astekaria 2017/07/14
arrowItzuli

kultura

Madeleine aldiko behe erliebeak aurkitu dituzte Aitzbitarte IVn

Ainhoa Sarasola

Madeleine aldiko behe erliebeak aurkitu dituzte Aitzbitarte IVn

«Ezohikoa» eta «berebiziko garrantzia» duena. Halaxe definitu dute arduradunek Errenteriako (Gipuzkoa) Aitzbitarte IV leize zuloan egindako aurkikuntza. Izan ere, Paleolito garaiko hainbat grabatu aurkitu dituzte kobazuloan, eta horietako batzuk behe erliebeak dira, buztinean ondutakoak. Orain arte ez zen labar artearen halako adibiderik agertu Iberiar penintsulan, eta irudiok oso egoera onean daude, gainera. Madeleine aldikoak dira, duela 14.000 urte ingurukoak: gutxienez, hamabost animalia —bisonteak, zaldiak eta oreinak— eta bi bulba ageri dira hormetan irudikatuta. Aurkikuntzaren berri atzo eman zuten Gipuzkoako Kultura diputatu Denis Itxasok, Garazi Lopez Etxezarreta Errenteriako zinegotziak, Diego Garate arkeologoak, eta Javier Busselo, Sergio Laburu eta Ainara Rodriguezek, aurkikuntza egin duen Felix Ugarte espeleologia taldeko kideek.

Joan den apirilaren 6an sartu ziren IV. leize zulora Javier Busselo eta Sergio Laburu, «erdiko zatian dauden zenbait tximinia bertikal aztertzera». Hamar metro inguruko tarte bat igo zuten, eta ondoren, zortzi metro inguruko bi tutu erdi bertikaletan aurrera jarraitu zuten, Y formako espazio batera iritsi arte. Gunearen alboko adarretan daude irudiak.

Iristeko zaila den gunea da irudiak biltzen dituena, eta «izugarri hauskorra», adituen arabera: oso tamaina txikia du —aldi berean bi lagun baino sartzen ez diren katazuloa da—, eta buztinezkoa da zorua. Horrek, eta espazioaren tenperatura eta hezetasun baldintzak egonkorrak izateak egin du irudiok «ezohiko kontserbazio egoeran» egotea.

Hiru multzotan banatuta ageri dira figurak. Ezkerraldean, 40x40 cm besterik neurtzen ez duen tutu batean lau metro gora eginda, bisonte baten eta identifikatu gabeko beste animalia baten irudiak aurkitu dituzte. Madeleine Erdian eginak dira, eta Kantauri itsasoko ertzean inoiz ikusi gabeko teknika baten bitartez sortuak —Ariegeko (Frantzia) leizeetan agertutakoak izan litezke horien parekoak—. Bisontearen irudia bereziki nabarmendu dute adituek, «gutxitan ikusten den maisutasunez» egina dagoela ziurtatuta. Silexezko gubil baten bidez landu zuen irudia egileak, eta eskuak ere erabili zituen bolumena emateko, baita erliebezko planoak landu ere, gorputz adarren perspektiba nabarmentzeko.

Alboko pareta batean, beste figura multzo bat dago. Metro bateko bulba bat ageri da horman irudikatuta, tamaina txikiagoko beste bat aldamenean duela. Parean, berriz, tamaina handiko zaldi baten irudia dago, metro eta erdi ingurukoa, baita interpretatu gabeko beste hainbat lerro ere. Zorua, halaber, ukitu gabe agertu da.

Hirugarren irudi multzoa gunearen eskuineko aldean aurkitu dute. Beste katazulo bat dago han, buztinezko lurra ukitu gabe duena, eta haren egoera ez hondatzeko, oraindik ez esploratzea hobetsi dute. Hala ere, urrunera, hainbat irudi ikus daitezkeela azaldu dute: bisonte bat ageri da horma batean, beste figura bat sabaian, eta, bien artean, buztinean ondutako beste bisonte bat, aurreko zangoak tolestuta dituena.

Halako aurkikuntzak arkeologoen eta espeleologoen arteko elkarlanaren fruitu direla adierazi zuen Busselok. Lekua esploratzera joan zirenean, katazulo horrek arreta deitu ziela azaldu zuen, sonoritate berezia zuelako; gorantz egiten jarraitu, eta lehen irudiak aurkitu zituzten, eta jaistean beste hainbat. Sakelakoarekin hainbat argazki atera, eta Diego Garateri bidali zizkioten. Bi egunera, han zen arkeologoa, eta bere begiekin ikusi ahal izan zituen grabatuak. «Bidali zidatena hain zen ikusgarria, ni engainatu nahian zebiltzala pentsatu bainuen», azaldu zuen, barrez, Garatek. «Baina hura bertatik bertara ikusi nuenean, hitzik gabe geratu nintzen».

Haitzuloa itxi egin dute

Aiako Harria parke naturalaren barruan dago Aitzbitarteko kobazuloa, 30etik gora leize karstikok zulatutako magal batean. Paleolito garaitik bizi izan dira gizakiak kobazulo horietan, eta aspalditik ikertu dituzte adituek. Aitzbitarte IVn, esaterako, XIX. mendearen amaieran hasi zituzten arkeologia lanak, eta, gerora,ere maiz bisitatu dute ikerlariek, Joxe Migel Barandiaranek eta Jesus Altunak, besteak beste. Aurkikuntza berria egin duten adituak 2012an hurbildu ziren lehen aldiz hara, eta labar artearen lehen aztarnak topatu zituzten: orban gorri batzuk. Ordutik, altxor ugari atera dituzte argitara, tartean, Aitzbitarte V, III eta IX leizeetan agertutako grabatuak.

Halako aurkikuntzek indusketa lanekin aurrera jarraitzeko beharra berresten dutela esan zuen Itxasok. Oraingoz, leizea itxi egin dute, grabatuak ez kaltetzeko, eta adituak baino ezin izango dira hara sartu. Halere, ondarea babesteaz gain, ezagutzera ere eman nahi dute, eta, abuztutik aurrera, bisita gidatuak antolatuko dituzte.

BERRIAn argitaratua (2017/07/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA