astekaria 2017/07/14
arrowItzuli

ekonomia

Erribera ez da Goierri

Joxerra Senar

Erribera ez da Goierri

Erribera eskualde berezia da alderdi eta sindikatu abertzaleentzat. 2011ko hauteskundeetan Bilduk eta Nafarroa Baik %6ko ordezkaritza lortu zuten, eta lau urte geroago, 2015ean, %9koa. Hala ere, politikatik kanpo bi sindikatu abertzaleek ia hirukoiztu egiten dute ordezkaritza politiko hori: hauteskunde sindikaletan ELAk %21eko ordezkaritza lortu du, eta LABek %5 ingurukoa —gainera, foru administrazioan lehen sindikatua da Erriberan ere—. Zergatik ari da gertatzen hori?

Itxuraz, gainerako eskualde gehienekin alderatuta, arlo politikoan UPNk edo PSNk indar handiago dute Erriberan, eta arlo sindikalean antzeko gauza gertatzen da CCOO eta UGT sindikatuekin. Horregatik, maiz ikuspegi abertzale batetik kontrako lurralde gisa agertu ohi da Erribera. Berezko zailtasun bat badagoela onartu arren, ELAko Mikel Ziordiarentzat naturala da: «Batzuetan, Nafarroako iparraldetik edo Euskaditik datozenek esan ohi digute: A zer meritua duzuen. Niretzat, ez da meritua, ni hemengoa naiz. Ez nago lurralde arrotz batean, nire etxean nago».

Mendabiatik Corteseneraino, Erriberan bertan ere alda daitezke egoerak. Goi eta behe Erriberaren artean badira aldeak, baina diferentziak herrien araberakoak dira. Iñigo Campo, ELAko Erriberako arduraduna, Lodosakoa da, eta han eskualdeko joera apurtu egiten da. «Lodosan ELAkoa ez izatea da arraroa. Han, %50eko ordezkaritza dugu, eta ez dakit zenbat afiliatu. Aldiz, badaude sartu ez garen beste herri batzuk, eta oso konplikatua dugu. Azagra edo Milagron, adibidez».

Haren irudiko, dena den, Erriberaren berezitasuna ez da azpimarratu behar. «Kanpoko jendeak balio handia ematen dio hemen egiten dugunari, misiolariak bagina bezala, baina beste eskualdeetan ere antzeko egoerak dituzte. Gipuzkoan, ez-abertzaleak ere badira». Gainera, Camposen irudiko, Ebroren ibarrean diren beste lurraldeekin alderatuta, Erriberan sindikatu abertzaleak daude. «Hegoalderago CCOO eta UGT daude soilik, eta arazoen aurrean konforme egoteko erantzuten diete langileei. Adibidez, Tarazonan [Aragoi, Espainia] ez dute nora joan; Tuteran, aldiz, bai».

LABekoak, «deabruak»

ELArekin alderatuta, ordezkaritza nabarmen txikiagoa du LABek, baina hamar urtean bikoiztu egin du. Ezker abertzaleko sindikatu izateak oztopoak gehitu dizkio. Ondotxo daki Jon Gonzalez LABeko afiliatuak. 25 urtez lan egin ostean, duela hogei urte enpresak ateak itxi eta langile guztiak kaleratu zituen. LAB arduratu zen bere prozesuaz. «Nire senideei oilo ipurdia jarri zitzaien, ez zuten ulertzen nola sartu nintzen. Erriberako idiosinkrasia ikusita, LABekoak deabruak ginen, isats, adar eta guzti». Gonzalezen arabera, apurka-apurka aurreiritzi guztiok altxatzen ari dira. «Duela hogei urte ereindakoa jasotzen ari gara orain».

LABeko militante guztiak ez dira jatorriz ezker abertzalekoak. Adibidez, Ramon Lacalzadak Zaragozan (Espainia) egin zuen ia bere bizitza osoa, eta, han, mugimendu anarkistan militatu zuen. Duela hamar urte, Erriberara etorri zen eraikuntza enpresa batean lan egitera, eta sindikatu batean afiliatzean argi zuen ez zuela CCOO, UGT edo ELAkoa izan nahi. LABen sartu zen, «borrokarako erreferentzia nagusia» zelako. Gerora bere ogibide izan da sindikatua, eta egun Tuterako egoitzako arduraduna da.

Lacalzadak nabari du 2011. urtean ETAk armak utzi izanak eta krisialdiak mentalitate batzuk aldarazi dituela. «Kasik herenegunera arte terroristatzat jo gaituzte». Krisiak bete-betean eragin dio eskualdeari. Herri batzuetan, Corellan esaterako, langabezia %30 ingurura heldu da. «Eskuinak baztertu zuen bere gotorlekua. Oso kudeatzaile txarra izan da, eta axolagabekeriaz jokatu du». Testuinguru hartan ELAk eta LABek 2009tik 2012ra sei greba orokor egin zituzten, bakarra CCOO eta UGTrekin. Horregatik, Erriberan erantzuna ez zen hain handia izan, baina jendeari kontraesanak eragin zizkion. «Gutxiengoan grebara joatea oso zaila da, eta hemen zailagoa, baina gero memoria kolektiboan geratu da».

ELAren jauzia

ELAk 1990eko hamarkadan egin zuen jauzi handia. «Sindikatuak erabaki zuen ezer ez zuen tokian amore ez ematea, eta Erriberaren alde apustu egin zuen, taldeak eta egoitzak sartuz», dio Campok. ELAk Nafarroan %23ko ordezkaritza du, eta Erriberan portzentaje horretatik gertu daude.

Haren irudiko, afiliatuetako batzuk ez dira abertzaleak, baina sindikatuak eskaintzen dien «gertutasuna eta zintzotasuna» nahiago dute: «UPNko jendea ere badugu. Arraroa gerta daiteke: nola gorde dezake UPNko batek oreka ELAren jarrera aintzat hartuz gero? Sinpleagoa da. Ideia politiko batzuk dituzte, baina nahiago dute euren enpresan ELAk defenditzea».

Camporen hitzetan, badira ELAn inoiz sartuko ez liratekeenak, baina gutxiengoa dira muturreko jarrerak. Argi du sindikatuak Erriberako errealitate soziopolitikora egokitu behar duela, baina printzipioei uko egin gabe. «Beste sindikatuek ordezkatu gabeko jendearengana iristen gara. Agian ez da euskalduna edo euskaldunen laguna, baina nolabaiteko konplizitatea lortzen duzu. Guk ez dugu ezkutatzen gure euskal izaera. Gu sindikatu abertzalea gara, Erriberan eta Goierrin; baina hori ez da muga bat, eta jende batek izaera hori arerio gisa ikusteari uzten dio».

Industriako enpresa handien artean Tuterako Guardian dago. Historikoki, enpresa horretan sindikatuek ez dute langileen batzordeetan sartzea lortu. «Enpresaren atarira joan ohi ginen, eta saten genien Laudioko Guardianen ELAk gehiengoa duela eta baldintza hobeak zituztela». Egoerak bere horretan jarraituko zuela uste zutenean, langile talde batek hauteskunde sindikalen aurrean kanpoko aholkularitza eskatu zien. «Hamar langilerekin elkartu eta egin genien proposamenarekin ados zeuden, baina batek esan zigun beste sindikatuen eskaintza ezagutu nahi zuela. UGTren egoitzara joan eta Guardianeko giza baliabideetako arduraduna topatu zuen bertan. Itzultzean, erantzun zigun politikoki ELAko ordezkari gisa ez zuela aurkeztu nahi, baina UGTrekin ez zihoazela inora».

Camporentzat pasarte hori adierazgarria da. Aurreko bi hamarkadatan Nafarroan CCOOk eta UGTk diru laguntza publiko ugari eta bestelako abantailak jaso dituzte, eta horrek sindikalismoan ere eragin du: «Hauteskundeak iritsi eta produktu katalogoekin joaten ziren langileengana botoen truke: motxilak, berokiak, kafetegiak... Guri zenbaitek galdetzen ziguten ea zer eskaintzen genuen. Sindikatu bat, erantzuten genien».

Sindikatuoi finantzaketa publikoa itxi zaien neurrian, egoera aldatu da. Dena den, bestelako trikimailuak ez dira desagertu. Sigma enpresan zenbait langilek ELAko ordezkariei ohartarazi zieten aldi baterako laneko enpresetako beharginei zuzendaritzak promes egin ziela kontratua izenpetzea UGTri botoa ematearen truke: «Saiatu ginen horri buelta ematen, baina guk ez genuen botoa igo eta UGTk bai».

Hain zuzen, enpresa horretan ordezkaritza lortu du lehen aldiz LABek. Etorkizunera begira, erronka argia dute: zabaltzea, baina printzipioei uko egin gabe. «Nazio mailan ordezkaritza txikieneko tokia da, eta hedapena da helburu nagusietako bat, baina ez dugu nahi kosta ahala kosta zabaldu». Dena den, Ramon Lacalzadak zehaztu du ordezkaritza hori ez dela azken helburua, tresna baizik. «Nahiz eta hemen indar gutxiago izan, gakoa da konfrontazioa handitzea eta prekaritateari aurre egitea ekintza sindikal berri batekin. Sindikalismoa klasikoak langile gehienentzat ez du jada eraginkortasunik».

Lacalzadaren arabera, sindikatu abertzaleek ere gogoeta egin behar dute orain arteko egindako bideak zertarako balio izan duen: «Zer aurrerapauso egin ditugu euskararen arloan? Eragin dugu abertzaletasuna areagotzea edo ez gara lortzen ari?».

UPNren propagandak eragina badu. Iñigo Camporen arabera, jende gaztea «amorratzen» dago ustez euskara edo ikurrina inposatu nahi dietelako. «Ideia hori barneratu dute. Ez dute hitz egiten enpleguaz, zergez edo ekonomiaz, baizik eta nortasun kontuez». Lacalzadaren irudiko, nabarmena da kontrakotasun hori areagotu dela. «Lehen jendea eroso zegoen. Euskara lau eroren kontua baino ez zen. UPNk beldurra astintzen duen neurrian jendeak beharra nabaritzen du». Hala, nahiko luke «aho biko ezpata» izango balitz, eta euskara langileen interesen hizkuntzarekin lotuko balitz. Haren irudiko, gakoa da ez behartzea, baizik eta «beharrak sortzea».

Ardatz politikoa aldatu

Alde horretatik, abertzaletasunak etxeko lanak egiteko dituela deritzo Lacalzadak: «Hemen jendea ohitu da Zaragozara, Madrilera edo Errioxara begira egotera. Erreferentzia ez dago iparraldean, auzokideak ez dira baskoak. Abertzaleok estrategikoki jokatu behar dugu, eta urruntasun hori apurtu. Euskal Herriko beste bazterrei begira jarri behar da Erribera: Iruñea izan behar da bere erreferente nagusia, ez Soria edo Zaragoza». Hori nola egin da gakoa.

ELAko Mikel Ziordiak irtenbide aukera bat planteatu du. Haren ustez, abertzaletasunaren kontzepzioa zabaldu behar da. «Behin, Hernioren muturrean Tolosaldeko lagun batek esan zidan: Hauxe duk Euskal Herria. Berehala pentsatu nuen niretzat Euskal Herria Bardeako txoko bat dela». Pasarte horrekin aditzera eman nahi du kultur errespetua funtsezkoa dela: «Asko kezkatzen nau gai horrek. Hona txistuarekin bazatoz eta ez baduzu bandurria onartzen, aurkako lurraldea da, baina arazoa zuk duzu. Ez etorri hona pagoak jartzera».

Ziordiaren arabera, «abertzale hereje» baten ikuspuntua da, baina errealitatea burugogorra da. Haren ustez, akatsa da espainiar edo frantziar nazionalismoen ikuspegi hertsiak kopiatzea. Horren ordez, lurralde desberdinen ezaugarri eta errealitateak onartu eta bere egin behar dira. Azken finean, Erribera ez da Goierri, baina hau ere bada Euskal Herria.

BERRIAn argitaratua (2017/07/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA