain. Euskara gutxiago entzun dute kaleko erabileraren azken neurketan. Zazpigarren neurketa da, eta eboluzioak joera hau erakusten du: batetik, igoera, 1989tik 2006ra bitartean, baina 2001etik aurrera mantsotze zantzuak agertu ziren; bestetik, 2006tik aurrera, jaitsiera. Euskal Herria osorik hartuta, 1997ko portzentajearen azpitik dago oraingo erabilera: %12,6 da. Egiturazko jaitsiera da: adin talde guztietan jaitsi da, euskarak pisu handiena daukan gune soziolinguistikoetan, eta herrialde nagusietan. Gipuzkoan dute erabilera indizerik handiena, baina, lehenbiziko aldiz, jaitsi egin da han ere.

Soziolinguistika Klusterrak egiten du Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketa, bost urtean behin. Zazpigarrena da oraingoa, 2016an egindako behaketarena. Kaleko erabilera neurtzen dute, behatzaileen bidez; ez da inkesta bat, une eta leku jakin batzuetako behaketekin osatutako neurketa baizik. Atzo aurkeztu zituzten emaitzak.

Joan den astean kaleratu zuten Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoa, eta han agertutako ondorio batzuk sumatzen dira kale erabileraren neurketan ere. Adibidez, adin aldetik, gazteek dutela gidaritza: zenbat eta gazteago, euskararen erabilera handiagoa. Umeek dute erabilera handiena, 2-14 urtekoek (%18,3); gero datoz 15-24 urtekoak (%12,3), 25-64 urtekoak (%11,5), eta 65 edo gehiagokoak (%8,1). Umeek dute erabilera indizerik handiena, eta, areago, haien presentzia erabakigarria da gainerako adin taldeetakoek euskaraz gehiago egin dezaten. Nagusiak soilik daudenean, ez da %9ra iristen erabilera, baina haurrekin, %19 aritzen dira euskaraz —umeak ere beren artean baino gehiago jarduten dira helduekin—.

Araba eta Nafarroa gora

Hau diote datu orokorrek: herritarren %12,6 jarduten dira euskaraz kalean; gaztelaniaz edo frantsesez egiten dute %84,6k; eta %2,7 beste hizkuntza batzuetan aritzen dira.

Oraingo argazkia da hori. Aldatu egin da urteotan. Batetik, adin talde bakoitzaren lekua. Hasierako neurketetatik umeek izan dute erabilera handiena, orain bezala. Beste adin talde batzuetan aldatu dira gauzak: lehen neurketetan, umeen ondoren adinekoek zuten erabilerarik handiena, eta gazteek txikiena; orain, gazteak daude umeen ostean, eta adinekoak, azkena —Bizkaian eta Ipar Euskal Herrian, helduek egiten dute gazteek baino gehiago—. Bestetik, baina, joera bera dute talde guztiek: jaitsi egin da erabilera, batez ere 2006tik —adinekoetan lehendik ere jaitsi da, ezagutza bezala—.

Herrialde guztiek ez dute joera bera, hala ere. Erabilera handiena duten herrialdeetan jaitsiera azaldu da. Gipuzkoako kasua da berritasun nagusia: aldiz aldi handitu da erabilera —bederatzi puntu irabazi zituen 1989tik 2011ra—, eta orain beheraldia azaldu da, lehen aldiz —puntu bat eta erdi galdu du 2011tik—. Gainerako herrialdeen aldean, oso goitik dago Gipuzkoa: ia hirutik bat aritzen da euskaraz kalean. Jaitsiera adin talde guztietan azaldu da, baina. Bizkaiak ere beheraka jarraitzen du: 2001ean jo zuen goia (%10,7), eta beheraka ari da ordutik (%8,8 orain). Adin talde guztietan jaitsi da erabilera hamabost urteotan, nahiz haurrek eta helduek eutsi dioten orain.

Ipar Euskal Herrian ere galerak ez du etenik izan kalean: %5,3 entzun dituzte euskaraz, inoiz baino gutxiago. Jaitsiera horren azpian, alde bat: haurren erabilera igo da.

Jaitsiera orokortu horien alboan, Nafarroa da salbuespen nagusia: erabilera puntu bat handitu da, eta %6,7an dago. Orain arteko joera eten dute horrela, aldiz aldi erabilera jaitsi egin baita Nafarroan orain arte: 1993tik aurrera aldiro jaitsi da. Norabidea aldatu dute orain, eta galdutako gehiena berreskuratu dute, gainera. Adin talde guztietan hazi da erabilera.

Igoera bat dago Araban ere, txikiagoa: 2006ko datua da orain arteko onena, eta haren parera iritsi da oraingoa (%4,6). Haurren erabilera areagotu da batez ere —%7,5 entzun dituzte euskaraz, orain arteko gehien—, eta helduena; gazteen erabilera, ordea, behera doa.

Euskaldunagoak behera

Gune linguistikoen arabera erreparatzen bazaio erabilerari —euskaldunen portzentajea handiagoa edo txikiagoa den lekuak aintzat hartuz—, joera bat sumatzen ari dira. Batetik, euskaldunak gutxiengoa diren lekuetan, egonkor dago erabilera azken urteetan —biztanle gehienak eremu horietan bizi dira—; bestetik, euskaldunak gehiengoa diren tokietan, behera egin du erabilerak azken urteetan. Arnasguneei buruz sortutako kezkarekin bat dator neurketaren emaitza. Azken hamar urteetan jaitsiera gertatu da, baina leku guztietan daude 1990eko hamarkadako datuaren gainetik.

Joera hori Hego Euskal Herriko datuetan nabari da —hangoak dira gune soziolinguistikoei buruzko datuak—. Iparraldean, izan ere, aurkakoa izan da bost urteotan: Lapurdin jaitsi egin da, eta Nafarroa Beherean eta Zuberoan, igo. Alegia, leku erdaldunagoetan behera, eta euskaldunagoetan gora.

Hiriburuei begiratuta, herrialdeko joera agertzen da: jaitsierak daude Baionan, Bilbon eta Donostian —Gipuzkoako hiriburuan, Igeldo eta Añorga sartu dituzte neurketan lehen aldiz, eta horri esker eutsi diote erabileraren datuari—; Gasteizen, Araban bezala, igoera agertu da. Iruñea da salbuespena: geldialdian dago erabilera, nahiz Nafarroan igo den.

Hiriburuei erreparatuta, Donostian du euskarak indar handiena: seitik batek hitz egiten du. Besteetan, askoz gutxiagok. Bilbon baino euskara gehiago entzuten da Gasteizen eta Iruñean —Bilbon handiagoa da elebidun ehunekoa—. Gainera, Baionan eta Bilbon euskara baino gehiago erabiltzen dira beste hizkuntza batzuk; Gasteizen eta Iruñean, paretsu. Denetan bazterrekoa da euskararen erabilera: %4tik behera dago.

BERRIAn argitaratua (2017/07/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA