astekaria 2015/11/22
arrowItzuli

iritzia

Ez naiz Beirut

Iñigo Aranbarri

Ez naiz Beirut Iñigo Aranbarri

Etxeraino heldu da oraingoan izua, logelan sartu eta ohean egin du habia betiko lokartu nahi duen gorputzaren barne-muinean. Piztu telebista eta itzali beharra. Irratian, musika nahi. Lagunak deia: bertan behera uztekotan dela Eurodisneyrako bidaia. Supermerkatuan elkarrizketa lehertu zait aldamenean, zertarako lan egin denok hilko bagara, alarma nuklearra ezarri dutela agintariek, bonba atomikoa botako dutela. Bota, nork? Moroek. Irratiak esan du.

Hori du Parisek. Eurodisney eta Eiffel dorrea; Louvre, Latin auzoa eta zubiak. Nola ez gaitu izuak gogortuko gu hil bagaituzte, berriro hilko bagaituzte ahal dutenean. Inoiz bertan izan gabe ere zoragarri ezagutzen dugu Paris. Hamaika margo, hamabi kantu, hamahiru film. Pertsona gisa hunkitu egiten banau euskaldun moduan gorroto dudan Marseillesak, nola ez naiz Paris izango!

Atentatuen bezperan 41 lagun hil zituen EIk Beiruten. Bost egunera, beste 32 Boko Haramek Nigerian. Ez konparatu, Parisen 130! Egia, kopurua. 224 pertsona zihoazen urriaren 31n Sinai gainean lehertarazi zuten hegazkinean. Baina noiz hartuko dut nik Xarm el-Xeik-San Petesburgo hegaldia?

Eta hor dago, hain zuzen ere, arazo honen azpilduretako bat, agian txepelena, edo berebizikoena menturaz; benetan garena, egunero landutako identitatea erdiz erdi jotzen duelako. Ezagutzen ez baditugu, nola izango gara haiek? Eta susmoa dut hori dela hain zuzen ere kulturaren funtzioetako bat. Presaka, apalategira jo dut. Zenbat lan ditut Libanoko idazleenak? Eta siriarrenak? Zapatako hondar aleak askora jota, dunetatik ibili ostean. Filmez edo musikaz, hobe isildu.

Ados. Huskeria dela absentzia hau daukagun arazoaren aurrean, baina niri, zer nahi duzue esatea, zer pentsa ematen dit gure humanismo neurrigabe mugatu honek, gure identitate zimurgaitzak, gure kultur politikaren ondorioak izu honen barne-muinean.

BERRIAn argitaratua (2015/11/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA